Arazoa goregi gertatzen denean

Suhiltzaileak ohituta daude leku garaietan lan egitera, baina metro batzuetatik gora zaildu egiten da lana. Eraikin altuetan suteak nola itzaltzen diren eta eraikinek zer segurtasun neurri dituzten argitu dute.

SUTEA BERMEON
Bermeon izandako sutea, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKIPRESS
nerea intxausti
2024ko otsailaren 2a
05:00
Entzun

Altuera handiko eraikinek abantaila bat badute, pertsona asko bizi baitaitezke lur eremu txiki batean; baina arreta berezia behar dute larrialdiei dagokienez. Suteak itzaltzea, esaterako, zaildu egiten da goiko aldean, eta biktima ugari izan daitezke, zaila baita halako eraikinak azkar ebakuatzea.

Suhiltzaileek egunero egiten diete aurre suteei, baina ohikoena da halakoak hogei metrotik behera piztea —bost solairu inguruko eraikinetan—, garaiera horretako etxebizitza eraikin gehiago baitaude herri eta hirietan. Baina zer gertatzen da sugarra suhiltzaileen eskailera iristen den lekutik gora pizten bada? Gipuzkoan, esaterako, erabilgarri dauden eskailera mekaniko gehienek 33 metro dituzte; 42 metroko bat dago Eibarren, eta beste bat Donostian. 

Borja Rodriguez Gipuzkoako Foru Aldundiko suhiltzaileen ofizialak dio ohikoa dela pentsatzea suteak kanpotik ala kamioietako eskaileretatik itzaltzen direla; aldiz, teknika hori gehiago erabiltzen da jendea erreskatatzeko. «Gehienetan, ura bota, sua baretu, eta, ondoren, barrutik ekiten diogu», azaldu du. Kontuan hartu behar da halako eraikinek kanpoaldetik irisgarriak ez diren espazioak ere badituztela.

Altuera handiak eta eraikinaren egiturak berak kontrolaezin bihur dezakete sute bat: korridore bertikaletan, tenperatura aldaketen ondorioz, tximiniak sortzen dira, eta, hala, sua hedatu egiten da. Horregatik, eraikinek suteen aurkako babes bereziak behar dituzte, diseinutik hasi eta babes sistemen instalazioraino. Neurri horiek suhiltzaileen lana erraztu ohi dute, eta, gehienetan, sua eraikin barrutik itzaltzen dute.

Rodriguezek dio haiek altuera handiko eraikintzat hartzen dituztela zazpi solairutik gorakoak, gutxi gorabehera 24 metro baino gehiagokoak. Juan Etxeberria arkitektoak eta Nafarroako Unibertsitateko instalazioetako irakasleak metro batzuk gorago jarri du langa: 30 metrotik gora, orduan izan baitaitezke ebakuaziorako arazoak, haren esanetan. 

Hargatik, garrantzitsua da eraikinak berak babes neurriak edukitzea. Bi araudi bete behar dituzte: batetik, Suteen Aurka Babesteko Instalazioen Araudiak zehazten du eraikinetako tresnak zeintzuk izan behar diren, eta nola egon behar duten kokatuta. Etxeberriak «instalazio aktiboak» deitzen dituztenak aipatu ditu. Gorriz margotuta egoten dira elementu horiek: su-itzalgailuak, eraikina goitik behera zeharkatzen duten tutu lehorrak, ur-harguneak… Rodriguezek gaineratu du oso garrantzitsua dela halakoak egoera onean egotea, suhiltzaileek larrialdietan erabiltzen dituzte eta. 

Bestetik, Eraikuntzaren Kode Teknikoak ezartzen du zer ezaugarri izan behar dituzten eraikinek. Suak izaten duen gorako efektuari aurre egiteko, garrantzitsua da etxebizitza goitik behera zeharkatuko duten babes neurriak izatea, arkitektoaren esanetan. Adibidez, 24 metrotik gorako etxebizitza blokeek tutu lehorrak behar dituzte. Kamioitik zuzenean ura indartsu bota, eta tutuetan zehar gora egiten du, nahi den solairuraino. 

Larrialdietako igogailu bat ere eduki behar dute 28 metrotik gorako eraikinek, eta baita suhiltzaileek «eskailera babestuak» deitzen dituztenak ere —ez dira egunerokoan erabiltzen—. Hala, sutea eraikinaren alde batean gertatzen bada, beti egongo da beste eskailera bat garbi bizilagunak ebakuatu ahal izateko. 

Eraikina zatika eraikitzea ere «funtsezkoa» dela gehitu du Etxeberriak. Sua oso azkar hedatzen denez, etxea konpartimentutan banatzen da, sutea piztuz gero zati bakarra erre dadin. Sektorizazioa deitzen diote, eta horretan laguntzen dute ihinztagailu automatikoek. Sabaian jartzen diren iturri txikiak dira, eta, kea sumatzean, ura botatzen dute automatikoki; ateak ere itxi ditzakete, eta, hala, sua ez da alderik alde hedatzen. Hego Euskal Herriko 80 metrotik gorako eraikinek beharrezkoak dituzte ihinztagailuak. 

Eraikitzeko materialak ere garrantzitsuak dira, batzuek ez baitute besteek bezain erraz su hartzen. Halere, materiala eraikina sortu zen urtearen araberakoa izango da askotan. Etxeberriaren arabera, suteen kontrako segurtasun arauak ezarri aurretik eraiki ziren eraikin altuak «airean» geratu dira, legeek ez baitute atzerako eraginik: «Batzuek irteera ala eskailera bakarra dute solairuko, edo ebakuatzeko neurri gutxi; gainera, zaila izaten da halakoak egokitzea». 

Rodriguez suhiltzaileen ofizialaren esanetan, jendeak sute bat denean hartzen duen jarrera izaten da kudeatzeko zailena; are gehiago eraikin altuetan, jende gehiago egon ohi baita. Suak kalte handiak eragiten dituela azaldu du, baina kaltegarriena kea izaten dela: «Keak gora egiten du une oro, eta jende gehiagori egiten dio kalte. Bizilagunek kea nabaritzen dutenean, etxeko atea ireki, ke handia dagoela ikusi, eta larritu egiten dira; etxera sartzen dira, baina atea itxi gabe. Hala, kea barrura sartzen da, eta segurua zen leku bat arriskutsu bilakatzen da». 

Urteberri eguneko sutea

Urtea hasi eta berehala, sua piztu zen Errenteriako Kaputxinoak auzoko etxe batean (Gipuzkoa). Hamasei solairuko etxebizitza blokea da, eta hamahirugarrenean piztu zen sua; beraz, Bidasoko suhiltzaileek eraikin altuetarako hartzen dituzten neurriak hartu behar izan zituzten. Borja Rodriguezek kontatu duenez, kamioiko eskailera iritsi zen altueratik gora ura botata baretu zuten sua orduko hartan, eta, ondoren, eraikin barrutik itzali zuten. Eskailera garbi edukitzea izan zen neurri garrantzitsuena, horri esker ebakuatu ahal izan baitzituzten bizilagunak, ofizialaren esanetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.