Frantziako Poliziak Oier Ardanaz Armendariz Iruñeko gaztea atxilotu zuen asteazken gauean, ETAko kide izatea egotzita. Berri agentziek zabaldu dutenaren arabera, auto bat lapurtu, eta bertan zihoala istripua izan zuen gazteak. Orduan atxiki zuen Poliziak, Perigueux ondoan. Beste kide bat ere bazen autoan, Poliziaren arabera, baina ihes egin zuen. Horren bila dabil orain Polizia.
Iturri horien arabera, poliziek erietxera eraman zuten atxilotua, eta, larri egon ez arren, han jarraitzen du. Ondorioz, Parisera uste baino beranduago eramango dute. Hala ere, atxilotze unetik 96 ordu igaro aurretik eraman behar dute, legez, epailearen aurrera, deklaratzera.
Iruñeko Txantrea auzokoa da Ardanaz, 23 urte ditu, eta 2008an Guardia Zibilak Segiren aurka egindako sarekadatik ihes egin zuen. Polizia iturrien arabera, armatuta zegoen atxilotu zutenean.
Konponbideari «muzin»
Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren ustez, atxiloketak agerian uzten du Espainiako eta Frantziako estatuek ez dutela errepresioa eten, eta gatazkaren konponbiderako pausoei «muzin» egiten dietela. Hortaz, halako atxiloketen aurka «harresia» sortzeko eskatu die euskal herritarrei.
Ardanaz ospitalean dago, Frantziako Poliziak atxilotuta
Poliziaren arabera, auto istripua izan ondoren atxilotu zuten, kide batekin zela; beste horren bila dabil Polizia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu