Nire gurasoek oinordetzarik gabe utz nazakete, baina nik haiek ez. Hori konpontzeko eskubidea eskatzen dut». Alberto Agirrebeitia Babestu Bizitza elkarteko buruaren adierazpena da, baina hamaika herritarrena izan zitekeen. Hiltzerakoan norberaren ondasunak nahi bezala banatzeko askatasun faltak legeen gaineko zalantzen kopuru handi bat hartzen du, eta adituak ere bete-betean daude eztabaida horretan murgilduta. Politikan eragin eta gaia Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan eztabaidatzea falta da, oraingoz.
«XIX. mendeko arau bat aplikatzen da XXI. mendeko gizarte batean», kritikatu du Pilar Zubiarrain abokatuak. Izan ere, askotarikoak dira oinordetzaren parte bat legeetan ageri bezala uztearekin konforme ez daudenen adibideak. Esaterako, seme-alabarik ez duten bikoteek gurasoei utzi behar diete ondasunen zati bat derrigorrez. Beste kasu bat: aita-amek harreman kaskarra edo batere erlaziorik ez dute seme-alabekin, baina gurasoen herentziaren parte bat dagokie. Horrela dio Espainiako Kode Zibilak, behinik behin. «1889ko legea da Kode Zibila, eta XXI. mendean gaude. XXI. mendean dibortzioak daude, jendea urte askoan bizi da eta jada herentziak sarri ez dira gaztetan jasotzen. Duela bi mendeko errealitatea eta egungoa ez da bera», azaldu du Zubiarrainek. Hain zuzen, senipartea izenekoa da egoera horien jatorria. Horren arabera, testamentugileak ezin du ondasunen zati bat askatasunez xedatu, lege aginduz oinordeko jakin batzuei dagokielako.
Gurasoekin harremanik eduki ez eta seme-alabarik ez duenaren adibidea da Agirrebeitiarena.Bermeon bizi da, 19 urterekin joan zen etxetik, eta ez du harremanik gurasoekin. Aita-amek herentziatik kendu dute, derrigorrez seme-alabei utzi beharreko zatia nahi bezala banatzeko aukera dutelako. Anai-arrebei eman zieten hari zegokion zatia. «Hori ez da arazoa, uste baitut norberak eskubide osoa izan behar duela bere ondasunak nahi duenari uzteko», esan du Agirrebeitiak: «Nik, ordea, ezin dut gauza bera egin. Ez nago ezkonduta, ez dut seme-alabarik, eta, beraz, hilko banintz, nire ondasunen zati bat nire gurasoei dagokie legez».
Gurasoek duten askatasun bera izatea aldarrikatzen du Agirrebeitiak, eta horretarako sortu zuten Babestu Bizitza. Baserritarren babeserako elkarte modura jaio zen, eta, eginiko bileretan sarri oinordetzaren inguruan arazo berak ateratzen zirenez, pentsatu zuten legean aldaketa bat egitea: «Oinordetza nahi bezala uzteko eskubidea izatea eta EAEn arlo horretan dauden arauak bateratzea eskatzen dugu».
Zubiarrain Enba Euskal Nekazarien Batasuna elkartean aritu zen lanean, eta Babestu Bizitzan jasotako kasuak landu ditu, abokatu den aldetik. Guztietatik bat nabarmendu du, legea aldatzea beharrezkoa dela defendatzeko: hain zuzen, guraso batek familiako enpresa bi seme-alabari utzi beharra. «Nahiz eta batek lantegiaren alde lan egin duen eta besteak ez duen enpresaz ezer jakin nahi, gurasoek biei utzi behar diete enpresa. Gainera, sarri gertatzen da lantegiaz ezer jakin nahi ez duenak bere zatia dirutan eskatzen duela; horrela hondoratzen dira familia enpresa gehienak». Legea aldatzeko eskaera abortuaren legearekin alderatzen du Zubiarrainek: «Legeak ez dio haurdunaldia derrigor eten behar duzunik, nahi izanez gero aukera hori duzula baizik». Bat dator Agirrebeitia: «Ondasun gehienak seme-alabei uzten dizkiete aita-amek, eta horrela egiten jarraituko dute, baina hainbat familia daude arrazoi ugari direla-eta seme-alabei ezer utzi nahi ez dietenak».
Zazpi herrialde eta sei lege
Bi eztabaida nahasten dira oinordetzaren inguruan: ondasun guztien gainean erabakitzeko gaitasun falta eta Euskal Herrian dauden lege ezberdintasunak. Ez baita gauza bera norberaren ondasunen gainean erabakitzea Baionan, Iruñean edo Aramaion (Araba). Ezta Bermeoko herrigunean (Bizkaia) edo herri bereko landa guneetan ere.
Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, Frantziako Kode Zibilak ezartzen ditu oinordetza emateko irizpideak. Nafarroan, herrialde horretako foru legeek zehazten dituzte ondasunak transmititzeko baldintzak. Araban, Aiaraldean berezko foru araua dute. Aiaran, Amurrion, Okondon eta Artziniegako Mendietan, Retes Tudelan, Soxogutin eta Santa Koloman du eragina, baina ez Artziniegako herribilduan bertan. Bizkaiak ere berezko araua du, soilik herri forudunak direnei eta Arabako Aramaio eta Laudio herriei eragiten diena. Gipuzkoan, lege espezializatu batek argitzen du baserriak nola eman behar diren. Gainerako lekuetan —alegia, Gipuzkoan, forurik ez duten Bizkaiko herrietan eta Araba osoan, Aiarako bailara, Aramaio eta Laudio alde batera utzita—, Espainiako Kode Zibilean ezarritakoa aplikatzen da. Bizkaian, Bilbo, Bermeo, Balmaseda, Durango, Ermua, Gernika-Lumo, Lanestosa, Markina, Ondarroa, Otxandio, Portugalete, Plentzia eta Urduña dira forurik ez duten herriak.
Legeak gehiago aldrebesten dira: Bilbo eta Urduña kenduta, aipatutako gainontzeko herribilduetan badituzte forudunak diren eremuak. Hortaz, herriko inguru batean edo bestean erroldatuta egoteak eragin zuzena du ondarea uzteko gaitasunean. «Horrek tranpak eragiten ditu; zilegi diren tranpak», adierazi du Leire Imaz EHUko Zuzenbideko irakasleak. Izan ere, bada jendea egoera horren jakitun erroldan bizilekua aldatzen duena.
Arau aniztasun horrek desorekak sortu ditu euskal herritarren eskubideen artean. Horrela, Espainiako Kode Zibilak ezartzen du ondasunen herenak utz daitezkeela nahi bezala eta gainontzekoak senideei utzi behar zaizkiela derrigor; bi heren, guztira. Seme-alabek dute lehentasuna gurasoen ondarea jasotzeko, eta bi heren horietatik bat zati berean dagokie anai-arreba guztiei. Bizkaiko foruak agintzen duen herrietan, ondarearen %80 utzi behar zaie nahi eta nahi ez senideei; edonola ere, senideren bat oinordetzatik baztertzeko eskubidea jasotzen du foru horrek.
Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, ondasunen erdiak utzi behar zaizkie gutxienez seme-alabei, bakarra izanez gero; bi seme-alaba izanez gero, ondarearen bi heren utzi behar zaizkie; eta hiru seme-alaba edo gehiago dituztenek jabetzen hiru laurden utzi behar dizkiete behinik behin. Nafarroan eta Aiaraldean, berriz, erabateko askatasuna dute ondare osoaren gainean. «Horregatik, aberats mordoa erroldatzen dira Nafarroan», Zubiarrainek dioenez.
Nolanahi ere, gerta liteke, eta gertatzen da, ondasunen ordez senideei zorrak uztea. Kasu horietan, eskubidea dute jaso beharrekoari uko egiteko. Inbentario onura deiturikoa egiten da aurrena: «Dirua jasotzen duzu zorra pagatu eta gero. Zorrak gehiago badira, uko egiteko aukera badago. Etxebizitza bat erosten duzunean, aseguru bat erostera behartzen zaituzte bankuek, eta seguru horrek ordainduko luke zorra», azaldu du Imazek. Oinordetzari uko egin dakioke, saldo positiboa badu ere. Zubiarrain: «Jaraunspenari uko egiteko eskubidea badago, baina soilik testamentugilea hildakoan, ez lehenago. Hori bai, jasotzeko legitimitatea duenak erabakitzen du bere zatiarekin zer egin. Ez badu zehazten, anai-arreben artean banatuko da».
Ohitura, jatorrian
Legeen aniztasunaren zergatiak eta jatorria azaldu dizkio BERRIAri Imazek. XIII.-XIV. mendera arte, ohiturek arautzen zuten oinordetza. Ez zegoen arau idatzirik. Ohitura horiek familiako kide bakar baten esku uzten zuten sendiaren baserria. Beste hainbat lekutan, Espainian eta Frantzian tartean, zuzenbide erromatarrak arautzen zuen oinordetza. Zuzenbide erromatarretik eratorritako arauen arabera —Gaztelakoak adibidez—, oraindik ere parte berberetan zatitzen dituzte ondasunak seme-alaben artean. Aldiz, Pirinioetako zuzenbidean —Euskal Herria barne hartzen duena— bakar baten esku uzten zuten baserria, hura zatitu gabe mantenduko zela bermatzeko.
«XIV. mendetik aurrera Gaztelako zuzenbidea Euskal Herriko hiribilduetan ezartzen hasi zirenez, landa eremuek erreakzionatu egin zuten, eta Batzar Nagusien bitartez foruak sortzen hasi ziren», azaldu du Imazek. Foru horietan idatziz ezarri zuten ordura arte ohitura zena. Lege testu ugari sortu ziren: Aiarako Forua, 1373koa; Bizkaikoa, 1452koa; Enkarterrietakoa, 1503koa; Durangokoa; Nafarroakoa, 1224koa; Baionakoa... Gipuzkoa izan zen forurik idatzi ez zuen herrialde bakarra, baina praktikarekin jarraitu zuen ordura arte bezala. Bizkaiko guztiak bateratu egin ziren 1526an, Foru Berrian. Iparraldean, 1789ko iraultzak ezabatu egin zituen foru guztiak, eta egun ez du inolako berezko araurik. Horregatik aplikatzen da Frantziako Kode Zibila hiru herrialdeetan.
Gaur egun, Nafarroak indarrean ditu 1973an berritutako foru arauak. Eusko Legebiltzarrak 1992an Foru Zuzenbide Zibilarekiko Legea sortu zuen. Bertan jasotzen dira Araban Aiarako bailarari eta Bizkaian hiribilduei ez beste herri guztiei eragiten dieten arauak.
Zuzenbide bateratu baten alde ari da lanean EHU —Imaz tartean—; eta Aiarako eredua zabaltzearen alde Babestu Bizitza elkartea. «Aiarako Forua ez genuke kenduko, ulertzen dugulako haiek dutela ondasunen gainean erabat erabakitzeko ahalmena izatearen berezitasuna», azaldu du Imazek; «Guk defendatzen dugu Eusko Legebiltzarrak eskumena duela erkidegorako zuzenbide bat egiteko, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritar guztientzat berbera izango dena eta egungo errealitateari erantzungo diona», esan du, berriz, Zubiarrainek. Areago: «Euskaldunok eduki behar dugu gure kode zibila, Espainiak berea noiz aldatu zain ez egoteko».
Aurreko legealdiaren amaieran, Eusko Legebiltzarrera ailegatu zen eztabaida; oinordetzaren gainean erabakitzeko ahalmena zabaltzea jasotzen zuen erreforma bat onartzekotan izan ziren 2008. urte amaieran; 2009. urteko martxoko hauteskundeek, ordea, legebiltzarra aldatu zuten, eta bertan behera geratu zen asmo hura. Legebiltzarrerako bozak udazkenean edo datorren urtean izan, eztabaida berriro parlamentura eramateko asmoa du Agirrebeitiak. Legea aldatzeko proposamen bat idatzia du EHUko Zuzenbide Zibileko Sailak, eta beste bat Zuzenbidearen Euskal Akademiak. Ados jartzea falta.
Oinordetza banatzeko askatasuna
Ardi beltza, oinordeko derrigor
Ondarea nahi bezala banatzeko askatasuna oso ezberdina dute herritarrek bizilekuaren arabera. Eskubideen oreka eta ondarea uzteko erabateko askatasuna eztabaidagai dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu