2009az geroz Ipar Euskal Herriaren gobernantzari buruzko gogoeta egiten dabil Hautetsien Kontseilua. Hausnarketa horren barnean, euskal lurralde elkargoaren hipotesia zehazki lantzen ari dira. Egituraketa proposamena udazkenerako adostuko dute, orduan direlako deszentralizazioari buruzko mintegiak eginen. «Euskal Herriaren xedea orduan entzunaraztea dugu helburu, eztabaida horietan Euskal Herriko egoera aipatua izan dadin», Jean-Jacques Lasserrek (1947, Bidaxune) azaldu duenez. Ondotik, Frantziako Gobernuak eginen duen deszentralizazio erreformaren barnean ere kokatu nahi dute Ipar Euskal Herriaren gobernantzaren gaia.
Euskal lurralde elkargoak izanen lituzkeen eskumenei buruzko proposamenak aurkeztuak izan dira Hautetsien Kontseiluaren biltzar nagusian. Nola iragan da bilera?
Asko gogoetatu dugu, eta zinez solasaldi biziak izan ditugu. Biltzarrean, hainbat iritzi azaldu dira eta seriostasun handiarekin eztabaidatu dugu gure artean.
Proposamenak onartu dituzue. Zer ateratzen da lantaldeen proposamenetarik?
Eskumenak aztertuak izan dira. Arloka aurkeztuak izan dira; tartean daude, besteak beste, garapen ekonomikoaren saila, euskararena, mugaz gaindiko harremanena, turismoarena, etxebizitzarena...
Baina zein heinetako eskumenak lirateke horiek?
Gaur egun, beste instituzio batzuen eskuetan diren eskumenak lurralde elkargoaren esku uztea aipatu da. Adibidez, hipotesien artean dago, departamenduaren eta eskualdearen eskumenak hartzea. Baina hori guztia lan hipotesi bat da. Aukerak seriostasun handiarekin jorratzea zen nire xedea, sentimenduez eta sakondu gabeko intentzioez harago joanez. Zein gai edota arlo behar genituzke gure eskuetan ukan, geroan oraindik azkarrago izateko? Galdera horren inguruan aritu gara.
Gogoeta hori onartu izana urrats garrantzitsua da?
Bai, noski; adostasun orokorra lortzeko bidean pauso garrantzitsua da. Dena dela, adostasun orokorrik gabe ezingo dugu aitzinera eraman gai hori. Hautetsien Kontseiluan adostasun orokorra eratzen ari gara.
Biltzar nagusia eztabaidatsua izan da. Zeri buruz izaten dituzue eztabaidak?
Asko hitz egin dugu egutegiaz. Bi hitzordu nagusi ditugu. Batetik, Deszentralizazioaren III. Aktaren proposamen bat aurkeztuko du gobernuak eta, bestetik, horri buruzko mintegiak izanen dira irailean eta urrian. Euskal Herriaren xedea orduan entzunaraztea dugu helburu, eztabaida horietan Euskal Herriko egoera aipatua izan dadin.
Euskal lurralde elkargoaren hipotesia aztertzen duzue zehazki. Aurka daudenak ere badira. Aurkako mugimendu hori gogorra da ala irekitasuna sendi duzue?
Argi da iritzi ezberdinak daudela, baina adostasun orokorrerantz aitzinatzen gara. Azkarki aitzinatzen gara, gainera. Euskal Herriko parlamentariak lurralde elkargoaren alde direla ikustea interesgarria da. Espero dut parlamentariok nazioan entzunak izanen garela.
Justuki, Euskal Herriko parlamentariek ardura handia duzue: Euskal Herritik luzatu eskaria Parisera eramatea.
Hori egiten nabil azken bi urteetan. Lehen pausoa nik egin nuen, Edouard Balladurrekin [lurralde berrantolaketaren erreforma zeraman batzordeko burua] hitzordua lortuz. Isilik eta pazientzia handiz ari naiz, pausoz pauso gauzatzen saiatzen naiz.
Marylise Lebranchu erreformaz arduratzen denarekin hitz egiteko ordua ere galdatu duzu.
Bai. Eraman dugun gogoeta Deszentralizazioaren III. Aktan sarraraztea dut xede.
Lurralde elkargoaren hipotesia lantzen ari zarete, baina Hautetsien Kontseiluak bere jarrera udazkenean argituko du...
Bai, hipotesi guztiak daude mahai gainean. Baina lurralde elkargoari buruz gogoetatzen gabiltza, Euskal Herriaren, bertako elkargoen eta tokiko eragileen boterea azkartzeko aukera bakarra delako. Ardura gehiago eskuratzeko bidea dugu. Orain arte elkarte moduan ginen, baina elkarte garenean ez dugu aurrekontuari dagokionez autonomiarik, ardurak mugatuak ditugu... Beraz, Euskal Herriaren garapenari pentsatuz dugu gogoeta hori egiten.
Frantziako Gobernuak zuen eskaera Deszentralizazioaren III. Aktan sartzea onartuko duela uste duzu?
Ageriko da... Dena dela, hori lortzeko, zinez konbentzigarriak eta borrokalariak izan beharko dugu. Elkartasun handia beharko dugu gure artean, ez delako erraza izango... Erraza izatea ezinezkoa da.
Jean Jacques Lasserre. Hautetsien Kontseiluko presidentea
«Ardura gehiago eskuratzeko bidea dugu lurralde elkargoa»
Euskal lurralde elkargoak izanen lituzkeen eskumenei buruzko gogoeta onartu dute hautetsiek aste honetan Hautetsien Kontseiluaren biltzar nagusian. «Adostasun orokorra lortzeko bidean pauso garrantzitsua» dela dio elkarte horretako presidenteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu