Ares: «Bilduren zerrendek legea betetzen duten Justiziak zainduko du»

Hauteskunde Batzorde Zentralean izena eman du EA, Alternatiba eta independenteen koalizioak

Erredakzioa
2011ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Bildu «legezko alderdiek osatutako koalizioa» dela onartu arren, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu Rodolfo Aresek adierazi du Hauteskunde Batzordeek, «eta azken buruan Justiziak», zainduko dituztela koalizio horretako zerrendetan «legearen eskakizun guztiak betetzen dituzten pertsonak» doazela. Radio Euskadiri emandako elkarrizketan egin zituen adierazpenok Aresek, atzo, Bildu koalizioak Madrilgo Hauteskunde Batzorde Zentralean izena eman zuen egun berean.

Bilduren aurka Herrizaingo sailburua baino argiago mintzatu zen, berriz, Miguel Sanz, Nafarroako lehendakaria. Haren ustez, EA «behaketa prozesu baten barnean» baldin badago, «zer edo zergatik izango da». «Lupapean» egote hutsa «kezkagarria» dela ere esan zuen Sanzek.

Rubalcabaren «lupa»

Bilduren zerrenden gainean Espainiako lehendakariorde eta Barne ministro Alfredo Perez Rubalcabak egin dituen adierazpenei erantzunez, Jone Goirizelaia ezker abertzaleko kideak iritzi zion Rubalcaba «jarrera hartzen» hasi dela, eta «inortxok eskatu gabe, iragarri du luparekin begiratuko dituztela Bilduren hauteskunde zerrendak». Rubalcabak erabilitako esapidearen harira, Goirizelaiak esan zuen Espainiako Gobernuak «oso lupa handia» beharko duela zerrenda horiei begiratzeko. Dena den, egungo hauteskunde legea eskuartean, «aukera guztiak» irekita daudela ere adierazi zuen abokatuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.