Aresek Lamarcari erantzun dio ertzainek egoki jardun zutela Kukutza hustean

Arartekoaren txostena «bidegabetzat» jo du Herrizaingo Sailak; arrazoia eman duela uste du, aldiz, Bilduk

Erredakzioa
Bilbo
2012ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saila harrituta agertu da Iñigo Lamarca EAE Euskal Autonomia Erkidegoko arartekoak herenegun aurkeztutako txostenarekin. Ertzaintzak Kukutza husterakoan eta hurrengo egunetako mobilizazioetan erabili zuen indarkeria ez duela behar bezala arrazoitu adierazi zuen arartekoak. Txostena «bidegabea eta zehaztasun gabea» dela uste du Herrizaingo Sailak, ordea.

«Ertzaintzaren irudia eta eginkizun profesionalaren izen ona zikindu nahi dutenek» txostena erabil dezaketela eta, kezka agertu du Aresek. Bilboko Errekalde auzoko gaztetxea husteko Ertzaintzaren esku hartzea «kongruentzia, aukera eta proportzionaltasun printzipioen araberakoa» izan zela berretsi du Herrizaingo Sailak ohar baten bidez. Lamarcari eskatutako informazio guztia igorri diola ere esan du.

Herrizaingo Sailak uste du arartekoak ez duela aintzat hartu «zenbait sektorek Kukutza hustu izana argi eta garbi aitzakia gisa erabili zutela Ertzaintzaren irudiari eta prestigioari eraso egiteko». Istiluak «pertsona iskanbilatsuek» eta «atxiloketa aurrekariak» zituztenek eragin zituztela zehaztu du Aresen sailak.

«Arrazoia eman digu»

Guztiz bestela hartu dute Arartekoaren txostena Bilduk eta Aralarrek. «Arrazoia eman digu», esan zuten atzo Bilduren Bilboko zinegotziek. Salaketak «arrazoituak eta justifikatuak» zirela eta ertzainek gomazko pilotak «distantzia txikira» jaurti zituztela adierazi dute, eta Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuaren dimisioa eskatu dute berriro. Ertzaintzak, ez soilik Kukutza husten, baizik eta «azkeneko urteotan» ere Bilbon izan duen portaera salatu dute. «Ez dira gertakari bakanak».

Aralarreko legebiltzarkide Dani Maeztuk salatu du Aresek ez dituela gertaera guztiak argitu. Ertzaintzaren jokabidea «proportzionatua» izan zen berriz galdetuko dio Aresi. «Batzorde independente» bat sortzeko ere eskatuko du, Poliziaren jardueren gaineko herritarren salaketei bide emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.