ARGINDAR SAREA

2014ko abenduaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Espainiako Industria Ministerioak zenbait egitasmo mota sartu ditu 2015-2020rako plangintzan: aurreko planean zeudenak, baina amaitu gabekoak; aurreko planetik egin gabekoak; baita linea berriak ere. Honako hauek diraHego Euskal Herriko nagusiak.

400 kilowatteko egitasmoak

Muru Artederreta/Castejon lineatik Ezkio-Itsasora. Industria Ministerioak lehentasunezkotzat jo du Nafarroa eta EAE arteko lotura «sendotzea». Horretarako, guztira 254 kilometro kableko sarea aurreikusi du —bi linea orotara—, 84,2 milioi euroko aurrekontuarekin. Ministerioaren arabera, urtero 22,12 milioi euroren irabazi sozioekonomikoak emango ditu.

Abanto/Gueñes lineatik Ezkio-Itsasora. «Estrategikotzat» jo du ministerioak Gipuzkoatik Bizkaira arteko linea, bai «iparraldeko ardatza» osatzeko, bai Frantziarekin «energia trukaketak areagotzeko» ere. 400 kilowatteko bi linea aurreikusi ditu —144 kilometrokoak orotara—, 47,6 milioi euroko aurrekontuarekin. Egitasmo hori 2008-2016 artean egitekoa bazen ere, oraindik ez dituzte lanak hasi.

Abantotik Gueñesera. Industria Ministerioaren aurreko sarearen diseinuan bazegoen ere, oraindik ez dituzte lanak bukatu. 400 kilowatteko bi linea dira, guztira 25 kilometrokoak, eta «iparraldeko ardatza» lotzeko balio dute.

320 kilowatteko egitasmoak

Gatikatik Frantziara. Espainiako Industria Ministerioak itsas hondotik 115 kilometroko kablea botatzea aurreikusi du Frantziarekin energia trukatzea errazteko.

220 kilowatteko egitasmoak

Industria Ministerioak ez du 220 kilowatteko linea berririk aurreikusi. Ordea, gaur egun dauden hainbat azpiegiturari «potentzia itzultzeko» lanak egin nahi ditu: kablea tenkatu eta abar.

Orkoienetik Ezkio-Itsasora arte. Nafarroa-Gipuzkoa lotura indartze aldera, 1960-70eko azpiegiturari—220 kilowatteko bi linea— potentzia itzuli nahi diote.

Larrazubitik Garoñara. Lantarongo udalerria (Araba) zentral nuklearrarekin lotzeko linea berritu nahi dute, potentzia mantenduz.

Tuteratik Orkoienera. Nafarroako hegoaldetik Iruñeko azpiestaziora arteko 220 kilowatteko lineei potentzia itzultzeko lanak aurreikusi ditu Industria Ministerioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.