Barakaldoko Argitan emakumeendako aholku etxeak salatu du udalak bestetako puntu moretik kanpo utzi duela, eta puntu horren kudeaketa bertze enpresa baten esku utzi, zeinak ez duen «errotzerik, tokiko esperientziarik eta ibilbide feministarik».
Ohar bidez egin dituzte adierazpenak, eta erran aurten ere beren proiektua aurkeztu diotela udalari, eta erakundeak kudeaketatik kanpo utzi dituela, «azalpenik gabe». «Ekintza honek ez du soilik gardentasun instituzionala urratzen, erakusten du berdintasunaren arloan erakundeek gabeziak dituztela, benetako sentsibilitate feminista falta zaiela eta feminismoa marketin tresna gisa soilik erabiltzen dutela». Are, eremu feministen pribatizazioa eta despolitizazioa kritikatu dute, baita feminismoaren instrumentalizazioa ere.
Halere, adierazi dute erabaki horrek ez dituela geldituko eta txosnaguneko txoko batean egonen direla Matxismorik gabe, hobeto dantzatzen da! Erasorik gabeko jaiak! lelopean.
Hamalau urteko ibilbidea
Gune Morea Ekin elkarteak hartuko du aurtengo karmenetan Barakaldon paratuko duten puntu morearen ardura. Janire Gil elkartearen bozeramaileak BERRIAri azaldu dionez, hamalau urteko ibilbidea dute feminismoaren inguruko sentsibilizazioan, eta kideek formakuntza jaso dute bai integrazio sozialean bai parekidetasunean. Horretaz gain, jakinarazi dute urteotan berdintasunarekin lotutako sentsibilizazio jarduerak egin izan dituztela beste herri askotan: esate baterako, Bizkaiko hainbat eskualdetan —Ezkerraldean, Arratian, Hego Uriben— eta Arabako herri batzuetan —Amurrion eta Laudion—.