Gaur bukatuko da Euskaraldia. Laugarrena. Udaberrian egin den lehena. Aurreneko hitza beti euskaraz esateko eta ahal den elkarrizketa guztietan euskarari eusteko asmoa azaldu dute milaka pertsonak ahobizi rola hartuta; entzule rola hartzeko prest daudela adierazi dute beste askok: belarriprest izan dira horiek. Ariketaren hasieran, hilaren 15ean, antolatzaileek nabarmendu zuten beste inon ez dela egiten hizkuntza ohiturak aldatzeko hainbesteko ariketa masiborik. Ordutik, ehunka ekitaldi egin dira Euskal Herri osoan ariketa hauspotzeko eta parte hartzen ari direnek babesa eta kidetasuna sentitzeko.
Instituzio askok ere egin dituzte egitasmoaren aldeko keinuak. Hain justu ere, egitasmoak sortzetik du babes instituzionala ere: Taupa mugimenduaren kudeaketapean, hauek osatzen dute Euskaraldiaren koordinazio mahaia: Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Nafarroako Euskarabideak, eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak eta Euskal Elkargoak.
Txapak soinean eramateko azkeneko eguna da gaur. Eta 11 egunotako ahaleginetan zer ikasi den aztertzen hastekoa ere bai. Izan ere, Euskaraldiak funtzionatu egiten du, eraginkorra da hizkuntza ohiturak aldatzeko, baina, hor aurrerabideak egite aldera, parte hartzaile guztiek hausnartu beharko dute egunotan egin dituzten aldaketez, eta horiek egunerokora eramateko egin beharko dituzten pausoez.
Oihana Azkorbebeita Urizar mendi lasterkaria, Eneko Atxa Azurmendi sukaldaria, Eneko Garcia Jaurena Albina Stardust trabestia eta Ana Goitia Erkiaga telebista aurkezlea Euskaraldiak aldi honetarako aurkeztu duen hamaikakoko kideak dira. Pertsona ezagunak batzen dituzte beti talde horretan, «erreferenteak». Egitasmoa hauspotzeko eta haren inguruan konpromisoak hartzeko prest azaltzen dira guztiak ere. Ariketaren bukaeran, zer egin duten azaldu nahi izan dute laurek, eta orain egindako horren arrastoa zertan igarri nahi duten hemendik aurrera, eguneroko martxan.
«Hanka sartzen dugu askotan, eta, aurrekoak duen itxuraren arabera, gaztelaniaz egin»

Oihana Azkorbebeitia Urizar mendi lasterkariak (Abadiño, Bizkaia, 1981) adierazi du ez duela propio helbururik ezarri Euskaraldi honetarako. Euskaraz bizitzen ahalegintzen da beti, urteko 365 egunetan, eta guztiz txertatuta ditu hainbat ohitura. Argi du zein den horietan lehena: «Lehen berba beti-beti-beti euskaraz». Uste du hautu horrek berebiziko garrantzia duela, bereziki gazteei begira, gehienek baitakite euskaraz, eta iruditzen zaio erabiltzeko aukerak eman behar zaizkiela orain, benetakoak. Ahal den guztietan euskarazko elkarrizketei eusten ere ahalegintzen da, eta, horregatik, harro eta eroso eraman du soinean ahobizi txapa.
Ingurune nahiko euskaldunean egiten du eguneroko martxa Azkorbebeitiak, eta esan du egitasmoarekiko atxikimendua igarri duela egunotan: «Urtetik urtera harrera politagoa du Euskaraldiak». Lehen berba beti euskaraz egitearen garrantzia nabarmendu du. «Ezusteak hartzen dira». Albaitaria da ofizioz, eta jende askorekin izaten du harremana laneko jardunean. Jatorri askotako jendea izaten da tartean, eta, adierazi duenez, euskarak leundu eta erraztu egiten du askotan elkarren berri izateko bidea. Txinatik heldutako familia bateko gazteekin ehundutako harremana du gogoan, adibidez: euskara hutsean izan da. Argi du lehen berba gaztelaniaz egin izan balie seguruenera ez zuela inoiz jakingo euskaraz zekitenik ere.
Dendetan eta halakoetan ere askotan gertatu zaio. Atzerrian sortutakoek eta haien ondorengoek, lehen hitza euskaraz entzun, eta artaz erantzun diote: «Euskara jatorrean, gainera». Argi du zer lezio atera behar den hortik. «Hanka sartzen dugu askotan, eta, aurrekoak duen itxuraren arabera, gaztelaniaz egin».
Euskaraz ulertzen duten horiekin beti euskaraz egiten du. Horra beste urrezko arau bat Azkorbebeitiaren hizkuntza ohituretan: «Baldin badakit zu euskalduna zarela, ez dizut sekula erdaraz egingo». Irmo saiatzen da horretan. Euskaldun askok, tematuta, gaztelaniaz jardun izan dute harekin hainbatetan, baina euskaraz mintzatzen zaie berdin-berdin. Euskaraz justu moldatzen direnenekin ere euskaraz egiten ahalegintzen da ahal duen guztietan, eta hitz egiteko modua egokitzen: «Euskara batu garbian eginda, adibidez, edota astiro-astiro hitz eginda».
«Irabazitako ohitura eta ariketa positiboei eutsi egin behar zaie»

Sukaldari ezaguna da Eneko Atxa Azurmendi (Zornotza, Bizkaia, 1977), eta mundu zabalera begira ari da. 2005ean ireki zuen Azurmendi jatetxea, eta bi urteren buruan lortu zuen lehen Michelin izarra. Hiru ditu gaur. Euskarak berebiziko garrantzia du harentzat. «Euskara natural-natural erabiltzen dut eguneroko bizitzan, familia eta lagunartean... Euskaraz bizi, sentitu eta amesten dut». Horiek horrela, gogotsu murgildu da bera ere aurtengo Euskaraldian, eta harro hartu du hamaikakoko kide izateko eginkizuna.
Euskaraldia, euskararen erabilera sustatzeko ariketa gisara, tresna ahaltsua dela uste du Atxak, eta hazten lagundu diola oraingo honetan ere. «Nire bizitzako esparru guztietan zabaldu gura dut Euskaraldia, gure altxorra den hori, euskara, zabaldu eta gozatu nahian». Bide horretan, argi du euskaldunek zer egin behar duten: «Zoriontsu eta harrotasunez erabili». Ez dakitenengana begirako helburua zein den ere badaki: «Desiotzat har dezatela euskaraz bizitzeko posibilitate zoragarria». Lagundu egin behar zaie bidean. Atxaren ustez, «jolas eder gisa» aurkeztu behar zaie euskara ikasteko prozesua, eta keinu txikiak ere goretsi: «Egunean hiru berba ikasi eta erabiliz gero, urte bukaerarako mila berba baino gehiago jakingo dituzte».
Horiek hala, nabarmendu du gerora ere sakondu behar dela egunotan egindako aurrerabideetan: «Euskaraldian irabazitako ohiturei eta ariketa positiboei eutsi egin behar zaie, eta erronkak sortzen jarraitu behar dugu gure egunerokoan».
«Ez badute onartzen nik euskaraz egitea, ez ditut nahi jarraitzailetzat»

Telebistan aurpegi ezaguna da Ana Goitia Erkiaga (Lekeitio, Bizkaia, 1981). Aurkezlea da, eta bakarrizketak ere egiten ditu; beraz, hizkuntza du lan tresnetako bat, eta Euskaraldian ahobizi izan da: «Euskaraz egiten dut egunero, nire ama hizkuntza da, eta, gainera, hitz egitea asko gustatzen zaidanez...»
Euskaraldiaren lau aldietan eman du izena, baina aitortu du aurtengoa berezia izan dela: «Ohore bat izan da hamaikakoaren parte izatea, eta hori oso serio eraman dut enbaxadore moduan».
Bere buruari zera jarri zion erronkatzat: sare sozialetan ere «lehen berba euskaraz» egitea. Ikusi du hizkuntza aldaketak izan duela eraginik: «Konturatu naiz euskaraz idatzi dudanean iruzkinak ere lehen baino askoz gehiago izan direla euskaraz». Halere, zenbaiten artean «euskarafobia» sumatu du, jarraitzaile batzuk galdu baititu: «Niri jarraitzeari utzi diotenak berdin zaizkit. Azken finean, hizkuntza guztiak baloratzen dituen jendea nahi dut nik, eta batzuek ez badute onartzen nik euskaraz egitea, ez ditut nahi jarraitzaile moduan». Sare sozialetan lehen hitza euskaraz egin asmo du aurrerantzean ere: «Dudarik gabe, horrela jarraituko dut; erronka horri heldu diot, eta ohitura hori behin betiko izatea nahi dut».
Birtualki ez ezik, Goitiak aurrez aurre ere nabaritu du Euskaraldiaren eragina, Euskaraldiko lehen bost egunak atzerrian pasatu baditu ere, Kanaria uharteetan: «Han ere jarri dut txapa. Euskaldunek identifikatzen ninduten, eta igual niri erdaraz egin didate, baina nik haiei euskaraz. Esaten zidaten: ‘Hitz egin iezadazu euskaraz, ulertzen dut eta’». Euskal Herrian bertan ere, zenbait hizkuntza joera aldatzeko probestu du. Esaterako, Bilbora-edo joandakoan, gaztelerara jo ohi zuen, baina euskaraz egin du egunotan.
Gainera, jabetu da bakarrizketetan erdarakadak erabili ohi dituela, «Lekeition horrela egiten da eta»: «Baina, beharbada, gauza batzuk ez ditut zertan esan, eta ahalegindu naiz horiek aldatzen ere». Finean, Goitiarentzat tresna baliagarria izan da Euskaraldia: «Nik, behintzat, klik handia egin dut buruan».
«Zail samarra izan da, baina egon dira momentu guaiak ere»

Euskaraldiko 11 egunetan eta hamar gauetan ahobizi aritu da Eneko Garcia Albina Stardust drag artista (Burlata, Nafarroa, 1997). «Konpromiso maila hori hartu nahi nuen».
Konpromisoari eutsi, eta erronka bat jarri zion bere buruari: aisialdian euskara gehiago erabiltzea. Kontua da egunotan bere «betiko lekuetan» ibili dela, eta, hortaz, aurrez ere bazekiela non egin zezakeen euskaraz eta non ez. «Orduan, zail samarra izan da, baina egon dira momentu guaiak ere». Gogoan du, esaterako, bankura joan zela eta hango langilea euskaraz ikasten ari zela. «Saiatu nintzen, eta polita izan zen».
Lagunartean ere aparteko ahalegina egin du euskaraz jarduteko: «Lagunekin saiatu naiz, baina egia da pertsona batekin gazteleraz hitz egiteko ohitura baduzu zaila dela guztiz aldatzea». Horregatik, euskañolez egin du zenbaitekin: «Saiatu gara, eta egoera batzuetan euskañolez hitz egin dugu, batzuekin gehiago eta beste batzuekin gutxiago. Taldean geundenean ere ikusi dut gutxi batzuek esfortzua egin dugula euskaraz aritzeko; beste batzuek, paso egin dute zuzenean».
Hain zuzen, nabaritu du «jende asko» ez dela animatu Euskaraldian parte hartzera. Bereziki, gazteen artean: «Ikusi dut jende gazteak zero konpromiso izan duela, eta zero interes». Horregatik, uste du lanketa sendoagoa egin beharko litzatekeela eskoletan-eta: «Ikastetxeetatik oraindik eta gehiago egin behar dute, nerabeek parte hartzeko-edo».
Berari dagokionez, Euskaraldiko martxan jarraitzeko asmoa du: aurrerantzean ere, lehen hitza euskaraz egingo du aisialdian: «Errazena izango da beti ‘kaixo’ esatea tabernetan, eta beti saiatzea euskaraz eskatzen, zeren posible da uste baino gehiagotan erantzutea».