Urteko txostenean, euskal hiztunek arloz arlo dituzten zailtasunak nabarmendu ditu Behatokiak. Hona hemen, arloz arlo, horietako batzuen berri:
Osasun arloa
Pediatra euskaldunik ez. Euskal Herri osoan azaldu da kexa hori. Duela hamar urte arazo bera zegoela ohartarazi dute, eta administrazioak «ezer gutxi» egin duela hori konpontzeko.
Lan tresnak. Mediku eta erizain euskaldunek beren lan tresna gehienak euskaraz ez egotea deitoratu dute.
Berezko hizkuntza, ukatuta. Ipar Euskal Herrian, euskarrietako hizkuntza eta eriekin erabiltzen dena frantsesa da nagusiki. Gainera, beste hizkuntzak aintzat hartzen diren kasuetan, maizago azaltzen da gaztelania, berezkoa den euskara baino.
Herrizaingoa eta segurtasuna
Isunak eta arreta. Aurreko urteetan bezala, isunak gaztelania nahiz frantses hutsean jarri izana salatu dute askok. Kexetan azaltzen denez, poliziek ere ez dute «ahalegin berezirik» egiten euskarazko zerbitzua emateko.
Justizia
Eragina erabakietan. Euskaraz aurkeztutako agiri asko atzera bota dituzte, eta ahoz eta idatziz erdarak nagusi direla jakinarazi dute euskal hiztunek. Alta, epaitegi batean esaten dena esateko moduak epailearen erabakia baldintzatzen duela ohartarazi du Behatokiak, eta euskaraz jardun nahi izateak «segurtasunik eza ekar dezakeela».
Hezkuntza
Haur eskolak. Iruñean euskarazko haur eskola gehiago jartzeko eskariak eta orain arte udalak izandako «politika ukatzailea» nabarmendu du Behatokiak.
Euskara zokoratzeko arriskuan. Frantziako Hezkuntza Erreformaren ondorioz, arriskua dago Ipar Euskal Herrian euskara irakasgaiari dagokion ordu kopurua murrizteko. Bestalde, baxoa euskaraz egin ezinean jarraitzen dute.
Ikasketetan gora, euskaran ez. Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban ikasketa mailan gora egin ahala euskara gutxitzen dela salatu dute, goi mailako ikasketa askotan euskarak pisu sinbolikoa izateraino.
Administrazio jarduerak
30 urte borroka berean. Administrazio zerbitzu orokorretan euskararen erabilera normalizatzeko lehen plana abiatu zenetik hiru hamarkada pasatu arren, tramiteak, langileekiko harremana, dokumentu ofizialak, informazio kanpainetako eskuorriak eta abar erdara hutsean egin eta jaso beharra deitoratu dute herritarrek.
Kultura, aisialdia, kirola
Desoreka. Askotan euskara aisialdian apaingarria baino ez dela ohartarazi du Behatokiak, eta zenbaitetan hori ere ez dela. Euskarazko eskaintzak egon badauden arren, eskolaz kanpoko jarduera ugaritan euskaraz komunikatzeko zailtasuna agertu dute herritarrek; gauza bera helduen aisialdian ere.
Lan mundua
Euskara normalizatzeko gako. Behatokiaren ustez, euskara ez da normalizatuko lan mundua euskalduntzen ez den bitartean. Enpresa batzuetan euskara planak abiatu arren maiz eskolak euskaldundutakoa lanak erdalduntzen duela ohartarazi dute.
Kontsumoa eta zerbitzuak
Zigorrik ez. Ez Nafarroan, ez Ipar Euskal Herrian ez dago inongo legerik euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatuko dituenik. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bada dekretu bat, baina, herritarrek adierazi dutenez, dekretu horretan aipatzen diren neurriak bete ezean, enpresek ez dute zigorrik jasotzen. Kasu horretan, «legeak lege izan beharrean gomendio hutsak» direla dio Behatokiak.
ARLOAK
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu