Arma trafikoa

Arma trafikoa eten dute Bilboko Portuan, "presio sozialaren eraginez"

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak jakinarazi dutenez, badira hiru hilabete Saudi Arabiara hilabetero irte ohi zen arma bidalketa egiten ez dela. Azaldu dute, bidalketa horiek Santanderreko portutik egiten direla orain, protesten ondorioz.

Mugimndu feministak iazko abenduaren 16an Bilboko Portura egin zuen martxa, arma trafikoren kontra. MARISOL RAMIREZ, FOKU
2018ko ekainaren 5a
20:34
Entzun

Bilboko Portutik ez da arma biltegirik irten azken hiru hilabeteotan, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak adierazi duenez. Aldaketa sumatu du elkarteak, orain arte portuan izan den jarduerarekiko. Izan ere, "ia hilabetero" Saudi Arabiako Bahri ontzi-enpresaren ontziak hartu ditu Bilboko Portuak, haietan armak kargatzeko. Azken hiru hilabeteetan baina, plataformak jarraipena egin dien ontziek ez dute Bilbora jo. Adierazi dutenez, Santanderko portuan (Kantabria, Espainia) kargatzen dituzte orain Saudi Arabiara eramateko armak.

Ongi Etorri Errefuxiatuak nabarmendu du "presio sozialaren eraginez" behartu dutela konpainia saudia Bilboko portua bere ibilbidetik baztertzera. Plataformak gaineratu du "zeharkako iturrietatik" jakin dutenez, erabakia "arindua" izan da Bilboko Portuko arduradunentzako ere.

Elkartea iaz hasi zen Bahri enpresako barkuei segimendua egiten. Bildu dituzte datuen arabera, azken 16 hilabeteetan 455 edukiontzi bete arma kargatu ditu konpainiak. Arma trafikoa oharkabean pasa da, harik eta, iazko martxoaren 13an, Ignacio Robles suhiltzaileak armak kargatzeko lanetan parte hartzeari uko egin zion arte. Eztabaida areagotu zuen horrek gizartean.

Ordutik, hainbat izan dira arma trafikoaren kontrako prostestak Bilboko portuan. Besteak beste, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak, mugimendu feministak eta Greenpeace erakunde ekologistak egin dituzte protestak. Azken horrek egindakoa ikusgarria izan zen; ekintzaileak zintzilikatu ziren Bahri enpresaren ontzitik.

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformaren esanetan, otsailaren 16an irten zen azken arma kagamentua Bilboko portutik Saudi Arabiara —25 edukiontzi—. Plataformak "adi" jarraituko duela ohartarazi du, eta gaineratu du helburua Europa mailako mugimendua eratzea dela, "negozio mota hau kanporatzeko".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.