Eusko Jaurlaritza bide lasterretik eramaten ari da Armentia-2 gasa erauzteko egitasmo berria. Hasieran, ez zegoen egitasmo ezagunik, eta, hilabete gutxian, bost kilometro inguruko putzu bat egiteko lanak lizitatu dituzte: zehatzago esanda, 164 egunez gasa erauziko duen 4.993 eta 5.540 metro arteko ikerketa zundaketa bat. Zenbait izapide falta dira lan horiek hasi ahal izateko. Ordea, Eusko Jaurlaritzari kritikatu diote epeak laburtu nahi izatea.
Duela hiru hilabete ezagutarazi zen putzuaren egitasmoa. Orduan, Espainiako Ingurumen Ministerioa zuzendu zitzaion Arabako Foru Aldundiari, Armentia-2 putzuaren ingurumen eraginari buruzko txostena egiteko irizpideak eskatzeko. «Baimena hastapenetan baino ez dago; informazioa biltzeko fasean baino ez daude», jakinarazi zuen orduan aldundiak. Hiru hilabete geroago, SHESA Euskadiko hidrokarburoen sozietate publikoak Armentia-2 putzua zulatzeko lanen eskaintza argitaratu du EAEko aldizkari ofizialean. 27 milioi euroan eskaini ditu lanak.
SHESAk sustatuko du putzua, eta teknika «konbentzionalak» erabiliko ditu; hots, ez du erabiliko haustura hidraulikoa. Subilla Gasteiz ondoan egin asmo du SHESAk zundaketa, azken urtetan haustura hidraulikoa baliatu nahi izan duen lekuan. Duela hogei urte ohiko teknikak baliatuta egindako zundaketa batetik gertu egingo dute, Armentia-1 eremutik hurbil. Gasa ustiatzeko egitasmo hori bertan behera utzi zuten, bideragarritasun faltagatik.
Zundaketa Gasteiz erdian
Berriztu mugimenduak Eusko Jaurlaritzaren premia irudikatu zuen atzo. Gasa erauzteko dorre bat jarri zuen Gasteizko erdigunean, Plaza Berrian, egun batetik bestera emandako baimen bati esker. «Txantxa gisa aurkeztu dugu egoera, baina ez dago errealitatetik urrun; aurre egiten ez badiogu, udaberri aldera Subilla Gasteizen lanak has daitezke», ohartarazi zuten.
Berriztuk gogora ekarri du proiektuaren ingurumen eraginari buruzko txostena onartzeko bidea sinplifikatu egin dutela, denbora aurrezteko. Txosten arrunta ez, sinplifikatua egingo dute, eta, horrela, parte hartze publikoa mugatu. Halaber, mugimenduak gogora ekarri du Arabako Foru Aldundiko zein Gasteizko Udaleko teknikariek arazoak jarri dizkiotela Espainiako Ingurumen Ministerioak bidalitako txostenaren zirriborroari. Besteak beste, proiektuaren justifikazioan sakontzeko eskatu diote: ikerketaren emaitzak ontzat jotzeko irizpideetan, besteak beste. Horrez gain, zenbait baieztapen ezbaian jarri dituzte, tokiko gasa erauzteak klima aldaketa borrokatzeko onuragarria dela, kasurako.
Berriztuk iragarri du egitasmoari aurre egiteko lan egiten jarraituko duela. Besteak beste, elkarretaratze bat egingo du urtarrilaren 21ean, Andre Maria Zuriaren plazan, 12:00etan. «Ohartu behar dugu planeta mugatu batean ezin ditugula etengabe ustiatu baliabide naturalak», hausnartu zuten mugimenduko kideek.
Armentia-2, bide lasterretik
Berriztu mugimenduak ingurumen eraginari buruzko txostenaren irizpidea lausotu izana leporatu dio Eusko Jaurlaritzari. Elkarretaratze bat egingo dute zundaketaren aurka Gasteizen, urtarrilaren 21ean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu