Idatziz jasotako galdetegi luzeari erantzunda, Otegik beharrezkotzat jo du burujabetzaren bidea indartzea, eta horren baitan kokatzea gatazkaren ondorioei konponbidea emateko agenda. Apustu horretan, beraz, ezker abertzaleak historikoki bilatu izan duen “negoziazioaren eskema klasikoa” atzean uztearen alde agertu da Otegi. Izan ere, ez du borondaterik ikusten Espainiako Estatuaren aldetik gatazkaren konponbidean inplikatzeko, eta, ildo horretan, ondorioen agenda “denbora irabazteko” erabiltzen ari dela uste du.
Sortuko idazkari nagusiak Kataluniako eta Eskoziako prozesu politikoez ere gogoeta egin du. Euskal Herria horietatik urruti dagoela aitortu du, eta, haietara iristeko, derrigorrezkotzat jo du “XXI. mendeko proiektu independentista eta ezkertiarra marraztu eta eraikitzeko eztabaida herritarra” abian jarri beharra.
Hiru erabaki esparru
Lurraldetasunari dagokionez, Otegik garbi esan du lurraldeetako estatu burujabe bat duela helburu, baina horretara iristeko hiru erabaki esparru errespetatu beharko direla. Zati horietako batean, besteetatik bereizita, independentzia prozesu bat ea martxan jar daitekeen galdetuta, Otegik beharrezkotzat jo du independentistek horren inguruan ere gogoeta egitea. “Pozez jarraitzen ditut halako eztabaidak, behingoz, estatu propioaren beharra aldarrikatze esparrutik atera eta egikaritze esparruan kokatzen hasi garela adierazten duelako”.
Ezker abertzalearen apustu eta bideari buruz ere ez du autokritikarik falta. Haren hitzetan, estrategia berriari “iraganeko molde eta eskemekin heltzen” ari zaio ezker abertzalea.