biktimak

Aro "berri bat" zabaltzeko eskatu du ETAren biktima Jose Miguel Cedillok

Ekitaldi bat egin dute, Errenterian, ETAk 1982an Antonio Cedillo Espainiako Polizia hil zueneko tokian. "Elkarbizitzarako" mezua eman dute Julen Mendoza alkateak eta biktimak. Ordezkaritza zabala izan da.

Julen Mendoza Errenteriako alkatea eta ETAren biktima Jose Miguel Cedillo elkar besarkatzen, Mugaritzen egin den ekitaldian. MAIALEN ANDRES, FOKU
enekoitz esnaola
2018ko irailaren 15a
07:20
Entzun

ETA bukatuta denez, aro "berri bat" irekitzeko eskatu du Jose Miguel Cedillo biktimak Errenterian (Gipuzkoa), haren aita ETAk hil zueneko tokian. Ondorengo belaunaldiei "herrarik" ez zaiela transmititu behar esan du, eta etorkizunari beste era batera begiratu behar zaiola. Hala, "bakea, elkarbizitza eta hitza" aldarrikatu ditu. "Kontua ez da orria pasatzea, ezinezkoa baita, baizik eta berri bat idaztea, elkarbizitza berriro eraikiz".

1982ko irailaren 14an hil zuen ETAk Antonio Cedillo Espainiako Polizia, Mugaritz parean, eta ekitaldi bat egin dute. Mendoza eta Cedillo mintzatu dira, 60ren bat lagunen aurrean. Bukaeran, olibondo bat landatu dute Cedillo sendiak, Mendozak eta Isidoro Ramos (PSOE) Olivaresko alkateak (Sevilla, Espainia) —Olivareskoa zen polizia—.

Errenteriako alkateak gogoratu du bere udalak egin izan dituela biktimen erreparaziorako ekinbideak, baina gaurkoa Cedillo familiak antolatu duela. Haien ondoan egon nahi izan duela esan du alkateak. "Iraganarekiko ikuspegi ezberdinak izanik ere, gaur hemen familiaren mina askatzen laguntzeko egon gaitezke. Gaurkoak sufrimendua partekatzera lagundu dezake, memoria partekatu bat beharrezkoa delako". Gaurkoa bezalako ekitaldien alde agertu da, "elkarbizitzaren eta mina sendatzearen aldeko mikroprozesu bilakatzen direlako horrelakoak".

Cedillok argitu du bere izenean mintzatu dela, eta bera bezala pentsatzen ez dutenei "errespetua" eskatu die.

Josu Erkoreka Jaurlaritzako eledunak ekitaldiaren ondoren hedabideen aurrean txalotu egin du Cedillo sendia ematen ari den "eredua", bizimodu "gogorra" bizi ondoren, "gorrotoa piztu beharrean, bakearen eta elkarbizitzaren alde egiten ari direlako". Jaurlaritzaren izenean familiari "babesa eta hurbiltasuna" eskaini dizkio.

Ordezkaritza zabala ekitaldian

Ekitaldian izan dira, era berean, Guillermo Etxenike Espainiako Gobernuaren Gipuzkako ordezkariordea, Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendaria, Maddalen Iriarte eta Pello Urizar EHko legebiltzarkideak, Pili Zabala Elkarrekin Ahal Dugu-ko legebiltzarkidea, Rafaela Romero eta Eneko Andueza PSE-EEko legebiltzarkideak, Maite Peña (EAJ) Gipuzkoa Gizarte Politikako diputatua, Gipuzkoako batzarkide Juantxo Iturria (Ahal Dugu) eta Juan Carlos Cano (PP), PSE-EEko kide Miguel Buen eta Jesus Egiguren, Chema Herzog Errenteriako PPko hautetsi ohia, Maixabel Lasa eta Gorka Landaburu ETAren biktimak...

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia ez da Mugaritzeko ekitaldian izan —agerraldi bat zeukan Pasaian (Gipuzkoa)—, baina txio baten bidez babestu egin du: "Hamarkadatako gatazkak eragindako min eta sufrimenduarekiko enpatiarekin eta gure konpromiso etiko eta politikoari esker,  aurrera jarraitzen dugu. Gure helburua argi dago: bake egonkor eta iraunkorreko eredu inklusibo bat eraikitzea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.