Lizarra-Garaziko Akordioak erro sakonak zituen, baina agerian ez zeudenak. Aurretiko ahalegin hurbilena, HBk proposatuta, 1998ko ekain aldean osatutako Irlandako Foroa zen, Ipar Irlandako bake prozesua aztertu eta ondorioak ateratzeko foroa. Izan ere, Lizarran irailaren 12an sinatutako akordioa foro horren ondorio gisa aurkeztu zuten. Baina foroaren ideia askoz lehenagokoa da. 1997ko uztailaren 19an, IRAk su-etena iragarri zuen, eta ondoren Ostiral Santuko Akordioa ekarriko zuen negoziazio prozesua garatu zen. Horren itzalpean, HBko Mahai Nazionalak -epe laburrean espetxera joango zenak- jarri zuen mahai gainean Irlandako prozesuari buruzko foro bat antolatzeko ideia. Proposamen horren atzean gogoeta sakonagoa zegoen, garai berri bat aurreikusten zuena, Ajuria Eneko Itunaren garai gatazkatsutik konponbidera eraman behar zuen prozesu baten aldeko apustua. Espetxera joango zirela jakin arren, hausnarketa hori egina zuten orduko Mahai Nazionaleko kideek, eta horren berri eman zioten EAJri, Joseba Egibar, Gorka Agirre eta Juan Mari Ollora hirukotearekin zituzten harremanen bidez. Ajuria Eneko Itunaren krisiarekin batera, Gernikako Estatutuan eta Foru Hobekuntzan oinarritutako esparru juridiko-politikoa amaituta zegoelako irudipena indartzen ari zen garai hartan.
ETAren Alternatiba Demokratikoaren bideoa zabaltzeagatik Auzitegi Gorenak zazpi urteko espetxe zigorra ezarrita, HBko mahaikideak 1997ko abenduan espetxeratu ondoren, Mahai Nazional berriak hartu zuen harremanen haria. 1998ko apirilaren 10ean Stormonten sinatu zen Ostiral Santuko Akordioak berpiztuzuen Irlandako Foroaren ideia. Time for peace-Time to go, Sinn Feinek erabilitako leloa bereganatuz aurkeztu zuen HBk foroaren proposamena.
Foroa martxan jarri eta garatu bitartean, isileko bi komunikazio lerrotan gorpuztu zen garai berriaren abiaburu bikoitza. Batetik, ETAk EAJ eta EArekin izandako elkarrizketei lotuko zitzaion su-etenaren konpromisoa, eta, bestetik, EAJ eta HBren artekoetatik sortuko zen Lizarra-Garaziko Akordioaren zirriborroa.
Garai berriaren gakoak
EAJ eta EA eta ETAren artean, akordioa izan zen edo ez alde batera utzita, elkarri igorritako agiri horietan garai berriaren gako batzuk zeuden. ETAk EAJri eta EAri akordio gisa aurkeztutako testuan, mugagabeko su-etena eskaintzeko konpromisoa jasota zegoen. Horrekin batera, bi helburu nagusi jarrita zeuden mahai gainean aurrera begira: Euskal Herri osoko «egitura instituzional bakarra eta subiranoa» sortzea eta «Euskal Herriaren eskubide demokratikoen aldeko indarren» arteko elkarlana. EAJk eta EAk ñabardura batzuk jarri zituzten testuaren atzealdean. Erakunde subiranoaren helburua onartzen zuten, nahiz eta urratsak eta erritmoak hitzartu behar zirela ohartarazi. Halaber, alderdi abertzaleen arteko elkarlana lehenetsi zuten, baina instituzioen egonkortasunaren izenean beste indar batzuek esku hartzeko aukera aipatu zuten. Azkenik, akordioa hiru aldeen oniritzirik gabe ez argitaratzeko konpromisoa proposatu zuten.
Hitza eta erabakia
Prozesuaren beste gakoa, erakunde subiranoaren sorreraren eta abertzaleen arteko elkarlanaren osagarri, Lizarra-Garaziko Akordioaren testuan bertan zegoen: gatazkaren konponbiderako oinarriak. Konponbidearen giltzarriaren definizioa: «Euskal Herriaren etorkizuna nolakoa izango den euskal herritarrek beren hitzaren bitartez adierazi behar dute, eta inplikaturik dauden estatuek erabaki hori errespetatu behar dute». Edo laburbilduz: «Euskal Herriak hitza eta erabakia izan behar ditu». Lizarra-Garaziko prozesuak utzitako ondare horrek bizirik dirau gaur egun ere.
Ermuko izpiritua zabaldu nahian ari zen Aznarren gobernua jokoz kanpo harrapatu zuen Lizarra-Garaziko Akordioak eta su-etenak. Ez Aznar Perun zegoelako, baizik eta prozesua estatuaren ezkutuan landu zelako. Hasieran Aznarren gobernuak denbora hartu zuen birkokatzeko, elkarrizketa bideak irekiz -abenduan HBko ordezkaritza batekin bildu zen-. Baina laster kezka nagusia Lizarra-Garaziko trena bidetik ateratzea izan zen, atxiloketen bidez, frentismoa bultzatuz, biktimak erabiliz eta presoekin nahaste mugimenduak eginez.
Kale itsu bat zirudien garai batetik itxaropen aro berri batera igarotzean, herritarren artean ilusioa biziki piztu zen, batez ere, abertzaleen artean, gehiengo politikoa elkarlanaren eskutik berreskuratu eta Euskal Herria eraikitzeko bidea ireki zelakoan. Baina hitzetatik ekintzetara jauzi egiteko orduan korapilatu egin zen prozesua. Hau da, euskal herritarrek etorkizuna erabakitzeko bitarteko eta diseinu zehatzik ez zen jarri martxan. Esparru juridiko politiko zaharretik berrira ibilbidea egiteko pasabiderik diseinatzen eta hitzartzen ez zuten asmatu orduko protagonistek.
Adibidez, «erakunde subiranoa» sortzeko helburuari zegokion egitasmoa -Udalbiltza- 1999ko irailaren 18ra arte ez zen eratu. Azkenean sortu zenean, EAJk eta EAk argi utzi zuten ez zuela egungo erakundeak ordezkatzeko asmorik.
1999ko udan nabarmendu zen Lizarra-Garaziko prozesuko eragile nagusien ikuspegien arteko amildegia. ETAk EAJrekin eta EArekin izandako harremanetan, prozesu konstituziogile baten aldeko apustua jarri zuen mahai gainean: Euskal Herri osoko legebiltzarra eratzea, lurralde osoan, eremu bakar batean, hauteskundeak eginez. Proposamen hori 1999ko uztailaren 11n iritsi zen EAJ eta EAren eskuetara. Su-etenaren hausturaren iragarpena, lau hilabete geroago, azaroaren 28an. Hala ere, Lizarra-Garaziko prozesuak utzitako erroak ez ziren hautsi.
Elkarrizketa sorta
Lizarra-Garaziko Akordioaren 10. urteurrena dela eta, garai hartako bost protagonistarekin elkarrizketa bana argitaratuko du BERRIAk ondoko egunotan: Joseba Egibar (EAJ), Rafa Larreina (EA), Shanti Kiroga (HB), Antton Karrera (EB-IU) eta Ritxard Irazusta (AB).Lizarra-Garaziko Akordioaren gakoak
IDENTIFIKAZIOA ETA METODOAEuskal gatazka: «Jatorri eta izaera politikoa duen gatazka historikoa da».
Elkarrizketa eta negoziazioa: «Elkarrizketa eta negoziazio prozesu irekiaren bitartez bakarrik gorpuztu daiteke konponketa politikoa, inplikaturik dauden eragileak baztertu gabe eta euskal gizarte osoaren esku-hartzearekin».
PROZESUA
Hasierako fasea: «Inplikaturik dauden eragileentzako gaindiezinak suerta daitezkeen aurrebaldintzarik ezarri gabe».
Erabakitze fasea: «Gatazkari lotuta azaltzen diren indarkeriazko adierazpenik gabe gauzatuko litzateke».
KONPONBIDEAREN GILTZARRIAK
Proiektu guztiak. «Proiektu guztiak erdiesteko, baldintza berdinetan kokatu behar dira».
Hitza eta erabakia. «Etorkizuna nolakoa izango den euskal herritarrek adierazi behar dute».
ETAren su-eten iragarpenaren agiriko gakoak
AUKERAIndependentziaren alde. «Bi hamarkada luzeren ondoren, berriro ere, Euskal Herriaren independentziaren bidean urrats erabakiorra emateko aukera zabalik dugu».
Autonomismoaren porrota. «Autonomismoaren alde apustu egin zutenak (EA eta EAJ alderdiak eta ELA sindikatua eta abertzale zintzo ugari) horren antzutasunaz jabetu dira».
ERRONKA
Subiranotasuna: «Aurrean dugun fase politikoaren erronka eta ezaugarri nagusia Euskal Herriak, osorik, muga autonomiko eta estatalak gaindituz, subiranotasuna eskuratuko duenekoa izan behar da».
SU-ETENA
Bere kabuz. «Egoera, aukerak eta subiranotasunera abiatzeko nahia kontuan hartuz ETAk bere aldetik mugarik gabeko eraso armatuen etenaldi orokor bati ekiteko asmoa jakinarazten du».