Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak azken lau urtean sindikatuak egindako lanaren azterketa egin du 40 minutu pasako hitzaldian, VIII. Nazio Biltzarrean, eta iragarri du etorkizunera begira LABek hiru ardatz izango dituela: Euskal Herriko ziklo politikoa "behingoz irekitzea” eta prozesua ”azken porturaino” bultzatzea, Euskal Herriaren aldaketa politiko sozialean LAB "zutabe sozial” bat izatea —gobernuek murrizketa berriak iragarri dituztela-eta, etorkizunean greba orokor gehiago etorriko direla iragarri du—, eta hurrengo lau urteetan LAB ”indartsua” izatea.
Sindikatua berritu eta egokitu behar dela adierazi du Etxaidek, ”anbizio osoz, baina bere ibilbide historikoari muzin egin gabe".
Gaur hasi du LABek VIII. Biltzar Nagusia, Barañainen (Nafarroa), datozen lau urteei begira sindikatuaren lan ildo nagusiak finkatzeko eta zuzendaritza berritzeko xedearekin. Bihar bukatuko du kongresua. 500 biltzarkide inguru ari dira parte hartzen, eta Etxaide bera hautatuko dute berriro idazkari nagusi. Aurreko biltzarrean hartu zuen kargu hori hark, Rafa Diezek lekukoa pasatuta.
Sindikatuak esan duenez, Biltzar Nagusiari buruzko eztabaida prozesuan 2.500 kidek baino gehiagok hartu dute parte, ekarpen ugari eginez: 230 emendakin egin dira guztira, 140 ponentzia politiko-sindikalari eta 90 antolakuntza ponentziari. Prozesu horretatik ateratako ondoriorik nabarmenenak bi izan dira, haren arabera: barne kohesio handia eta, ondorioz, egindako ekarpenak sindikatuaren lerroak indartzera bideratuak egon izana.
Rafa Diezen gutuna irakurri dute
Ekitaldian El Duesoko (Espainia) espetxean dagoen Rafa Diez idazkari nagusi ohiaren gutuna irakurri du Txutxi Ariznabarreta sindikatuko komunikazio arduradun ohiak. Diezek eskutitzean dio aurreko biltzarrean idazkaritza nagusiaren lekukoa pasatu zionean Etxaideri, ezin zezakeela imajinatu lau urte beranduago kartzelan izango zenik, nahiz eta kartzela beti "aukera erreala" izan Euskal Herriaren aldeko konpromiso tinkoa dutenentzat.
Diez krisiaz ere mintzatu da gutunean. "Lurrikara” bat dela esan du, eta garai zailak izan arren interesgarriak direla, prozesu aldaketak emango direlako. "Aurpegirik gabeko merkatuak XXI. mendeko faxismoa" direla nabarmendu du. Horri aurre egin behar zaiola uste du ”duintasunagatik eta langileen eskubideen alde”.