Karta gaztelu bat balitz bezala. Epaiketaren lehen egunean akusazio partikularrak eta fiskaltzak eraikitako kontakizuna hasia da pixkanaka erortzen. Aroztegiko auzipetuen aurkako epaiketak laugarren saioa izan du gaur, eta Baztango zazpi akusatuek hartu dute hitza. Epailearen aurrean deklaratu dute denek, baina ez diete akusazioaren galderei erantzun nahi izan: Garbiñe Elizegi Baztango alkate ohia izan da hitz egiten lehena, eta defentsaren galderei ez ezik, fiskalak eginikoei ere erantzun die. Gainerako auzipetuek, defentsako abokatuen itaunei soilik.
Aroztegian luxuzko oporleku bat, golf zelai bat eta ehunka etxebizitza eraikitzeko proiektuaren aurkako protestetan zer gertatu zen: horra epaiketan azaldutako galdera nagusietako bat. Asteleheneko saioan, fiskaltzak eta akusazioak kontakizun zehatza eta ñabardurarik gabea eraiki zuten, oinarritzat hartuta Palacio de Arozteguia SM enpresako sustatzaileen eta obretako zenbait arduradunen testigantzak. Kontakizun horren barruan, auzipetuen erretratua «talde kriminal antolatu» batena zen: indarkeria, sabotajeak eta mehatxuak erabiliz kalte material handiak eta hirigintza proiektuaren bideragarritasunik eza eragin zituen gaizkile talde batena, alegia. Horren arabera, Elizegi zen «taldeko buruzagia», eta aginduak ematen zizkien besteei: zer egin, zer esan, noiz hitz egin eta noiz ez...
Hurrengo egunetan, ordea, lehenengo pitzadurak azaleratu ziren errelato horretan. Aroztegiko protesten lekuko izandako guardia zibilek eta foruzainek deklaratu zuten astearte eta asteazkenean, hurrenez hurren, eta esan zuten mobilizazioak «baketsuak» izan zirela. Ez zutela istilurik, mehatxurik edo irainik ikusi, alegia. Gaurko deklarazioek ere auzitan jarri dute akusazioaren bertsioa: auzipetuek berretsi dute 2021eko apirilean Aroztegian egin zutena desobedientzia zibil baketsua izan zela, eta ez zirela ari «inoren aginduak» betetzen.
«Sorgin ehiza izan da»
Elizegi izan da deklaratzen lehena. Bere abokatuen galderei ez ezik, fiskalak eginikoei ere erantzun nahi izan die: «Beharra ikusi dut neure burua defenditzeko. Erabat bidegabea izan da hemen egin den kontakizuna, sorgin ehizaren antz handia izan du».
Aroztegia eta gero zer? plataformari buruz galdetu dio fiskalak nagusiki: noiz sortu zen, noiz izan zen Elizegi elkarteko buru eta zer lan mota egiten zuen Aroztegiko hirigintza proiektua geldiarazteko. Elizegik esplikatu du elkartea 2010. urtean eratu zela, baina alkate izendatu zutenerako jada utzia zuela elkarteko lehendakaritza —2011 eta 2015 urteen artean izan zen Baztango Udaleko alkate—. Gaineratu duenez, elkarteak ez zuen egitura «hierarkikorik», eta beraz, Elizegi ez zen inoren «buruzagi» eta ez zion inori agindurik ematen: «Elkartea juridikoki eratu ahal izateko, kargu batzuk izendatu behar ziren: lehendakari bat, kontu-hartzaile bat... Legezko eskakizun bat zen, elkarte gisa erregistratu ahal izateko. Horregatik izan nintzen lehendakari, baina nik ez nuen benetako eraginik edo gidaritzarik. Herri mugimendu bezala funtzionatu zuen beti plataforma horrek: batzar irekiak egiten genituen, eta modu horizontalean hartzen ziren erabakiak».
Aroztak taldeko kide ere izan zen Elizegi, eta horren kontura estu hartu du fiskalak. Aroztegiko obretatik dumper ibilgailu bat desagertu ostean, bideo satiriko bat zabaldu zuen elkarteak sare sozialetan, eta bi gauzak lotu nahi izan ditu fiskalak: «Esan duzu ez zenutela sabotaje ekintzarik edo erasorik ikusi, baina trufa egin zenuten makina baten lapurretaren kontura. Nola uler daiteke hori?». Akusatuak erantzun dio txiste hori ez zuela Aroztak taldeak bakarrik egin, «bailara osoak» baizik: «Guk orduan genekien gauza bakarra zen makina bat desagertua zela eta handik egun gutxira agertu zela berriro, eta txantxa ugari egin ziren horren kontura».
Indarkeriarik ez
2021eko apirilaren 8an abiatu ziren Aroztegiko obrak, eta, egun horretan bertan, lanen eremura sartu zen herritar talde bat. Fiskaltzak eta akusazioak astelehenean eginiko kontakizunaren arabera, zazpi auzipetuak «irainka eta mehatxuka» hurbildu ziren hondeamakinak maneiatzen ari ziren beharginengana, eta gelditzera behartu zituzten, era bortitzean. Kalte material ugari ere aipatu dituzte egunotan. Auzipetuen testigantzak, ordea, kolokan jarri du bertsio hori: alde batetik, auzipetuetako batzuk ez zeudelako Lekarozen egun hartan —haietako bat bakartuta zegoen etxean, COVID-19ak kutsatuta; eta beste bat, basozain praktikak egiten, Baztango Udaletxean—; eta bestalde, indarkeria erabili izana ukatu dutelako auzipetu guztiek. Azaldu dutenez, hondeamakinen ingurura hurbildu eta berehala, langileek gelditu egin zituzten makinak: «Gelditzeko eskatu genien, obra hura legez kanpokoa zelako. Gu ikusita, berehala itzali zituzten motozerrak eta ibilgailuak».
Kontakizun horrek bat egiten du aurreko egunetan guardia zibilek, foruzainek, kazetariek eta obretako beharginetako batek kontatu zutenarekin; hots, ez zutela indarkeriazko girorik antzeman protestetan.
Asteleheneko saioan esandako batzuk ere gezurtatu dituzte auzipetuek gaur. Lehen saio hartan, Palacio de Arozteguia SM enpresako langile batek telematikoki deklaratu zuen epailearen aurrean. Auzipetuen eta haiei babesa ematera bertaratutakoen «beldur» zela argudiatu zuen akusazioak orduan, eta esan zuen haren familiaren etxe aurrean elkarretaratzeak egin izan dituztela hirigintza proiektuaren aurkakoek. Gaur hitza hartu duen emakumeetako bati galdetu diote ea aurretik ezagutzen zuen enpresako langile hori: «2017ko egun batean, hiru lagun sartu ginen Aroztegiko eremura bideo bat grabatzera, eta jarrera oldarkorrean agertu zen. Nik erdiko hatza atera nion, eta handik hamar minutura bueltatu zen, haserre bizian. Paretaren aurka bultzatu ninduen bortizki, puta zorra oihukatuz. Esan zidan sinetsia nuela arrunt polita nintzela baina ez zela egia, eta muturra hautsiko zidala. Lagunetako batek lortu zuen hura lasaitzea, eta bakoitza bere etxera bueltatu ginen. Hortaz, harrigarria iruditzen zait orain hark esatea nire beldur dela, ni izan bainintzen haren erasoaren biktima».
Langile horren etxe aurrean eginiko protestari dagokionez, auzipetuak gaineratu du «ezinezkoa» dela bera elkarretaratze hartan egon izana: «Elizondon nengoen, eta foruzainek isuna jarri zidaten COVID-19 neurriak urratzeagatik».