auzitegiak

Arraizek legebiltzarkide kargua utzi beharko du, eta ezingo da izan hautagai hauteskundeetan

Bi urteko kartzela zigorra eta inhabilitazioa ezarri dio epaileak EH Bilduko legebiltzarkideari. Herri akusazioek ez dute helegiterik aurkeztuko.

Hasier Arraiz, epaiketara sartzen, pasa den astean. LUIS TEJIDO, EFE
2016ko maiatzaren 17a
07:31
Entzun

Segura auziko beste 35 inputatuen kasuan erabilitako bidea baliatuta, bi urteko kartzela zigorra eta inhabilitazioa ezarri dio epaileak Hasier Arraiz Sortuko presidente eta EH Bilduko legebiltzarkideari. Ondorioz, legebiltzarkide kargua utzi beharko du Arraizek, eta ezingo da hautagai izan datozen hauteskundeetan, baina ez du kartzelara joan beharko.

Arraizek akusazioak onartu zituen maiatzaren 9ko epaiketan –Batasuna legez kanpoko alderdikoa zela onartuta, ETAko kidea izatea; "haren esanetara parte hartze aktiboa izan zuen" Arraizek, epaiaren arabera—. Halaber, indarkeriaren aurkako konpromisoa berretsi zuen eta, horrela, ETAren indarkeriaren biktimen sufrimendua erreparatzen laguntzeko borondatea azaldu zuen. 2006-2007an Arabako Batasuneko koordinatzailetzat jo du epaiak, baina aitortu du alderdian "erabilitako bitartekoak" ez zirela "larriak" izan eta ez zuela "kale erasoetan" parte hartu, baizik eta bileretan, diskurtsoetan, prentsaurrekoetan, elkarrizketetan, manifestazioetan, kontzentrazioetan, eta hautekeskundeetako eta politikako ekitaldietan.

AVT eta Dignidad y Justicia herri akusazioek jakinarazi dute ez dutela helegiterik aurkeztuko. Daniel Portero Dignidad y Justiciako presidenteak esan du "espero" zutela horrelako epai bat, "gaur egun Justizia bide horri ari delako jorratzen". Uste du helegiteak ez lukeela aurrera egingo. Antonio Guerrero AVTko abokatuak ere iragarri du ez dutela epaiaren aurkako helegiterik aurkeztuko, "oso zaila" luketelako aurrera ateratzea.

Joan den maiatzaren 9an egin zuten Arraizen aurkako epaiketa, eta 04/08 sumarioko gainontzeko auzipetuek egin moduan, hark ere onartu egin zituen bere aurkako karguak. Fiskaltzak sei urtetik bira jaitsi zuen espetxe eta inhabilitazio eskaera. Aldiz, herrri akusazioek ez zuten akordioa onartu, eta hamar urteko kartzela zigor eskaerari eutsi zioten; AVTko abokatua prest agertu zen zigor eskaera bost urtera murrizteko.

Herri akusazioen jarrera "inkoherentea" salatu izan du Iñigo Iruin abokatuak. Gogoratu du Arraiz ez zutela Auzitegi Nazionalean epaitu legebiltzarkidea delako eta, beraz, EAEko Auzitegi Nagusiari dagokiolako hura epaitzea, "baina legebiltzarkide izan ez balitz, bera ere urtarrilean egindako akordio horren barruan egongo zatekeen".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.