2015eko urtarrilaren 12an Guardia Zibilak hamabi abokatu eta Herrira-rekin lotutako beste lau lagun atxilotu zituenean, Mate izena eman zioten operazio hari; Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak agindu zuen operazioa. Urtebete lehenago EPPKren bitartekarien aurka egindako operazioari Xake izena jarri zioten. Halako "erasoei" aurre egiteko deia egin zuen Arraiz Sortuko presidenteak abokatuen aurkako operazioa izan zenean —iazko urtarrilean—, operazioko hitz joko bera erabilita: Guardia Zibilari "xake-mate" egitera deitu zuen Euskal Herria, Espainiako polizia gorputz hura kanpora bidal dezan. Prentsaurreko batean esan zituen haiek.
Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak, Carlos Urkijok, salaketa jarri zuen, eta EAEko Auzitegi Nagusiko fiskaltzak ikerketa hasi zuen. Dignidad y Justicia elkarteak ere delitu zantzuak ikusi zituen. Espainiako Estatuari eta Guardia Zibilari "irainak eta mehatxuak" egin izana egotzita salatu zuten Arraiz. Aurtengo otsailean deklaratu zuen, eta adierazi bere iritzia plazaratu zuela agerraldian. Roberto Saiz instrukzio epaileak erabaki zuen auzia irekita uztea. Defentsak apelazio helegitea aurkeztu zuen, eta tramiterako onartu zioten. Helegiteak zioen Arraizen aurka egiteko Zigor Kodea oker erabili zutela, "ez zutelako kontuan izan oinarrizko eskubide den adierazpen askatasuna".
EAEko Auzitegi Nagusiak akusazioak baztertu ditu, eta behin betiko artxibatu du auzia, iritzita Arraizen hitzak adierazpen askatasunaren barruan kokatzen direla, Espainiako Konstituzioak eta Erromako Itunak jasotzen duten eskubide bat dela, eta, beraz, ez dagoela deliturik. Irmoa da autoa, eta ezingo da helegiterik aurkeztu.
Francisco de Borja Iriarte epaileak idatzi du autoa. Adibide modura, beste kasu batzuk aipatu ditu: Erresuma Batuko bat, AEBetako beste bat, edo Arnaldo Otegiren Egunkaria auziko tortura salaketak zirela-eta Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainiako Estatua zigortu zuenekoa —Otegik Juan Carlos I.a Espainiako erregea "torturatzaileen arduradun" gisa jo zuen—.
Autoak dio Arraiz legezko alderdi bateko presidentea dela —"indarkeria espreski baztertu duena"— eta aipatutako prentsaurrekoaren unean Eusko Legebiltzarreko kide hautatua zela ere "kontuan" hartu behar dela, eta haren adierazpenak testuinguru horretan ere kokatu behar direla. "Haren jarduera politikoaren eremuarentzat behintzat, interes publikoko adierazpenak izan ziren".
Halaber, auzitegiaren idatziak dio "sozialki eta moralki baztertzeko modukoa" izan ahal dela hark Guardia Zibila Euskal Herritik joatea aldarrikatzea, baina aipatu du hori "euskal gizartearen parte baten aldarrikapen historikoa" dela, eta legalki ezin direla zigortu adierazpenok.
Nekane Boladok eta Jose Damian Iranzok osatu dute epaimahaia.
Sortu: "Estatuak estolderia guztia erabiltzen du independentismoaren kontra jotzeko"
Sorturen ustez, Arraizen kontrako auzia "berandu baino lehen artxibatu beharra zegoen". Espainiako Gobernuaren jokabidea salatu du: "Adierazpen askatasunaren barruan eginiko adierazpen batzuen ondorioz irekitako diligentziek argi erakusten dute Espainiar Gobernuak Justizia administrazioa erabiltzen duela euskal independentismoaren kontra jotzeko. Katalunian azken egunotan ikusten ari garen bezala, estatuak estolderia guztia erabiltzen du ideia politiko legitimoak borrokatzeko. Hau ez da berria Espainiako Estatuan".
Sortuk dio "salbuespen legedi guztiak" bertan behera utzi behar direla, eta geratzen diren epaiketa guztiak amaitu behar direla.