Txorien soinuak esnatzen ditu egunero Astika Herriko (Erandio, Bizkaia) biztanleak, baina baita errepideetatik igarotzen diren autoen zaratak ere. Izan ere, hiru errepidek inguratzen dute Astika gune berdea; eta bertako zuhaitzen hostoek alboko supermerkatu handiaren izena estaltzeko ahalegina egiten dute. Erandioko Asua auzoko industrialdea ere parez pare dauka. «Grisean arrakala bat da». Horrela definitu du asanbladak Astika Herria. Duela hogei urte okupatu zuten, taldearen izenean kide batek azaldu duenez: «Asfalto, errepide, industrialde eta kirats artean dagoen arnasgune bat da». Oraintxe, kanporatze arriskuan daude bertako bizilagunak; agindua maiatzaren 25erako ezarri dute.
Hiru baserrik osatzen dute Astika. «Batzuk XVI.mendekoak dira». Horrez gain, lursailak ere badaude, eta lantegi zahar bat. Okupatu zutenetik, hainbat belaunaldi bizi izan dira bertan. «Bakoitza bere ametsa gauzatzen saiatu da; behintzat, bere ametsa proiektatzen eta aurrera eramaten». Hala ere, bizilagunak ez dira herriaren partaide bakarrak: bertan bizi ez den jendea ere badago asanbladan. «Inguruan bizi den jendea etortzen da, edo tokia berea dela sentitzen duena». Oiloak ere badira Astikan, eta Karles katua hara eta hona dabil, baserri batetik bestera.
Astikak badu eginkizun argi bat: «Jende desberdina batzeko tokia da». Bizitokia izateaz gain, hainbat jarduera antolatu dituzte urte hauetan. Gehienak lantegian egin dituzte. Kamioiak konpontzeko tokia izan zen aspaldi; gaur egun, ordea, ibilgailuentzako zuloa mantendu duten arren, pabiloiaren itxura goitik behera aldatu dute. Barra eta sukaldea jarri dituzte, eta emanaldiak egiteko eszenatoki bat ere bai. Hormak marrazki koloretsuz beteta daude. Bertan hitzaldiak, liburu aurkezpenak eta hamaika tailer egin dituzte. Besteak beste, autodefentsa, txalaparta eta pedagogia tailerrak antolatu dituzte. Eta sagardoa ere egin izan dute.
Proiektuaren oinarria autogestioa da: «Gure artean egin ahal diren gauzak gure artean egiten saiatzen gara, inori eskatu barik». Baserrietako konponketak eta gainerako lanak ere euren kabuz egiten saiatzen dira. Horretarako, ikastaroak egiten dituzte, hala nola elektrizitatea instalatzen ikasteko edota sokekin lan egiteko. Horrez gain, modu «asanbleario» batean funtzionatzen dute. Astero egiten dute bilera, eta proposamenak aztertzen dituzte bertan. «Esaterako, kolektiboren batek espazioa eskatzen badu jardueraren bat egiteko, bertan eztabaidatzen dugu». Asanbladaren arabera, pertsona bat «gogotsu» baldin badago eta Astikan «bizi edo parte hartu» nahi baldin badu, «bere burua azaldu besterik ez du egin behar».
Porlanez betetako mundua
Astika inguratzen duen errepideetako bat N-637a da. Bertatik milaka ibilgailu igarotzen dira egunero. Zutabe zabalek altxatzen dute errepide hori. Eta zutabe horietako bi erabili dituzte herritarrek. Batean, Izena duenak izana du lelopean egindako marrazki handi bat dago. Bestea, berriz, rokodromo bat egiteko baliatu zuten duela hiru urte. Handik hurbil, ortua ere badago. «Hala ere, gaur egungo egoera ikusita, aurten ez dugu barazkirik jarri».
Lursail horiek, berez, Labartain SM eraikuntza enpresarenak dira. Asanbladak azaldu duenez, 2020ko ekainean eraikinak botatzeko agindua onartu zioten enpresari, baina huste agindua izan gabe. «Enpresaren eta EAJren arteko trikimailuen bitartez lortu zuten agindua». Momentu hartan, herritarrek kanpaina bat jarri zuten martxan, Astika defendatzeko. «Argi utzi nahi izan genuen bertan bizi ginela; jendea etxebizitza batean bizi baldin bada, ezin duzu etxe hori eraitsi». Salatu dutenez, «Erandioko EAJk» oztopoak jarri dizkie beti herrian erroldatzeko: «Beti ukatu izan dute hemen bizi garela». Aurten, huste agindua onartu diote enpresari. Martxoaren 3an jaso zuen Astikak kanporatze agindua, hurrengo 30 egunetan gauzatzekotan. «Errekurtsoa aurkeztu genuen, aste batzuk luzatzeko». Beste data bat ezarri dute orain: maiatzaren 25a. Hala ere, kideek argi dute: «Gu hemen gaude eta egongo gara». Errekurtsoren bat onartuz gero, husteko eguna atzeratu daiteke.
Huste aginduaren aurka, martxoaren 30ean kontzentrazioa egin zuten Erandioko Udaletxe aurrean, eta bi egunetara, manifestazio bat. «Putre horiei aurre egingo diegula ikusarazi nahi dugu». Errepidean, Astika Bidean sartu baino lehen, Astikatik ez dira pasako leloa irakur daiteke. Eta egoerari aurre egiteko lan egunak antolatzen ari dira. «Bihotza porlanez beteta duten horiei hortzak erakutsiko dizkiegu». Euren «mundua bizitzeko eta defendatzeko» moduari tinko eutsiko diote. «Erresistentzia toki bat da hau: erakutsi dugu nola egin ahal diogun aurre porlanez betetako mundu bati, mundu berde eta iraunkorrago batekin».
Arrakala bat paisaia grisean
Duela hogei urte okupatu zuten Astika Herria, Erandion. Ordutik, zenbait belaunaldi bizi izan dira han, eta hamaika jarduera antolatu dituzte. Gaur egun, huste arriskuan dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu
Irakurrienak