Arrangoitzeko eliza mukuru bete da Ximun Harani agurra emateko

Euskara, abertzaletasuna eta pilota bildu zituen Haranek azken agurrean Arrangoitzen. GAIZKA IROZ.
Aitor Renteria.
Arrangoitze
2013ko abenduaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ximun Haranen bihotz eta sentimenduak ez direla etiketa batean sartzen frogatu zen berriz ere atzo, Arrangoitzen (Lapurdi) egin zioten elizkizunean. Pilotari ohiek bizkarrean harturik sartu zuten elizara. Barnean, politika, kultura eta kirol arloetako mundu bat. Azken belaunaldietako eragile nagusiak, presente. Xipri Arbelbide eta Mikel Epalza apaizek euskaraz eman zuten meza. Tartean, hitzartzeak, Bedaxagarren kantua, txistua, kantuak euskaraz. Euskarak, abertzaletasunak, pilotak, kantuak jantzi zuten meza, Haranen biziaren lekuko.

Jende ezagun ugari agurrean, belaunaldien arteko loturaren seinale. Niko Etxart eta Peio Ospital kantariak, Jean Louis Davant eta Beñat Oihartzabal euskaltzainak, Ugutz Robles kondalaria, Zigor zizelkaria, Emilio Lopez Adan Beltza sendagilea, Jean Fagoaga Anai-Arteakoa. Politikarien zerrenda ere, luzea: Jose Mari Muñoa, Txaro Goikolea eta Gaxuxa Elorga EAJtik, Julen Madariaga ETAren sortzaileetarikoa, ABko Peio Etxeberri-Aintzart, Sortuko Jean Francois Lefort Lof eta Xabi Larralde. Baita Gorka Landaburu kazetaria ere. Azken horiek eskua eman zioten elkarri, ehorzketa bukatu ondoren. Bide hori zabaltzen ere lagundu du Haranek.

Jakes Abeberrik, Xabi Larraldek eta Filipe Bidartek hartu zuten hitza elizkizunean, Haranen soslaia osatzeko. Enbatako garaiak aipatu zituen Abeberrik. Siglen gainetik kokatzen zela nabarmendu zuen Larraldek: «Elkartzen ginen aldi oro, zazpiak bat zuen gogoan, eta presoengatik galdetzen zidan».

Ipar Euskal Herrian abertzaletasunaren sortzailea izateagatik eskertu zuen Bidartek. «Madiba, Ximun». Hitzartze hunkigarria egin zuen egun gutxitan hil diren bi pertsonaiak aipaldian bilduz. Haranek emandako laguntza eskertu zuen, Larraldek bezala. Alderdi baten edo bertzearen izenaren gainetik, Euskal Herriaren aldarria aitzina eramatearen garrantzia azpimarratu zuten.

Jean Louis Laka bertsolariak kantatu zion azken agurra, hilobiaren aitzinean. Pilotarien Biltzarra ereserkiarekin lurra eman zioten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.