Kantauriko arrasteontzien jabeek Espainiako Gobernuari eskatu diote beste kuota bat ezar dezan arrantzatzen diren espezie nagusien gainean. Proposamen horren arabera, kuotak eskualdatzea baimentzea nahi dute arrantza industria handiek. Rosa Aguilar Espainiako Arrantza ministro berriari egin diote proposamena arrasteko ontzidia osatzen duten Galiziako, Espainiako eta Euskal Herriko ehun konpainia inguruk.
Prentsa ohar baten bidez gogor kritikatu dute proposamena Berdeek, arrantza kuotak «finantza espekulazioaren menpe» uzteko bidea irekiko lukeelako sistema horrek, haien irudikoz. Izan ere, erakunde ekologistaren arabera, ontzi handiek nahi dute kuotaren banaketa energia kontsumoarenarabera egitea, erregai gehien behar dutenek arrantzatzeko eskubide handiagoa izan dezaten. «Alegia, eraginkortasunik eza eta distantzia luzeetako garraioa saritu ditzaten nahi dute», salatu dute Berdeek.
Sistema hori ezarriko balitz, arrasteko ontzidiak irabaziko luke, eta arrantza tradizionalak galdu, haien arabera; alegia, 4.000 ontzik baino gehiagok galduko lukete.
Espezie gehienak
Berdeek oharrean jakinarazi dutenez, honako espezie hauei ezartzea nahi dute kuota berria: hegaluzea, hegalaburra, legatza, bakailaoa, zapoa, oilarra, zigala, antxoa, txitxarroa, berdela, marrazoa, arraia... Alegia, arrantzatzen diren espezie gehienei.
Florent Marcellesi Berdeetako bozeramailearen iritziz, kuota eskualdatzeko aukera izatea «oso kaltegarria» izango litzateke sektorearen gehiengoarentzat, alegia, arrantza txikiarentzat. Bakarrik industria arrantza handiari egingo lioke mesede. «Ekonomia espekulatiboaren menpe utziko luke sektorea. Kuotak ezin dira espekulazioaren menpe utzi. Ezin dira eskualdatu», salatu du Marcellesik.
Ekologisten arabera, plana onartuko balitz, ezinezkoa litzateke hainbat espeziek behar duten babesa errespetatzea, esaterako, legatzak eta berdelak. Sonia Ortiga Berdeetako bozeramailearen iritziz, denona den itsasoa interes «pribatuen esku» geratuko litzateke.
Berdeek urri amaieran Bilbon egindako jardunaldi baten ondorioak Europara eramango dituztela iragarri dute. Besteak beste, arrantza txikia eta gertukoa babestu eta laguntzeko eskatuko diote Europako Batasunari, eta ez arrantza industria handia.
Arrantza kuotak lortu nahi dituzte arrasteontziek
Espezie nagusien gaineko kuotak eskualdatzea baimen dezan eskatu diote Espainiako Gobernuari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu