Iruñeko arrantzale bizardunek bideoa argitaratu dute gaur jendeari dei eginez ikurrina eta Nafarroako bandera kalera atera ditzan, "sanferminetan eskubide osoa baitute kalean egoteko". Horrez gain, balkoietan ere jartzeko deialdia zabaldu dute. Hitzordua jarri dute uztailaren 6an, 10:30ean, Udaletxe plazara ikurrinarekin eta Nafarroako banderarekin joateko.
Iruñeko Udalak debekatua du Udaletxeko plazan txupinazo egunean ikurrinak erakustea. Debeku horren aurka, iaz ikurrin erraldoi bat eskegi zuten plazaren erdian arrantzale bizardunek, eta ondorioz txupinazoa hogei minutuz atzeratu zen, ordura arte sekula gertatu ez zen bezala.
Aurreko urteetako txupinazoan ere istiluak izan dira Udaletxeko plazan ikurrina dela eta. 2011n, Udaltzaingoa bortizki sartu zen, txupinazoa bota baino minutu batzuk lehenago, bertan zegoen ikurrina kentzera. 2012an ere, kontrol zorrotzak jarri zituzten Foru Poliziak eta udaltzainek plazaren sarreran, baina ikurrin erraldoia sartzea lortu zuten.