'Maria Reina Madre' arrantzontzia hondoratu egin da azkenean

Ostiral goizean, hamalau lagun atera dituzte 'Maria Reina Madre' arrantzontzitik, hondoratzen hasi dela eta; ontzia atzo atera zen Lugotik (Galizia) Euskal Herrirantz.

'Maria Reina Madre' arrantzontzia, hondoratzen. ITSAS SALBAMENDUA
'Maria Reina Madre' arrantzontziaren erreskatea, gaur goizean. ITSAS SALBAMENDUA
Xabier Martin - Irati Urdalleta Lete
2024ko otsailaren 9a
15:05
Entzun

Itsas Salbamenduko ontzi bat eta Guardia Zibilaren beste bat abiatu dira goizean Pasaiatik (Gipuzkoa) ia bederatzi miliara hondoratzen ari den arrantzontzi baterantz. Eskifaia bertan zegoen, eta laguntza eskatu du, ontzia hondoratzen ari baitzen. Onik atera dira ontziko hamalau kideak, ontzi batek Maria Reina Madre-tik jaso eta Pasaiako portura eraman baititu denak, zauririk gabe.

'Maria Reina Madre' arrantzontziaren erreskatea, gaur goizean. ITSAS SALBAMENDUA
'Maria Reina Madre' arrantzontziaren erreskatea, gaur goizean. ITSAS SALBAMENDUA

Arrantzontzia Frantziako banderarekin aritzen da, eta, atzo, Lugotik (Galizia) atera zen Euskal Herri alderantz. Ordea, ontziari ura sartzen hasi zaio goizean, eta, hasieran erabat hondoratu ez bada ere, Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Denis Itxasok baieztatu du hondoratu egin dela azkenean: «Hura ur gainean mantentzeko saiakerek ez dute fruiturik eman».

Ontzi hori ez da berria. 1987an itsasoratu zuten estreinakoz, eta Pasaiatik gertu ari zen arrantzan gaur, baina ura sartzen hasi zaio, argitzeko dauden arrazoiak tarteko, eta azkar hasi da hondoratzen. Bertan lanean ari ziren hamalau arrantzaleak salbamendu ontzi batean sartu dira, eta 25 metro luze den ontzia utzi dute.

Itsas Salbamenduaren zain egon dira erreskatea iritsi den arte. Tarte horretan, arrantzontziko patroia ontzian geratu da. Salvamar Orion ontziak jaso ditu itsas zabalean. Helimer 211 helikopteroak ere parte hartu du erreskate lanetan. Halaber, eremu hartan dagoen Castillo anaiak arrantzontziari abisu eman diote badaezpada ere. 

Denak salbu eta lehor

Ikusmin handia eragin du gertaerak Pasaiako portuan. Iragarri dute ontziko eskifaia 11:45 aldera lehorreratuko zela bertan, eta ordurako lehorrean zain zituzten dozenaka kazetari, ordezkari politiko, osasun langile eta polizia. Banan-banan atera dira itsasontzitik erreskatatuak, denak ere itxura onarekin. Erreskatea bukatu orduko, portuan bertan eman dituzte azalpenak Oliver Peñil Itsas Salbamenduko ontziko patroiak eta Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Denis Itxasok. Aldiz, arrantzaleek ez dute adierazpenik egin nahi izan.

«Bederatzietan-edo deitu digute, eta itsas zabalera atera gara, Pasaiatik zortzi bat miliara», azaldu du Oliver Peñilek. «Iritsi garenean, ontzia estriborrera okertuta zegoen, eta eskifaia salbamendu-ontzi batean, patroia salbu. Denak jaso ditugu, ordea». Itxura batean arrantzontziko patroia saiatu da ontzia gobernatzen, baina ura azkar sartzen ari zen. Ezin izan du: «Arrantzaleak salbu daude eta lehor; hamalau dira, denak gizonezkoak». Hasieran aztertu dute ontzia portura eramateko aukera, baina ezin izan dute ontzia salbatu azkenean.

'Maria Reina Madre' arrantzontzia itsaso zabalean, gaur goizean. ITSAS SALBAMENTUA,
Maria Reina Madre arrantzontzia itsas zabalean, ostiral goizean. ITSAS SALBAMENDUA.

Erreskatea egin berritan, Itxasok ere egin ditu adierazpenak portuan, eta han esan du «lasaitu» handia hartu dutela arrantzale guztiak salbu erreskatatu dituztelako. «08:57an jaso da laguntza deia Bilbon, eta 9:30 aldera jaso dituzte arrantzaleak itsasoan. 30 minutuan Itsas Salbamendua eta Guardia Zibila han ziren. Lehenak arrantzaleak jaso ditu, eta bigarrena arrantzontziarekin geratu da».

Itxasoren esanetan, Burelatik (Lugo, Galizia) atera da Maria Reima Madre, Frantziako banderapean, eta legatzaren arrantzan aritzen da. Pasaiako portura zetorren azterketa tekniko bat egitera, baina handik 8,7 miliara —hamabost kilometro ingurura— zegoela arazoak izan ditu: «Makina gela urez betetzen hasi da. Segituan lortu da erreskatea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.