Ekiarekin jaiki behar dute atharraztarrek Maulerako autobusa hartu nahi badute. Gainera, autobusa birtuala da, eta bezperan eskaririk ez badago, biharamunean ere ez da autobusik izanen. Mauletik Donapaleura ere, doi bat berantago, eskaintza urria da, baina «autobus birtualak» baliatzeko parada dago. Zuberoa eta Nafarroa Beherea bereizten dituen Oskaxeko muga bihurtzen da autorik ez duenarentzat. Maule eta Donibane Garazi lotzen dituen herri garraiorik ez dago. Donibane Garazi eta Baiona arteko lotura trena da. Egunean hiru tren.
1,30 euro, 1,27 euro edo 1,13 euro dira erregaien prezioak Mauleko Total saltegian. Eta garraioari dagokionez, horiek dira erreferentzia nagusiak, herri garraioen urritasuna kontuan hartuta. «Hemen autorik gabe ez zara deus, ez Maulen, ez Zuberoa osoan», dio Jean Baptiste Espil Nafarroa ibilbideko prentsa saltzaileak. Herri garraioaren egoera zein den jakiteko aholku argigarria ematen du: «Familia bakoitzaren etxeko sarreran hiruzpalau auto daude». Gizon-emazteek toki berezietan lan egiten dutelarik, bederen bi auto behar dituzte. Haurrideek, toki bereizietan ikasiz gero, bana behar dute etxetik kanpo ikasi edo lana egiten dutelarik.
Gabeziaren usaiak jaun eta jabe bihurtu du autoa, errepideetako errege. Gazteek, 18 urte bete arau, autoa erosten dute, eta nehork gutxik daki zein tenoretan diren autobusak, autobusa badagoela dakien pertsonaren kasuan ere.Azken erroldaren arabera, 13.000 pertsona inguru bizi dira Zuberoan, eta 28.000 inguru Nafarroa Beherean. Lur eremu zabalean barreiaturik, gainera. Errealitate horretan kalitatezko herri garraioa antolatzeak izugarriko kostua duke, eta erdibideko konponbideak ezarri dituzte indarrean. Lehen, trena ere bazegoen Maulen, baina 70eko hamarkadan itxi zuten.
Eskola garraioa
Kontseilu Nagusiaren erantzukizuna da eskola garraioa antolatzea. Eta baliabide urriak dituzten eremuetan, beharrei ihardesteko erabiltzen dituzte. Hala, eskola zerbitzuak herri garraio gisa baliatzen dira baserri eremuko eskualderik gehienetan.
Turismoa eragile indartsua da Zuberoa eta Nafarroa Behereko ekonomian. «Anitz dira garraioaz galdezka hurbiltzen zaizkigun turistak, baina damuz erran behar diegu autorik ezean hemen berean gelditu behar dutela», diote Turismo Bulegoan. Herriko Etxean azaldu dute Mauleraino heltzeko autoa behar izan dutela eta, beraz, herri garraio falta ez dela traba gaindiezina.Oskaxeko lepotik gora egin behar da Mauletik Garazira heltzeko. Bidean, hainbat herrixka, bertzeak bertze Donaixti, Lartzabale edo Izpura. «Ez, eskola garraioa segurtatzen duen zerbitzua daukagu, baina herritarrek autoa erabiltzen dute guztiek», diote Larzabaleko Herriko Etxean.Hirurak Bat edo Etxemendi konpainiek betetzen dute zerbitzu hori. Hirurak Bat, funtsean, autobus eskaintza bakarra da barnealdean. Mauletik irten eta Donapaleura doa bertze bidea. Hango terraza batean Jose Perez kirol irakaslea dago. Haurrak ikastolara bidaltzen ditu 08:15ean, eta 17:30ean itzultzen dira. «Eguneko autobus bakarra da».«Barnealdeko jendearen soldataren herena bederen autoan xahutzen da», dio Perezek. Hari agitzen zaion gisara, barnealdeko jende anitzek kilometro ugari egin behar ditu egunero. Beharraren edo ezinbertzearen eraginez, jendeak autoa hautatu du eta alegia deus ez, auto onak atzematen dira barnealdean, gehienetan pertsona bakar batekin barnean.Alta, autobide loturetan autoak utzi eta hiruzpalau lankide auto bakarrarekin abiatzen dira lanera. Baionako sarreran, Bardozekoan eta Donapaleukoan ikus daiteke hori. Autobusek Kontseilu Nagusiaren diru laguntza handiak dituzte. Bestela desagertzeko zorian leudeke, galera iturri direlako.
Etzi: Gipuzkoa
Arras hurbil eta sobera urruti
Herri garraioaren eskaintza ezdeusa da Zuberoa eta Nafarroa Beherean, eta, adibidez, ez dago loturarik hiriburuen artean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu