Politika

Arrasateko alkatea baldintzapean libre uztea erabaki du Pedraz epaileak

30.000 euroko bermea ordaindu beharko du Ino Galparsorok. Fiskaltzak eskatuta hartu du erabakia Pedrazek. Garzonek apirilean espetxera bidali zuen Arrasateko alkatea, EAE-ANVren jarduerak eteteko agindua urratu izana eta desobedientzia delitua leporatuta.

2008ko uztailaren 28a
16:35
Entzun
Ino Galparsoro Arrasateko (Gipuzkoa) alkatea baldintzapean libre uztea erabaki du Santiago Pedraz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, Fiskaltzak hala eskatuta. Zehazki, 30.000 euroko bermea ordaindu beharko du Arrasateko alkateak espetxetik ateatzeko. Baltasar Garzon epaileak bidali zuen espetxera Galparsoro apirilaren 30ean, behin-behinean; Soto del Realgo (Espainia) kartzelan sartu zuten.

Baldintzarik gabeko espetxe zigorra ezarri zion Garzonek, EAE-ANVren jarduerak eteteko otsailaren 8ko agindua "berariaz" urratu izana eta desobedientzia delitua leporatuta. Epaileak otsailaren 8an kaleratu zuen auto hark dio udal hautetsiek dagozkien jarduerak egiteko aukera dutela. Arrasateko Udalak osoko bilkura egin izana, hala ere, ustezko delituen artean jaso zuen epaileak apirilaren 30 hartan.

Polizia txostenean jasotakoak aipatu zituen Garzonek espetxeratze autoan. Alde batetik, ANVk ETArekin "dependentzia eta sumisio argia" dituela zioen, eta Galparsorok "kargu garrantzitsua" duela ANVn. Jarduera debekatu ostean, ANV 'hautetsi independentistak' izenarekin "mozorrotu" zela ere bazioen epaileak.

Dolores Delgado fiskalak orduan adierazi zuen alkateak "erakunde terroristari" lagundu ziola eta, AVTk eta Dignidad y Justicia elkarteek bezala, kartzela zigorra eskatu zuen.

Galparsoro deklaratzen zegoen bitartean, Espainiako Poliziak Arrasateko udaletxea miatu zuen, Garzonen aginduz.

2007ko maiatzeko udal hauteskundeetan EAE-ANV alderditik aurkeztu zen Galparsoro, zerrendaburu gisa, eta ANV izan zen bozkatuena. EB-Zutik koalizioarekin akordioa egin zuen bozen ondoren.

ETAk martxoaren 7an Arrasaten Isaias Carrasco PSE-EEko zinegotzi ohia hil ostean, bere kontrako kanpaina jaso zuen Galparsorok, eta PSE-EE saiatu izan zen zentsura mozioa aurkezten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.