Euskal presoak

Arrasaten hesi batean zeuden presoen argazkiak kendu ditu Ertzaintzak, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak eskatuta

Fiskaltzaren aburuz, "terrorismoa goraipatzeko edo justifikatzeko delitua" da irudi horiek han edukitzea.

2009ko martxoaren 12a
19:01
Entzun
Arrasaten (Gipuzkoa) Banco Guipuzcoano banketxearen kanpoaldeko hesitik herriko presoen argazkiak "berehala" kentzeko eskatu dio gaur Ertzaintzari Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak. Honen iritziz, "terrorismoa goraipatzeko edo justifikatzeko delitua" da irudi horiek han edukitzea. Espainiako hedabide batzuek lotsaren hesia deitu diote horri, urtetan Berlin hiria banatzen zuena izendatzeko erabiltzen zen adjektibo bera baliatuta.

Eskaera egin eta gutxira, arratsaldeko lehen orduetan argazkiak handik kendu dituzte ertzainek.

AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kide batek Euskadi Irratiari azaldu dionez, "ertzain pila, zazpi bat autotan" gerturatu dira 15 bat presoren argazkiak jarrita zeuden tokira, herriko alde zaharrera. "14:40 aldera agertu dira, nahiko jarrera harroputzarekin. Inguratu den jendearen aurpegiak grabatu dituzte, eta kartelak kendu ostean alde egin dutenean, jendea oraindik han zegoela ikusita, airera tiro egin dute". Jende horrek -hainbat herritar- argazkiak kentzearen kontrako protesta egin du.

Argazkiak kentzeko agintzeaz gain, auzitegiko fiskal Vicente Gonzalez Motak, Ertzaintzaren zuzendariari bidalitako gutunean, honi eskatu dio identifika ditzala argazki horiek jarri zituztenak.

Erabaki hori hartzeko Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkaritzaren txostenean oinarritu da fiskala. Gainera, ikerketa diligentziak ireki ditu, eta Ertzaintzari galdegin dio aurrerantzean halako argazki gehiago agertuz gero, haiek ere ken ditzala.

Iragan larunbatean ETAk Arrasateko PSE-EEko zinegotzi ohi Isaias Carrasco hil zuenetik urtebete egitean, argazki horiek hizpide izan zituen PSE-EEko buru Patxil Lopezek, haren omenaldira joan zenean. "Lehendakari izendatzen banaute, lotsaren harresia bukaraziko dut". Argudiatu zuenez, "onartezina" da Carrascoren senideak, herritik paseatzean, ETAko presoen argazkiekin topatu behar izatea, "biktimen eta Isaiasen oroimenari irain iraunkorra direlako".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.