Irungo Alardea

Arratsaldean, berriro ere, bidea eragotzi diote alarde mistoari emakumeen parte hartzea onartzen ez dutenek

Goizeko istilu bertsuak errepikatu dira arratsaldean Irungo alarde mistoaren inguruan. Goizeko desfilea egin, San Martzialera joan, eta arratsaldean itzultzean, emakumeek alardean parte hartzea onartzen ez dutenen irainak eta erasoak jasan behar izan dituzte alarde mistoko kideek Kale Nagusian.

2003ko ekainaren 30a
19:34
Entzun
Euren borondatearen kontra, Irungo alarde mistoko kideek ezin izan dute San Martzial egunabaketsu eta gogo onez bukatu. Izan ere, ohiturari jarraiki goizeko desfilea egin, San Martzialera joan eta Irunera itzuleran, alarde tradizionalaren aldekoek bidea oztopatu diete Kale Nagusian, eta haien irainak, zein ur eta botila jaurtiketak jasan behar izan dituzte. Guztiz baieztatu gabe badago ere, botila batek emakume bat aurpegian jo eta zauritu egin duela zabaldu da.

Goizean ere, antzeko istiluak izan dira. 11:30etan abiatu da andre zein gizonek osatzen duten alarde mistoa Urdanibia plazatik. Festa giroa eta aurpegi alaiak nabarmentzen ziren; izan ere, partaidetza inoizko handienetakoa zen —800 bat lagun zihoazen alarde mistoan—, eta halaber, txalo zaparrada handi batekin agurtu ditu Urdanibia plazara alarde mistoa ikustera joandako jende multzoak.



Udaletxeko plaza, berriz, hutsik zegoen eta "festaren normaltasun eza" islatzeko ez dute tirorik egin pare horretan. Pare hartan, alarde tradizionalaren aldekoek txistuka eta irainka hartu dituzte konpainia mistokoak, eta hauek irribar eginez erantzun diete.

Ordura arte festa bakean zihoala zirudien arren, eguerdiko 12:30ak aldera etorri dira arazo handienak, Alarde tradizionalaren aldekoek bidea itxi baitiete. Ertzaintza hurbildu da orduan Kale Nagusira, eta pasiloa egin behar izan dio Alarde mistoari desfileak aurrera jarrai zezan. Une horretan irain ugari entzun behar izan dituzte konpainia mistokoek, eta zenbait edalontzihegan atera dira. Ibilbideko zati hori pasatu eta gero, konpainia mistokoak Urdanibia plazara abiatu dira. Goizeko desfilea amaitu dutenean, pozarren ageri ziren emakume eta gizonez osatutako alardeko partaideak, baina, dudarik gabe, arratsaldeko gertakariek berriro ozpindu dute haien eguna.

Santanoren ezjakintasuna

Esan bezala, udaletxeko plaza hutsik zegoen alarde mistoa iritsi denean; hau da,herriko etxeko balkoian ez zegoen alkaterik, ez beste agintaririk, alardeari harrera egiteko. Goizean, ordea, emakumeei parte hartzea galarazten dien alarde tradizionala agertu denean han zeuden guztiak. Jose Antonio Santano PSE-EEko Irungo alkateak alarde mistorik egingo zenik ez zekiela esan du jarrera hori justifikatzeko. "Barne Sailaren jakinarazpen bat bakarrik daukagu guk, Irungo herritar talde batek manifestazio bat egingo duela esaten duena. Ez geneukan beste alarde bat egingo zela esaten zuen inongo agiri formalik", esan die kazetariei. Dena den, Santanok onartu du jakinarazpen formal hori edukita ere ez litzatekeela udaletxean egongo alarde mistoari harrera egiten, "ordu horretan mezatan egon behar baikenuen, botoa betetzen", zehaztu du.

Santanoren arabera, alkateak edo udalak ezin dio agindu alardeari emakumeak onartzeko, "ezin dugu obligazio hori ezarri baldin eta emakumeek parte hartzea nahi ez duten herritar gehiengo handi bat badago", argudiatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.