Giro nahasia dago Hernanin (Gipuzkoa). San Joan gauean Gudarien plazan piztu ohi den suaz gain, beste sute larri bati aurre egin behar izan diote herrian: eraso arrazistak izan ziren, gutxienez zortzi, eta modu antolatuan. Arazoa lehertu egin zen jaietan, baina duela hilabete batzuk hasia zen egonezina mamitzen herrian. «Pena handiz bizitzen ari gara egoera hau. Hernani harrera herria izan da urte askotan: jendea etorri zaigu eta besoak zabalik hartu dugu, elkarbizitza lortu izan dugu, eta orain...», esan du, etsipenez, Xabier Lertxundi alkateak.
Lertxundiren ondoan eserita dago Fatima Fernandez Bousebtaoui. Amher herriko elkarte antiarrazista eta feministako kidea da. Biak saiatzen ari dira ulertzen azkenaldiko jazoera horiek nolatan izan diren, eta aztertzen herri gisa nola aurre egin diezaioketen xenofobia giro horri. Hernani ez baita izan ez lehenengo herria, ez bakarra. Duela gutxi, Gipuzkoan (Irunen, Donostian), Nafarroan (Martzillan) eta beste zenbait herritan sare sozialetan sortutako taldeak ezagun bihurtu dira immigranteen aurka zabaltzen dituzten gorroto mezuengatik.
Hernanin, sua piztu zuten bi osagai nahastu ziren San Joan jaien lapikoan. Lehenengo osagaia: herritarrengan barruraino sartu den segurtasunik ezaren sentsazioa —eskuin muturreko eragileak hauspotzen ari dira, eta immigranteak jotzen dituzte horren erruduntzat—. Bigarren osagaia: azken hilabeteotan etxerik gabeko magrebtarren kanpalekuak ugaritu izana. «Kalean bizi diren gazte taldeak etortzen ari dira herrira; dozenaka kanpaleku daude, eta herrian kezka sortu du horrek», aitortu du Lertxundik.
«Zerbitzu sozialetan lanean ari gara batzuekin», jakinarazi du. «Kanpalekuak non dauzkagun eta zenbat pertsona bizi diren identifikatzen aritu gara, nolabait kontrolpean izateko».
Nahiz eta sanjoanetan ikusarazi den arazoa, giroa aurretik hasia zen berotzen. «Sare sozialen bidez, mezu batzuk zabaldu ziren: Karabel auzoko igogailu publikoan ustez gertatu ziren lapurreta batzuen inguruan», kontatu du alkateak. «Lapurretak izan dira», aitortu du, «baina sare sozialetan hedatu ziren gertaera horiek zurrumurruak ziren. Inon ez dago salaketarik, behintzat». Dena dela, igartzen hasiak ziren kezka eta haserrea sortzen ari zela herritar batzuengan, zurrumurruak zirenak eta ez zirenak nahastuta.
Giro gaiztotu horrek eztanda egin zuen sanjoanetan, hilaren 23ko gauean. «Hasieran hiru istilu izan zirela uste bagenuen ere, gerora jakin dugu sei eraso egin zirela gau hartan», jakinarazi du alkateak. Gertaera horietan guztietan, gazte magrebtarrak egon dira jomugan. «Hurrengo egunetan, beste bi eraso izan ziren, eta kolektibo hori bera izan zen jomuga», erantsi du. Horrek ondorio batera eraman zituen udal ordezkariak: «Eraso horien atzean arrazakeria dago».
Arrazakeria ez da oraingo kontua
Fatima Fernandez Amher elkarteko kideak gogorarazi duenez, «zoritxarrez, arrazakeria ez da aurtengo sanjoanetako kontua, eta Hernanin ere ez». Herriko meskitan pintaketa islamofoboak azaldu ziren 2019an, eta, behin baino gehiagotan, pankartak zintzilikatu dituzte herrian immigranteen aurkako mezuekin.
Pertsonen kontrako eraso zuzenak ere izan dira aurten, parranda giroaren babesean. Amher elkartean jaso izan dituzte testigantzak: «Batzuetan hemengo herritarrak ere badira, arrazializatuak, eta salaketa ez dute jartzen, baina gurera etortzen dira barrena lasaitzera». Fernandezek azaldu duenez, «pertsona arrazializatuek maiz ez dituzte larritzat identifikatzen halako erasoak, onartua dutelako migratzailea izateak berekin dakartzala ondorioak».
«Pertsona arrazializatuek maiz ez dituzte larritzat identifikatzen halako erasoak, onartua dutelako migratzailea izateak berekin dakartzala ondorioak»
FATIMA FERNANDEZ BOUSEBTAOUIAmher elkarteko kidea
Lertxundik beste eraso bat ekarri du gogora: «Sanjoanak baino aste batzuk lehenago, gazte talde bat joan zen kanpaleku batera, aurpegiak estalita, bertan bizi diren immigranteak jipoitzera». Bestalde, herriko ikastetxeetan ere irakasleek antzeman dituzte mezu eta jokabide arrazistak lehen mailako ikasleengan —12 urtez azpiko haurrak–.
Egoera oso kezkagarria dela uste dute. Alkatearen esanetan, «eraso arrazistak liskarrekin lotzen dira askotan, eta baliteke magrebtarrek liskar batzuetan parte hartzea, baina horrek ezin du zuritu kolektibo oso baten kontrako lintxamenduak egotea». Horren erakusgarri da ekainaren 24ko goizean gertatutakoa. «Magrebtar gazte bati eraso zioten goizean, bere autora sartzera zihoala».
«Pena handiz bizitzen ari gara egoera hau. Hernani harrera herria izan da urte askotan: elkarbizitza lortu izan dugu, eta orain...»
XABIER LERTXUNDIHernaniko alkatea
Giro horrek eragina du jatorri desberdinetako pertsona guztiengan? Oso garbi erantzun du Fatima Fernandezek: «Zuria ez den edonork jasaten du arrazismoa. Gazte magrebtarren aurkako mespretxua eta bazterketa, gainera, ez dira berriak. Lehendik ere egon da, baina orain gizarteari onargarriagoa iruditzen zaio diskurtso hori, haien aurkako bortizkeria justifikatzeko». Giro horretan, magrebtar jatorriko hernaniarrak beldur dira, haietako edozeini erasotzeko arriskua dagoela sentitzen dutelako. Gainera, Amherreko ordezkariak ohartarazi duenez, «orain gazte magrebtarrak jomuga diren bezala, beste kolektibo batzuetara ere zabaldu daiteke».
Baina zergatik daude gazte magrebtarrak xenofobiaren jopuntuan? Lertxundiren iritziz, «gure gizartean baldintzarik txarrenetan dagoen kolektiboa da, eta oso agerian egoten dira, kalean baitaude».

Bizikidetza lantzeko foroa
Hernanik lan handia egin du kulturartekotasunaren alde; egoera ikusita, ordea, argi daukate indartu egin behar dutela lan hori, alkateak adierazi duenez. Horregatik, elkarbizitza arazoak bideratzen aditua den talde profesional baten eskutik abiatu nahi dute prozesu bat: «Gure asmoa da gai horren inguruko ikuspuntu desberdinak mahai gainean jartzea, herriko eragile sozialekin eta kulturalekin batera, denon artean identifikatzeko herrian zer arazo ditugun, eta adosteko nola konpondu». Ikasturtearekin batera abiatzea espero dute.
Horrekin batera, Amherrek ohartarazi du elkarbizitza arazo horiek lotura zuzena dutela bazterkeria sozialarekin: «Legezko egoeran ez dauden pertsona horiek traba handiak dituzte lana eta etxea lortzeko, eta horri aurre egin behar diogu nahitaez, kolektibo horien sozializazioari bide emateko».
segurtasunIK ezaren sentsazioa
Segurtasuna herritar askoren kezka nagusien artean dago, baina Hernanin, behintzat, datuek ez dute berresten sentipen hori. «Iazko datuak eta aurtengoak alderatuta, ez da handitu delitu kopurua», azaldu du Xabier Lertxundi alkateak. Dena dela, alkatearen esanetan, «sentsazioak subjektiboak dira, eta herritar guztiok badugu eskubidea lasai bizitzeko eta seguru sentitzeko, eta kontuan hartu behar da jendearen beldurra».
Baina zer egin daiteke objektiboak ez diren arazoen inguruan? «Erronka handia dugu: aztertzea zer egin dezakegun, batetik, jendea beldurrez ez bizitzeko, eta, bestetik, eraso arrazistarik ez gertatzeko». Nolanahi ere, hauxe erantsi du: «Ezin dugu geure egin eskuin muturretik datorkigun diskurtsoa, segurtasuna eta migrazioa lotzen dituena; oso arriskutsua da».
Zurrumurruen arriskuaz ere ohartarazi dute. Herriko kaleetan eta tabernetan entzun diren istorio batzuk jarri dituzte horren adibide: «Taberna batean, kontatzen ari ziren magrebtar batek besteari kosk egin ziola saihetsean eta haragi bizian utzi ziola. Bortxaketa bat egon zela ere zabaldu zen... Oinarririk gabeko istorioak dira, kolektibo bati gizatasuna kentzea helburu dutenak», esan du alkateak. Eta istorio horiek beldurra sortzen dute jendearengan.