Arrisku handiko errepide zatiak izendatzeko, istripuak kontzentratzen den errepide zatia terminoa erabiltzen du Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak. Nafarroako Gobernuakbere errepide sarean puntu beltz bat eta 11 tarte beltz daudela dio. Jaurlaritzaren arabera, istripuak kontzentratzen diren tartea «kilometro bateko errepide tartea da, non azken bost urteetan biktimak izan diren hamar istripu edo gehiago gertatu diren». Halaber, errepidearen ezaugarriak autobidea edo ohiko errepidea eta ibiltzen den ibilgailu kopurua ere hartzen ditu kontuan. Nafarroako Gobernuak honela definitzen ditu tarte beltzak: «Urtean biktimak izaten diren hiru istripu baino gehiago dituzten kilometro bateko errepide zatiak». Puntu beltzak gauza bera dira, baina errepide zatia askoz ere zehaztuago dago.
Irizpideak irizpide, 330 dira Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian dauden arrisku handiko errepide zatiak. Araban hogeita hemezortzi daude, horietatik bat oso arriskutsua; Bizkaian 187, horietako hogeita bi oso arriskutsuak; eta Gipuzkoan 105 errepide zati arriskutsu daude, zortzi oso arriskutsuak. Arriskugarritasun indizeari jaramon eginez gero, Bizkaian daude errepide arriskutsuenak. Muskiz-La Cuesta errepideko 24. eta 23. kilometroak eta Bilbo-Reinosa errepideko 21. kilometroa dira Hegoaldeko errepide sareko tarte arriskutsuenak. Gipuzkoan, Eskoriatza eta Leintz-Gatzaga lotzen dituen errepideko bosgarren kilometroa da arriskutsuena. Hala ere, Donostia eta Andoain lotzen dituen GI-131 errepidean izaten da istripu gehien. Seigarren eta zazpigarren kilometroetan bakarrik, biktimak izan zituzten 47 istripu gertatu ziren 1997, 1998 eta 1999. urteetan. Araban bakarra da arrisku handia daukan errepide zatia: Irunberri eta Gasteiz lotzen dituen A-132 errepideko zazpigarren kilometroa.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako errepide sareko arrisku handiko zatietan, 6.274 istripu izan ziren hiru urtean. Hala, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko errepideetan izandako eta biktimak gertatutako istripu guztien %41,5 kilometro horietan gertatu ziren. Era berean, errepide sareko kilometro puntu guztien %12 dira arrisku handiko errepide zatiak.
Sei hildako Nafarroako tarte beltzetan
Eusko Jaurlaritzak ez bezala, gune beltzetan eta errepide tarte beltzetan izandako zaurituak eta hildakoak zenbatzen ditu Nafarroako Gobernuak. Hala, 1996an sei lagun hil ziren Nafarroan errepide zati arriskutsuetan izandako hogeita hamalau istripuetan. Zaurituak, ostera, 66 izan ziren, horietako hogeita hiru oso larriak. Aurreko urteetako datuekin alderatuz gero, hildakoen kopurua nabarmen jaitsi zela agertzen da: 16 lagun hil ziren 1995ean, eta 18 1994an. Zehaztu beharra dago, azken bi urte horietan gune eta tarte beltz gehiago zeudela Nafarroako errepide sarean.
Bestalde, bere sareko errepide multzoen arrisku indize orokorra zenbakitan zein den esaten du Nafarroako Gobernuak. Eusko Jaurlaritzak eta bestelako aldizkari espezializatuek zenbaki horiei egokitzen dieten arrisku maila hauxe da: autobidean arrisku txikia dago, baina errepide nagusietan eta eskualdeko errepideetan arriskua oso handia da. Bestalde, errepide sare guztiko arriskugarritasun indizea 135ekoa da, hau da, Nafarroako errepideak oso arriskutsuak dira.
Errepide zati arriskukutsu edo zati beltzei dagokienez, Arrizabalaga eta Tafalla lotzen dituen N-121 errepideko 17. kilometroa, eta N-232 errepideko 95. eta 96. kilometroak ziren istripu gehien izan zutenak. Dena den, iazko datuei erreparatuz gero, A-15 autobian gertatu zen hildakoak izan ziren istripu gehien. Hala ere, arrisku indizeari dagokionez, ez dira autobideak Nafarroako errepide arriskutsuenak, nahiz eta horietatik egunero auto asko dabilen.
-
Errepide «oso arriskutsuak»
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren eta Nafarroako Gobernuaren arabera Hego Euskal Herrian dauden errepide arriskutsuenak dira ondoko zerrendakoak. Errepideak aipatzeaz gainera, zatirik arriskutsuenak ere agertzen dira zerrendan, istripu gehien izan den kilometroa zehazturik.
ARABA
· A-132. Lumbier-Gasteiz (Tafallatik). 7. kilometroa. 11 istripu.
BIZKAIA
· BI-3794. Muskiz-La Cuesta. 24. kilometroa. 31 istripu.
· BI-636. Bilbo-Reinosa. 21. kilometroa. 30 istripu.
· N-634. Donostia-Santander. 128. kilometroa. 50 istripu.
· BI-625. Lemoa-Bermeo (Gernikatik). 26. kilometroa. 33 istripu.
· BI-2121. Mungia-Gernika. 20. kilometroa. 11 istripu.
· BI-2701. Muskiz-Malabrigo (Sopuertatik). 26. kilometroa. 17 istripu.
· BI-636. Bilbo Reinosa. 20. kilometroa. 20 istripu.
· BI-3704. Bilbo-Plentzia (Asuatik). 23. kilometroa. 17 istripu.
· BI-3745. Barakaldo-Trapagaran. 10. kilometroa. 32 istripu.
· BI-3794. Muskiz-La Cuesta. 23. kilometroa. 14 istripu.
GIPUZKOA
· GI-3310. Eskoriatza-Leintz-Gatzaga. 5. kilometroa. 10 istripu.
· GI-631. Zumaia-Zumarraga. 23. kilometroa. 10 istripu.
· GI-2630. Bergara-Urretxu (Legazpitik). 19. kilometroa. 10 istripu.
· N-634. Donostia-Santander. 53. kilometroa. 18 istripu.
· N-634. Donostia-Santander. 17. kilometroa. 29 istripu.
· GI-3410. Hernani-Goizueta. 0. kilometroa. 11 istripu.
· GI-131. Andoain-Donostia (Hernanitik). 6. kilometroa. 26 istripu.
· GI-131. Andoain-Donostia (Hernanitik). 0. kilometroa. 18 istripu.
· GI-131. Andoain-Donostia (Hernanitik). 7. kilometroa. 21 istripu.
· GI-627. Gasteiz-Eibar (Maltzagatik). 30. kilometroa. 14 istripu.
NAFARROA
· N-121. Arriazabalaga-Tafallako saihesbidea. 17. kilometroa.
· N-232. 95. eta 96. kilometroak.
· N-111. Mañeru. 56. kilometroa.
· N-113. Cintruenigo. 93. kilometroa.
· NA-160. Tutera-Fitero. 1. kilometroa.
· NA-115. 14. kilometroa.