Arriskua etxepean

Donostiako Parte Zaharreko ostalaritza establezimenduek hamalautik gora sute izan dituzte azken urteotan, eta bizilagunak kezkatuta daude: «Auzoan gertatzen ari dena iragarritako sute baten kronika da». Udalak ikuskapen protokolo berria aurkeztu du.

Martxoaren 2ko manifestazioa, Donostiako Abuztuaren 31ko kalean, Senra tabernaren paretik igarotzen. GOTZON ARANBURU / FOKU
Martxoaren 2ko manifestazioa, Donostiako Abuztuaren 31ko kalean, Senra tabernaren paretik igarotzen. GOTZON ARANBURU / FOKU
nerea intxausti
2024ko martxoaren 19a
05:00
Entzun

Donostiako Parte Zaharreko etxe askok jatetxeak eta tabernak izaten dituzte etxepean, ostalaritzak presentzia handia baitu auzoan. Lokal horietan etxetresna elektriko asko egoten da martxan aldi berean: hozkailuak, labeak, suak, ke kanpaiak… Azken lau urteotan Parte Zaharrean izan diren sute guztien %70 etxebizitzetan gertatu dira, eta hamalau sutetik gora izan dira establezimenduetan, gehienak ostalaritzakoetan. Halako suteak maiz gertatzen direla ikusita, bizilagunak arduratuta daude.

Orain hamabi urte hasi zen suteak kontatzen Parte Zaharrean Bizi auzo elkartea. Xabier Arberas elkarteko batzordeko ordezkariaren ustez, sute horien arrazoietako bat da Parte Zaharra ostalaritza establezimenduen eremu saturatua dela: kilometro eta erdiko perimetro batean 200 taberna edo jatetxe daude, eta haien jardunarekin lotutako 60 biltegi. Ez da edozein auzo, gainera: eraikin gehienak zaharrak dira, eta egurrezko egitura dute.

1990eko hamarkadaren amaieran izendatu zuten Parte Zaharra ostalaritza establezimenduen eremu saturatu, Odon Elorza Donostiako alkate zenean. Garai hartan negozio bat zegoen 126 biztanleko; gaur egun, 25-29 biztanleko dago negozio bat. Are, udalak urtarrilean ziurtatu zuen negozio horietako batzuen 31 biltegi zeudela lizentziarik gabe. Elkartekoak kexu dira udalak ez dituelako negozio horien biltegiak ikuskatzen: «Elementu guztiek bat egiten dute gu larrituta egoteko».

Errauts artean oraindik

2021. urtetik gaur arte, Parte Zaharreko hamalau ostalaritza establezimendutan izan dira suteak, udalaren datuen arabera. Azken urtean hiru gertatu dira: orain hilabete, orain hiru hilabete, eta orain urtebete. 

Azkena otsailaren 19an jazo zen, Femin Kalbeton kaleko Zumeltzegi jatetxean. Frijigailuak su hartu zuen sukaldean. Kea kanporatzeko hodia, legez, ondo zegoen, baina berotasunaren ondorioz askatu egin zen, eta, erortzean, gasaren hoditeria jo zuen: gas leherketa bat gertatu zen. Su horrek patiotik gora egin zuen, su jaurtigailu baten moduan, eta hirugarren eta laugarren solairuak eragin zituen kalteak, bereziki. 

Loren Loidi laugarren solairuko bizilaguna da, eta sute horrek sukalde osoa kiskali zion. Loidiri eta familiari esan diete gutxienez sei hilabete pasatuko direla haiek etxera itzuli arte: «Beste etxe bat alokatu behar izan dugu, eta aseguruekin borrokatu». Dena dela, eskertu du ostalarien jarrera: «Oso harreman ona dugu Zumeltzegiko jabeekin; Parte Zaharrekoak dira, ostalari arduratsuak, eta esaten digute haien aseguruak erantzungo duela». 

«Arriskua etxepean» daukatela kexu da Arberas: suteek kezka eta beldur izugarria eragiten diete. «Mirariak tarteko, ez dira sute gehiago gertatzen, baina guk ez diegu mirariei heldu nahi». Nabarmendu du kalte pertsonalik egon ez izanak ez diola larritasuna kentzen egoerari, ez eta kezka bizilagunei ere. 

Loren Loidik Donostiako Suhiltzaileen lana eskertu nahi izan du: «Segituan etorri ziren, eta haiei esker dirau gure etxeak». Hori bai, gogoratu du lanean ari zirenean kamioietan aldarrikapen mezu bat ere bazutela: Gure prekaritatea, herritarren segurtasunik eza. Zortzi hilabete daramatzate borrokan lan baldintzak hobetzeko. 

«Inork ez du etxe azpian taberna bat izan nahi; nik esan nien nahiago nuela arropa denda bat irekiko balute».

LOREN LOIDI Zumeltzegiko sutearen kaltetua

Iazko abenduaren 12an ere bi sute piztu ziren ordu gutxian Senra tabernan: igandetik astelehenerako gauean bat, eta astelehen goizean bestea. Bi langile ospitaleratu zituzten kea arnasteagatik. Elkartekoek ziurtatu dute haiek sutea gertatu baino lehen jarria zutela salaketa, eta erakundeetako ordezkariek bazutela egoeraren berri. Auzo elkartekoak kexu dira, ordea, esan baitute salaketak tartean direnean soilik ikuskatzen dituztela lokalak, eta salaketarik egonda ere ez dituztela beti ikuskatzen.

Abuztuaren 31ko kaleko suteak gaineko etxeari egin zion kalterik handiena. Alberto Murua etxe horren ondoko atean bizi da. Kea eta zikinkeria piloa sartu zitzaien etxera, eta, gaur-gaurkoz, erre usaina kendu ezinik dabiltza. «Zortzi gau pasatu genituen hirurok etxetik kanpo: horietatik hiru udalak jarritako hotel batean; beste bost, gure kontu», oroitu du Muruak. 

Bizilagunak kezkatuta daude jabeak bi hilabetean berriro ireki nahi zuelako taberna: «Guk ez dugu nahi berriro irekitzerik. Teorian, aurretik ere segurtasun baldintza guztiak betetzen zituen, eta udalaren ikuskapena pasatua zuen», larritu da Murua. «Hau gertatu ondoren, nork bermatzen digu baldintza guztiak beteta ere ez dela berriro gertatuko? Ez gara fio jabeak esaten duenarekin». Aseguru kontuak kudeatzen ari dira oraindik. 

Iazko otsailean Juanito Kojua jatetxeko sukaldean piztu zen sua; orain urtebete egin du. Suak patioa kiskali zuen, Portu kaleko atarian A aldean bizi direnen patioko aldea. Arritxu Zurbano eta familia gaineko etxeetako batean bizi dira: «Larritasun handia gogoratzen dut».

Albo ondorioek oraindik badiraute: «Egunean bertan itzuli ahal izan ginen etxera, baina patioa, urtebeteren ondoren, belztuta dago oraindik». Jatetxekoek ere ez diete ezer esan, eta haien aseguruaren erantzunik ere ez dute jaso oraindik; abokatu bat hartu behar izan dute: «Etxea erre digute, eta guk ordaindu behar dugu abokatua? Amorru handia dugu, eta nazka-nazka eginda gaude». 

31 lokal lizentziarik gabe

«Inork ez du etxe azpian taberna bat izan nahi; nik esan nien nahiago nuela arropa denda bat irekiko balute», aitortu du Loren Loidik; «Nik loradenda bat nahi dut», beste bizilagun batek. Baina jatetxe izango dira berriro hirurak; ostalaritzak botere handia du Donostiako Parte Zaharrean. 

Taberna eta jatetxe askok biltegiak behar izaten dituzte gertu, salgaiak gordetzeko. Alabaina, elkartearen esanetan, haietako 60 lokal legeztatu gabe daude, udalak ez ditu ikuskatu, eta ez dute kontrolatzen barruan egiten den jarduera. Udalak, urtarrilean elkarteari bidali zion txosten batean, ziurtatu zuen 31 lokal ari zirela lizentziarik gabe. Arberasek gehitu du batzuk ezingo direla legeztatu, sarrera etxebizitzetako atarien barrutik dutelako.

Elkartearen arabera, herritarren segurtasuna ostalaritzaren interes pribatuen gainetik dago; eta udalari eskatzen diote horrela jarduteko. Salatzen dute ez dutela prebentzio kulturarik, eta hiri osoan suteen kontrako udal ordenantza bat eskatu izan diote udaleko gobernu taldeari, bai bizilagunek, bai udal gobernuko oposizioak, bai Donostiako Suhiltzaileek. Jatetxe eta tabernen biltegi gisa funtzionatzen duten lokalen ikuskapenen datuak eskatu izan dituzte maiz, protokoloen berri ere jakin nahi izan dute, eta baita zigor espedienteak zenbat eta zeintzuk diren ere. 

«Gaitza hedatuta dagoenean sartzen du muturra udalak; hau da, sutea gertatua denean».

XABIER ARBERAS Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteko ordezkaria

Azken suteak harrabotsa sortu du. Parte Zaharreko herritarren kexak udaleraino iritsi dira. Gaur zortzi, EH Bilduk eskatuta, Eneko Goia Donostiako alkateak ikuskapen datuen berri eman behar izan zuen udal batzordean: Osasun Publikoko Sailak iaz 134 ikuskapen egin zituen Parte Zaharrean, hirian egindako guztien %18. 58 zehapen espediente zabaldu zituzten, 49 Osasun Publikoak eta bederatzi Hirigintza Sailak. Udaltzainek 486 ikuskatze egin zituzten.

Udaleko Osasun Publiko Sailak bost mailatan sailkatzen ditu ostalaritzako establezimenduak, eskasetatik bikainetara. Suteak izan dituzten lokalak «gabeziak dituztenak dira». Sailkapen horretan, gehiago dira eskasak eta hobetzeko gauzak dituztenak, establezimendu onargarriak, onak eta bikainak baino. 

Datozen ikuskapenetarako protokolo berri bat ere iragarri dute: ikuskaritza prozedura aldatuko dute, eta ikuskapenak areagotu eta zehaztu. Osasun Publikoak establezimendu guztiak ikuskatuko ditu urtero. Neurriak hartzen hasi dira atarietatik sarrera duten biltegiekin: batzuei esan diete hustu egin behar dituztela; besteei Hirigintza Sailetik —jarduera lizentziak ematen ditu— jakinarazpen bat bidali diete epe batean haien egoera legezta dezaten. «Gaitza hedatuta dagoenean sartzen du muturra udalak; hau da, sutea gertatua denean», kexu da Arberas. 

Elkarteko kideak nabarmendu du ez dutela nahi udal gobernua auzoen alderaketan erortzerik: «Parte Zaharrean ez dira gertatuko beste auzoetan baino sute gehiago, baina beste auzoek ez dute egoera bera; gure etxeak egurrezkoak dira». Oraindik ez da kalte pertsonalik izan, baina haientzat «iragarritako sute baten kronika» da hau. 

Arberasek deitoratu du elkartearen lana ez dutela begi onez jotzen ostalaritza sektorean: «Ematen du guregatik doala pikutara auzoko ostalaritza sektorea; aldiz, ez dugu ulertzen ostalariek zergatik ez duten praktika onik egin nahi». Uste dute ikuskapen erregularrek ere duinduko dutela ostalarien lana, eta, bide batez, bizilagunen segurtasuna bermatuko dutela. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.