Emakume musulmanei buruzko iritzi errespetatuenetakoa da Wassyla Tamzalirena. Batetik, Aljeriakoa delako, eta islamaren bilakaera ikusi duelako bere sendian. Bestetik, ibilbide luzea eginda duelako feminismoan: abokatua izaki, hogei urtetik gora egin ditu Unescoren berdintasun programan, eta zenbait liburu dauzka argitaratuta, tartean, Burqa? (D'un espace, l'autre) eta Une femme en colere. Bilbon izan da egunotan, Eusko Jaurlaritzak antolatutako Mundua aldatzeko ideiak ekimenaren barruan.
Germaine Greer feminista australiarrak esan du feminismoaren etorkizuna Afrikako iparraldean dagoela. Ados zaude?
Mendebaldean jadanik lortuta dauden gauzengatik ari gara gu borrokatzen. Europan emakumeen aldeko legeria aurreratuago dago; beraz, galdera nagusia da zergatik ez garen gauzak aldatzera heltzen, sistema patriarkalak indarrean dirauelako. Germaine Greeren diskurtsoak desilusio hori adierazten du. Baina ez daiteke alderatu andreek Europan eta gure herrietan duten egoera: patriarkatua ez da berdina sistema demokratiko batean edo islamista batean. Erregimen islamistek pertsonen askatasunak kendu nahi dituzte, eta feminismoak, eskubide berdintasunaz gain, askatasuna ere bultzatzen du.
Feminismoa eta erlijioak bateragarriak al dira?
Ez. Fededun izan gaitezke, eta feminista aldi berean. Baina erlijioak erakundea dakar, arau batzuk jarraitzea; hortaz, feminista izatea eta erlijioaren arauen mende egotea ezinezkoa da. Horregatik feminismo islamista ez da existitzen. Propagandarako tresna bat da, Europak asmatua.
Zergatik erortzen da erlijio musulmanaren pisua batik bat emakumeen gainean?
Galdera egokia egin behar da. Andreen auzia erlijioari galdetuz aztertu nahi badugu, ez dugu erantzunik edukiko, ezta historiari edota ohiturei galdetuz ere. Galderak politikoa izan behar du: zein leku du sexuen arteko harremanak eta moral sexualak politikan? Hor aurkitu dut erantzuna.
Eta zein da?
Herrialde musulmanetako botere autoritarioek bi elementu aurkitu dituzte borroka guztien aurrean indartsu mantentzeko: batetik, erlijioa, eta bestetik, moral sexuala, hau da, gizonek emakumeak menderatzea. Faloaren nagusitasuna dakar horrek gizartean: politikariek emakumeen gaineko boterea utzi diete gizonei, bestelako botererik eman behar ez izateko. Horren ondorioz eta horren inguruan funtzionatzen dute hiri arabiarrek. Bestalde, erlijio musulmanean gizonaren sexualitatea sinesmenaren erdian dago, eta horregatik daramate beloa emakumeek. Ez ezkutatzeko, baizik eta agertzeko: sexua badutela azaleratzeko, sexua baino ez direla. Andreak euren gorputz erotikora murrizten ditu beloak. Kaletik beloa jantzita banabil, ez naiz pentsamendu bat, edo arima bat, sexu bat baizik.
Hain zuzen, zuk esaten duzu beloa ez dela sinbolo erlijioso bat. Baina zergatik uste du jendeak badela?
Berez, erlijiorik ez da existitzen; fedea ulertzeko eta bizitzeko moduak dira. Egun indarrean dugun islam obskurantista hori, fedea izan ordez, sexu portaera bat da: dena dago andreen garbitasunaren eta sexu kontuen inguruan. Lehen ez zen hala. Beraz, nire borroka ez da fede islamikoaren aurkakoa, baizik eta erlijio hori praktikatzeko moduaren kontrakoa.
Beloa ez da musulmana, baina Europako emakume musulman askok beloa janztea aldarrikatzen dute...
Ez dakitelako ezer. Beloa jartzean ekintza politiko bat egiten dute, Europaren aurka, bertako kultura nagusia arrazista delako, eta ez duelako migrazioaren arazoa konpondu nahi. Auzi politiko horrek bi erantzun dauzka, arrazismoa eta kulturalismoa, baina biak dira okerrak jakiteko zer egin dezakegun egun Europan etorkinekin, kultura eta erlijio desberdinak badituzte. Erantzuna ez da beloa jartzea, seguru. Frantzian, eztabaida desbideratu da: helburua kanpotarren eskubideetan eta gizarteratzean jarri ordez, haien berezitasunak babestean ezarri zen. Nik ezin dut sinbolo sexista edo arrazista bat erabili, adierazteko ez nagoela munduarekin pozik. Zapalkuntzaren sinboloak ezin dira askatasuna adierazteko erabili.
Frantzian, beloaren aurkako borrokaren argudioak, eskuinaren arrazakeriarekin eta ezkerraren erlatibismoarekin gurutzatu izan dira. Nolakoa izan da bide hori?
Beloaren aurka dauden asko islamofoboak eta arrazistak dira. Baina nire bidea erabat diferentea da; beraz, ez naiz isilduko eskuina burkaren aurka egoteagatik. Niri burka daraman andrea axola zait. Eta pena ematen dit ikusteak ezkerrak nora bideratu duen eztabaida politikoa: eskubide kulturalei buruzko eztabaida bihurtu ditu beloa eta burka, baina oinarrizko eskubideei buruzko eztabaida bat da.
Beloa legez debekatu behar dela uste duzu?
Eskoletan bai, leku neutroak direlako, askatasun espazioak, norbere fedea edo fede eza aurkitzeko. Batzuek uste dute beloa eta gurutzea berdinak direla, baina ez da hala; beloaren aurkako legea ez da laikotasunari buruzkoa, baizik eta gizon eta emakumeen berdintasunari buruzkoa. Ni ez nago beloaren kontra, baina bai beloaren diskurtsoaren kontra. Beloek emakumeak askeago bihurtzen dituztela diotenen aurka nago; gero emakume batek erabiltzea erabakitzen badu, tira... Baina, kontuz, horren atzean ez dago neskatoen eta emakumeen borondatea, gerra makina bat baizik: Frantziako hainbat auzotan, neskatoei ez diete etxetik ateratzen uzten belorik gabe. Hori estatu politikari dagokio. Belorik ez jartzeko askatasuna bermatu behar zaie emakumeei. Egun Europan arriskuan dagoena ez da beloa jartzeko eskubidea, beloa ez jartzekoa baizik.
Wassyla Tamzali. Pentsalari feminista
«Arriskuan dagoena beloa ez jartzeko eskubidea da»
«Beloaren diskurtsoaren aurka» irmoki mintzatzen da abokatu eta idazle aljeriarra. Europan askatasun sinbolo gisa erabiltzea aldarrikatzen duten andreei historia ez ezagutzea egotzi die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu