Arto transgenikoa duten 1.323 hektarea gehiago daude aurten Nafarroan
Hazi egin da arto transgenikoa landatzen duten lurren hektarea kopurua Nafarroan. Hala jakinarazi du Espainiako Gobernuko Nekazaritza eta Ingurumen Ministerioak, atzo emandako datuekin. Zehazki, iaz baino 1.323 hektarea gehiago daude; aurten 5.800 daude, eta iaz 4.477 ziren. Mon810 motakoa da Europan landatzen den arto transgenikoa. Azken asteetan eztabaida eragin dute transgenikoek. Food and Chemical Toxicology kazetak argitaratu zuen ikerketa baten arabera, arto transgenikoz elikatutako arratoiak lehenago hiltzen dira, eta tumore gehiagorekin. NK603 arto transgenikoarekin eta Roundup herbizidarekin egin zituzten esperimentuak; Monsanto enpresarenak dira bi produktu horiek. Horren berri izan bezain laster, Frantziako Gobernuak Europari eskatu zion transgenikoak baimentzeko kontrolak zorrozteko. Hain justu, Europako Batasunak atzo eman behar zuen Sygmenta etxeko MIR 162 arto transgenikoa landatu eta merkaturatzeari buruzko iritzia. Baina estatu kideek ez zuten akordiorik lortu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu