Artur Mas zen orduan Generalitateko presidentea. Joana Ortega presidenteordea zen, eta Irene Rigau, Hezkuntza sailburua. Haiek hirurek Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren agindua desobeditu zutela uste du Joan Manel Abril Kataluniako Auzitegi Nagusiko epaileak, eta desobedientzia ez ezik, prebarikazioa egitea ere egozten die. Hiru akusatuek auzia artxibatzeko eskatuta zeukaten, baina gaurko urratsarekin epaileak ukatu egin die.
Horrenbestez, epaiketara bidean jarri ditu. Orain, aldeek beren txostenak eta zigor eskaerak aurkezteko hamar eguneko epea ireki da, baina segurutzat jotzen da epaiketara joango direla, ez baita aurreikusten Fiskaltzak auzia ixtea eskatzerik.
Dena den, CDCk iragarri du helegitea aurkeztuko duela Kataluniako Auzitegi Nagusian, argudiatuz "Espainiako goi karguek diseinatutako prozesu politikoa" dela guztia.
Izan ere, Espainiako Fiskaltzak aurkeztu zuen auziaren abiapuntuan dagoen salaketa, 2014ko azaroan. Kataluniako fiskalen ezezkoaren ostean lortu zuen Espainiako Fiskalen Biltzarraren babesa. Kereila tramiterako onetsita, Mas, Ortega eta Rigauren jarduna ikertzeari ekin zion Kataluniako Auzitegi Nagusiak.
Denera, 2,3 milioi lagunek hartu zuten parte independentziari buruzko bozketan, eta hiru laurdenek baino gehiagok Katalunia estatu independentea izatearen alde bozkatu zuten.