SARIAK

Arturo Campion, Hermilio Oloriz eta Julio Altadill historialariei eman diete Nafarroako Urrezko Domina

Herrialdeko "historia, kultura eta identitateari eginiko ekarpena" saritu nahi du Nafarroako Gobernuak.

Arturo Campionen erretratua. NAFARROAKO GOBERNUA
Ion Orzaiz.
2017ko urriaren 31
19:27
Entzun

Gaur egungo Nafarroako banderaren diseinua egin zuten Arturo Campion, Hermilio Oloriz eta Julio Altadill historialariek. Hori eta beste hainbat ekarpen saritzeko, Nafarroako Urrezko Domina emanen diete, omenaldi postumo gisa. Foru dekretu bidez egin du izendapena Nafarroako Gobernuak, gaurko lan saioan.

Uxue Barkosen exekutiboak ohar batean azaldu duenez, hiru saridunek berebiziko ekarpena egin zuten "Nafarroako historia eta kulturaren esparruetan, eta baita Erresuma zaharraren eskubide historikoen alorrean ere". Euskara Elkarteko kide izan ziren hirurak.

2015ean, Nafarroako Gobernuak Jose Maria Jimeno Juriori eman zion urrezko domina; eta 2016an, berriz, Pedro Migel Etxenikeri.

Bandera gorria

Campion, Oloriz eta Altadilli zor die Nafarroak gaur egun duen bandera ofizial gorria. Foru diputazioak haiei egin zien eskaera XX. mende hasieran, hiru historialariak Nafarroako Monumentu Historiko eta Artistikoen Batzordeko kideak zirelako. 1910eko uztailaren 16an paratu zen bandera lehen aldiz Nafarroako Jauregian.

"Nafarroako iragana eta ondare historiko eta kulturala berreskuratzeko lana oinarri gisa hartuta, eta sentsibilitate ezberdineko nafarren elementu sinboliko nahiz tradizioak aintzat hartuta, guztiok identifikatzeko moduko ikurra sortu zuten Campionek, Olorizek eta Altadillek", azaldu du Nafarroako Gobernuak. "Gaur egun, gure lurraren pluraltasuna islatzen duen ikurra da, eta errespetu nahiz maitasun handia diote nafar herritarrek".

Arturo Campion

Arturo Campion (Iruñea, 1854 - Donostia, 1937) idazle, politiko eta intelektuala izan zen. Dozenaka lan argitaratu zituen, euskaraz nahiz gaztelaniaz, eta Euskaltzaindiaren sortzaileetako bat izan zen. Espainiako Errege Akademiako kidea ere izan zen. Literatura, ikerketa historikoa eta linguistika uztartu zuen bere lanetan, baina bere jarduna askoz zabalagoa izan zen, jurista, musika nahiz literatur kritikaria eta prentsako kolaboratzailea izan baitzen.

Hermilio Oloriz

Hermilio Oloriz (Iruñea ,1854 - Madril, 1919) idazle, poeta eta historialaria izan zen. Nafar nortasunari buruzko gaiak jorratu zituen bere ibilbidean. Liburuzaina eta Foru Diputazioko kronista ere izan zen.

Julio Altadill

Julio Altadill (Toledo, Espainia, 1858 - Iruñea, 1935) militarra, historialaria eta geografoa izan zen. Bere lan esanguratsuenen artean, Nafarroako Erresumaren Geografia Orokorra ezagunena da. Argazkilari lanetan ere ibili zen, eta hainbat aldizkaritan egin zituen kolaborazioak. Nafarroako Monumentu Historiko eta Artistikoen Batzordeko Aldizkarian argitaratu zituen bere lan gehienak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.