Artxandako zabortegiko lanak geratu ditu Bilboko Udalak

jone arruabarrena
2022ko irailaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bilboko Udalak Artxandan egitekoak diren zabortegiaren lanak geldiarazteko agindua eman du, egiten ari ziren lanak ez zetozelako bat hasieran emandako lizentziarekin. Ekologistak Martxan elkarteak, Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak eta beste auzo elkarte batzuek sortutako Artxandako Jarraipen Batzordeak jarritako salaketa baten ondorioz eman dute obrak geldiarazteko agindua.

Bidezain SL enpresak arduratu behar zuen zen lanak egiteaz, Enekuri Artxanda errepidean dagoen Zuhatzu auzoan. Berez, «Artxandako zabortegi zaharrean laginketa puntuak egiteko eta zabortegia garbitzeko zundaketa makinekin sarbidea egokitzea» zen enpresaren egitekoa, Ekologistak Martxan-ek ohar baten bidez azaldu duenez.

Artxandako Jarraipen Batzordeak jarritako salaketaren harira, ordea, Bilboko Udaleko Obren Ikuskaritzak lanak aztertu zituen, eta ohartu zen «baimendu gabeko bigarren puntu baten bidez» zundaketen eremurako beste sarrera bat ere egin zutela. Hori dela eta, udalak enpresari leporatu dio «jarduera klandestinoa» egin izana.

Batzordeak adierazi duenez, susmoak dituzte lan horiek beste zabortegi bat egiteko baliatu nahi dituela enpresak. Izan ere, azaldu dute beste zabortegi bat ere eraikitzekoak direla eremu berean, baina enpresa horrek ez daukala oraingoz horretarako baimenik.

Gogor gaitzetsi dute enpresaren jarrera, eta gaineratu dute ez dela nahikoa udalak jarduera hori deitoratzea eta «600 euroko isuna» jartzea. Horren ordez, galdegin dute hilabeteko epean obrak «behar bezala» justifikatuta egotea, eta lurra «bere jatorrizko egoerara» itzultzea.

Zabortegi hori beste hondakindegi baten lekuan egiten ari dira, eta justu bertan ekologistek salatu dute baimendu gabeko lindano isurketak egin zituztela. Inguru horretan zabortegi bat ez, baizik eta gune berde bat behar dela aldarrikatu dute herritarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.