Politika

Arzalluz: "Gehiengoak Ibarretxe Plana onartzen badu, larrialdian ikusiko dute sozialistek beren burua"

Xabier Arzalluz EAJko lehendakari ohiaren iduriko, Espainiako Gobernu sozialistak garai gaitzak izan ditzake etorkizun baldin eta Jaurlaritzaren Estatutu proposamena bozkatzen bada eta gehiengoz onartzen bada. PSOErentzat egoera horri buelta ematea zaila izango da jeltzaleen buruzagi izandakoaren ustez. Nolanahi ere, sozialistek eta PPk Espainiako Konstituzioaren erreformari buruz adostasuna lortzen badute, aldaketa hori ez dela ez Euskal Herriarentzat, ez Kataluniarentzat asegarria izango esan du ETBn egin dioten elkarrizketan.

2004ko maiatzaren 25a
12:13
Entzun
"Nahaspila handian ikusiko dute euren burua sozialistek. Hemen herri galdeketa egiten bada, eta Europaren zein munduko gainerako herrialdeen aurrean agerian geratzen bada badela gehiengo absolutu bat herri gisa eratzeko borondatea duena, susmatu ere egiten ez duten larrialdi handian ikusiko duten beren burua", adierazi du Arzalluzek ETB2ko 'El Punto' saioan egin dioten elkarrizketan.

Beste kezka bat ere agertu du jeltzaleen buruzagi ohiak: Espainiako Konstituzioaren erreformari buruzko adostasuna lortzea PSOEk eta PPk. Hala gertatuko balitz, Arzalluzek uste du aldaketa ez litzatekeela asegarria izango ez Euskal Herriarentzat, ez Kataluniarentzat: "Zer egingo du ERCk estatutuen erreformekin egingo duten merkekeria hori aurkezten diotenean?", galdetu du.

Independentzia

Funtsean, Arzalluzek ez du espero Espainiako Gobernu berriak aldaketa handirik ekarriko duenik eta Euskal Herriko gatazka konpontzeko gai izango denik. Izan ere, Rodriguez Zapatero presidente sozialista ahul ikusten duela agertu du. "Ez diot bizkarrezurrik ikusten. Ornogabea da. Ez dut konponbiderik espero", azpimarratu du. Ildo beretik, Gernikako Estatutuaren alde sozialistek egin dituzten aldarrikapenak ez zaizkio sinesgarriak iruditzen EAJko lehendakari ohiari: "Hamalau urtez eskumenak emateko hatzarmar bakar bat mugitu gabe egon ondoren, ez dute Estatutua beteko dutela esateko zilegitasunik. Gainera, ez da hori kontua. Kontua da euskaldunak Estatuaren barruan beste eredu juridiko batekin egotea; hori da Ibarretxek proposatu duena nahiz eta nik [Estatutik] kanpora egon beharko genukeela uste dudan", adierazi du.

Hain justu, independentziaren alde agertu da Arzalluz: "Letonia eta Estonia gu baino pobreagoak dira eta biztanle gutxiago dituzte, eta, hala ere, Europan daude. Gu, ordea, historiaren txantxa baten ondorioz, kapritxosoa den eta Espainia batuaren ideia sendoa duen gobernu baten mende egongo gara. Estatu baten maizter gisa gaude Europan".

"Kontzientzia txarra daukat Batasunaren ilegalizazioaren gaian irmoagoa eznintzelako izan"

"Batasunaren ilegalizazioa gehiegikeria bat izan zen. Hala esan nuen, eta esandakoari eusten diot. Batzuetan kontzientzia txarra daukat gai horretan irmoagoa ez nintzelako izan. HB eta ETA gauza bera zirela esan zuten, bada, orduan, sar ditzatela kartzelan. Baina, ez, ilegalizatu egin dituzte eta herri honetako hauteskunde emaitzei zilegitasuna kendu", nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.