Espaniako Konstituzioak 25 urte

Arzalluzen iduriko, Espaniako Konstituzioan "gauza asko" aldatu behar dira, eta "euskaldunen borondatearen kontrako tresna" dela nabarmendu du Barrenak

Gaur 25 urte onartu zuten Espainiako Konstituzioa, eta urteurren horren inguruan, balorazio diferenteak egin dituzte Euskal Herriko alderdi, sindikatu eta zenbait gizarte erakundetako buruzagiek. Esaterako, Xabier Arzalluz EAJko lehendakariaren iduriko, Konstituzioak "gauza asko" ditu aldatu beharrekoak. Batasuneko Pernando Barrenak, berriz, "euskaldunen borondatearen kontrako indarrezko tresna" dela nabarmendu du.

2003ko abenduaren 6a
15:34
Entzun
Arzalluzek Bilbon egin ditu Konstituzioari buruzko adierazpenak. Espainiako Estatuko araudi nagusiak akats asko dituela esan du: "Anbiguotasunez inprobisazioz eta gaizki egindako gauzez betetako zerrenda luze bat", azpimarratu du. Hori dela eta, Espainiako Konstituzioko "gauza asko" aldatu beharrekoak direla iritzio dio EAJko lehendakariak, eta haien artean, lehentasunetako bat, sistema judiziala erreformatzea dela agertu du, "oso gaizki eratuta baitago".

Batasunako buruzagi Pernando Barrena, berriz, haratago joan da, eta Espaniako Konstituzioa "euskaldunen borondatearen kontrako indarrezko tresna" dela adierazi du Durangon (Bizkaia) eman duen prentsaurrekoan. Ezker abertzaleak hurrengo hauteskundeetan "Espaniari ezetz" esateko hamaika arrazoi aurkeztu ditu gaurko agerraldi horretan, eta arrazoi horietatik lehenengoa Konstituzioa dela esan du Barrenak. "Izan ere, Konstituzioa ez da tresna demokratiko bat, euskaldunen borondatearen kontrako indarrezko tresna baizik", adierazi du. Ildo horretatik, gaur, agiri horren onarpenaren 25. urteurrenean, euskaldun askok ospatzen duena hari emandako ezezkoa dela iritzio dio Batasunako buruzagiak.

EGIk eta ezker abertzaleko gazteek elkarretaratzeak Gasteizen Konstituzioaren kontra

Konstituzioaren kontrako zenbait protesta ere izan dira. Adibidez, EAJko gazteek, EGIko kideek, elkarretaratzea egin dute Gasteizen, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean. Bi pankarta zabaldu dituzte; batean, 'Konstituzioak 25 urte, inposaketak 25 urte. Independentzia' jartzen zuen. Bestean, 'Euskadi defenda dezagun'.

Leku berean, ezker abertzaleko gazteek ere beste elkarretaratze bat egin nahi izan dute, baina Ertzaintzak sakabanatu ditu "baimenik ez dutelako eskatu".'Inposaketarik ez. Autodeterminazioa Euskal Herriarentzat' zihoen gazte horien pankartak. Ertzaintzak sakabanatu dituenean, 'Hau da Ibarretxe plana' oihuka hasi dira gazte horiek, eta hurbil zituzten EGIkoek 'Ibarretxe aurrera' aldarrika erantzun die.

Aldeko iritziak

Dena den, guztiak ez dira Konstituzioaren kontrako jarrera eta kritikak izan. Duela 25 urte Espainian onartutako testuaren aldeko adierazpenak ere izan dira. Esaterako, PPren EAEko bozeramaile Leopoldo Barredak Kontituzioa "askatasunaren eta elkarbizitzaren" bermea izan dela azpimarratu du, eta egun ere, guztiz baliagarri dela.

Ildo beretik, PSEko buruzagiek ere Konstituzioaren onurak eta baliagarritasuna nabarmendu dituzte.

UGT sindikatuko EAEko adarrak ere Espainiako Konstituzioaren balioak azpimarratu ditu, baina, era berean, hura aldatzea ez dela "tabua" izan behar iritzi dio Damaso Casado idazkari nagusiak.

EAEko CCOO sindikatua, berriz, arduratuta agertu da, beren iritziz, azkenaldian Konstituzioaren "irakurketa atzerakoia" egiten baita, eta, ondorioz, askatasunen arloan eta autonomien autogobernu gaitasunean "murrizketak" gertatu direla uste baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.