Guardia Zibilak Asier Gonzalez Sareasu santutxuarra atxilotu zuen atzo Bilbon, haren etxean, goizaldeko ordubietan. Espainiako Gobernuaren Barne Ministerioaren arabera, ETAri laguntzea leporatuta atzeman zuten. Arratsaldean, ostera, inkomunikazio erregimena kendu zioten, eta gaur bertan deklaratuko du Guardia Zibilaren aurrean, abokatuaren laguntzarekin. Polizia operazioan, haren etxea, Santutxuko Herriko Taberna eta Dima-ko baserri bat miatu zituen Guardia Zibilak, Gonzalezekin batera.
Barne Ministerioaren esanetan, poliziak Ezkaraiko (Errioxa, Espainia) pisu batean aurkitutako USB batek abiarazi du polizia operazioa. Errioxako pisu hori ETAren Bizkaia taldeak erabili zuela dio poliziak, eta orduko informazioa da USB giltzan aurkitu dutena. Hori hala, Gonzalezi 2007 eta 2008 artean ETAren Bizkaia taldeari laguntzea egotzi diote.
Goizaldean hasitako polizia operazioa arratsaldera arte luzatu zen. Guardia Zibila Gonzalezen etxea lau orduz arakatzen aritu zen, eta material ugari eraman zuen handik. Garajea ere miatu zuen, eta haren autoa garabiak eraman zuen. Ondoren, Santutxuko Herriko Tabernara joan ziren harekin, hura ere miatzera. Txakurrak lagunduta eta metrailetak eskuetan, Iturriaga kalea hesitu zuten goiz osoz. Ertzaintza ere izan zen, laguntza ematen.
Bitartean, Gonzalezi babesa ematera joandako auzokide eta lagunak bilduz joan ziren kanpoan. Familiaren abokatua ere agertu zen, baina debekatu egin zioten sartzea. Senideei ere ukatu zieten harekin egotea. Gaixotasun kronikoa du gazteak, eta behar zituen botika batzuk emateko asmoz hurbildu zen Aitor anaia herriko tabernara, baina ertzainek ez zioten sartzen utzi. Tasio Erkizia eta Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko kideak ere izan ziren Gonzalezi babesa azaltzen.
Miaketa hasi eta bost ordura hasi zen Guardia Zibila kutxak ateratzen. 12:30ak aldera atera zuten Gonzalez eskuak lotuta, auzotarren babes oihuen artean. Herriko tabernako kideak barrura sartu zirenean, armairu eta hozkailuak zabalik aurkitu zituzten, eta diru kutxak, hutsik.
Ondoren, Guardia Zibila Dimako baserri batera eraman zuten Gonzalez, eta han hiru orduz arakatu zuten baserria. Amaitzean, Bilboko Auzitegi Patologiako Zerbitzura eraman zuten atxilotua, azterketa bat egitera. Gobernuaren arabera, zabalik jarraitzen du operazioak, eta ez du baztertzen lagun gehiago atxilotzea.
Haserrea eta mobilizazioak
Gonzalez ezaguna da oso auzoan, batez ere kultur munduan buru-belarri murgilduta dagoelako. Alboka irakaslea da Bilboko Udal Musika Eskolan, eta txalaparta eta txistu irakasle gisa ere aritu da lehen hezkuntzan. Euskaltzalea eta kulturgilea da, eta Santutxuko jai batzordeko kidea ere bai. Haren atxiloketak haserrea piztu zuen auzokideen artean, eta hainbat elkartetako berrehun lagun inguru bildu ziren arratsaldean Gonzalez«berehala» askatzeko exijitzeko. Manifestazioa egin zuten atzo arratsaldean, eta beste batera deitu dute etzirako.
Goizean, Amaiurrek inkomunikazioa kentzea galdegin zion, eskutitz bidez, Barne ministroari. Sortuk ere atxiloketa salatu zuen, eta Jaurlaritzari eskatu zion ez diezaiola «alfonbra gorririk» jarri Guardia Zibilari. ELAk, berriz, atxiloketa herriko tabernen aurkako epaiketaren amaierarekin lotu zuen, eta «asmo manipulatzailez» erabiltzea egotzi zion PPri. Atxiloketa «onartezina» dela salatu zuen ESAITek ohar batean, eta gizarteari kalera ateratzeko deia egin zion.
Asier Gonzalez atxilotu eta Santutxuko Herriko Taberna miatu du Guardia Zibilak
ETAri laguntzea egotzi dio Barne Ministerioak, eta gaur deklaratuko du abokatuaren laguntzarekin

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu