Bahiketa Kolonbian

Asier Huegun Bogotan da gurasoekin, baina ez dakite Donostiara noiz itzuliko diren

Irailaren 12tik atzo arte Kolonbiako ELN talde gerrillariak bahituta egon ondoren, aske eta gurasoekin dago Asier Huegun gazte donostiarra. Leire Huegun arrebak jakinarazi duenez, Bogota hiriburuan daude hirurak — hau da, Asier Huegun eta haren gurasoak —, baina oraindik ez dakite Donostiara noiz itzuliko diren. Anaia "oso ondo eta oso pozik" sumatu duela esan du arrebak.

2003ko azaroaren 25a
14:44
Entzun
Asier Huegun irailaren 12an bahitu zuen ELNk Sierra Nevadan, beste zazpi turistarekin batera, Ciudad Perdidako aztarna arkeologikoak bisitatzera zihoazela. Ordutik atzo arte gatibu egon da ELNren esku.

Bahiketa horren bidez Sierra Nevadako nekazarien eta indigenen bizi baldintza eskasak ezagutarazi nahi zituztela agertu du ELNk, eta nazioarteko batzorde bat sortzea hango egoera ikuskatzeko.

Bahiketa gertatu zenetik Eliza Katolikoko batzorde bat izan da bitartekari, eta gerrillariek jarritako zenbait baldintza onartu ditu Kolonbiako Gobernuak bahituak aske uztearen truke. Atzo, Asier Huegun eta Reinhilt Weigel alemaniarra askatu zituen ELNk, eta, oraindik, beste bost turista dauzka bahituta —lau israeldar eta britainiar bat—. Dena den, horiek ere laster aske utziko dituela uste da. Bahiketa izan zen egun berean, berriz, gatibuetako batek —britainiar batek— ihes egiteko modua izan zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.