Asier Nieblaren heriotza argitzeko epaiketa gaur hasiko da Donostian

Akusazio partikularrek hogei urteko zigorra eskatu dute, eta hamabikoa fiskalak. Niebla indarkeria matxistaren biktima izendatzeko eskatu dute

Donostiako Perujuantxo kalean izan zen erasoa. MIKEL GOÑI / IRUTXULOKO HITZA.
Maider Galardi
2020ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Bi urte luze pasatu dira gertakarietatik, eta, azkenean, gaur hasiko da Asier Niebla Urnietako (Gipuzkoa) gaztearen heriotza argitzeko epaiketa, Gipuzkoako Lurralde Auzitegian. 2018ko urriaren 11n hil zen gaztea, bi hilabetez koman egon ostean. Donostiako Aste Nagusian, abuztuaren 12an, beste gizonezko batek kolpe bat eman zion buruan, eta, erori ostean, konorterik gabe gelditu zen; koman 61 egun pasa eta gero, hil egin zen. Gaur hasiko den epaiketan deliberatuko dute erasotzaileari homizidioa ala hilketa leporatzen dioten, eta ea aintzat hartzen dituzten bestelako astungarriak. Izan ere, indarkeria matxistako kasu gisa aztertzeko eskatu du behin baino gehiagotan familiak. Fiskalak hamabi urteko espetxe zigorra eskatua du akusatuarentzat, eta akusazio partikularrek —Urnietako Udalak eta Nieblaren familiak—, hogei urtekoa. Horri buruzko epaia eman beharko du gaur bertan osatuko den zinpeko epaimahaiak.

2018ko abuztuaren 12 hartan, goizaldean, Parte Zaharreko Perujuantxo kalean Niebla andre batekin hizketan ari zela, beste gizonezko bat hurbildu, eta buruan kolpe bat eman zion. Erasotzailearen bikotekide ohia zen emakumea, eta «jelosiak jota» joan zen Nieblarengana, jotzera. Ukabilkadaren ondorioz erori zen Niebla, eta konorterik gabe gelditu zen lurrean. Larri zaurituta eraman zuten Donostia ospitalera, baina bi hilabete eta gero hil zen. 28 urte zituen.

Gertakariak aintzat hartuta, Fiskaltzak hamabi urteko espetxe zigorra eskatu du akusatuarentzat —kartzelan dago atxilotua izan eta erasotzailea bera izan zela aitortu zuenetik—, eta homizidio delitua leporatu diote. Fiskalak, gainera, zehaztu du Niebla lurrean zegoenean erasotzaileak joka segitu nahi zuela, eta jendeak geldiarazi egin behar izan zuela. Espetxealdiaz gain, bost urtez zaintzapean aske egotea eta 195.000 euroko kalte-ordainak ere eskatu ditu fiskalak.

Bestelakoa da akusazio partikularren ikuspuntua. Nieblaren heriotza hilketa delitu bat izan zela diote, eta hogei urteko kartzelaldia eskatu dute akusatuarentzat. Batetik, gaztearen familiak egin du eskea, eta, bestetik, Urnietako Udala ere izango da epaiketan akusazio partikular gisa. Biek maltzurkeriaz jokatzea egotzi diote akusatuari, eta, gainera, eskatu dute aintzat hartzeko genero aldagaiak zerikusia duela; izan ere, erasotzailea Nieblari oldartu zitzaion bere bikotekide ohiarekin hizketan zegoelako, eta «jeloskor jarri» zelako.

Urnietako Udalaren babesa

Hain zuzen, indarkeria matxistaren faktorea kontuan hartzeko eskatu izan du familiak behin baino gehiagotan, eta hala egin du Urnietako Udalak ere. Joan den uztailean, udal talde guztiek aho batez onartu zuten Niebla indarkeria matxistaren biktima izendatzeko herrian, eta azken asteetan urrats bat harago eman dute: udalak adierazpen bat argitaratu zuen joan den azaroaren 19an, Eusko Jaurlaritzari eskatzeko gizonezko gaztea indarkeria matxistaren biktimatzat hartua izatea.

Zehazki, adostu dute Jaurlaritzako Giza Eskubideen Batzordean Nieblaren kasua azaltzea, eta eskatzea Berdintasun Legean aldaketa bat egiteko, gizonezkoak —halako kasuetan— indarkeria matxistaren biktima izateko modua emateko. Gaztearen senitartekoek hartuko lukete parte agerraldian.

Gaur, akusatua

Horren aurretik, ordea, Gipuzkoako Lurralde Auzitegian izango da gaur Nieblaren sendia. Ondo bidean, akusatuak hartuko du hitza gaur —haren abokatuak eskatu du lesioengatik isun bat ipintzeko, eta zeharka, izatekotan, homizidioa leporatzeko—.

Lehenik, edonola ere, epaimahaia eratu behar da, eta, hortaz, posible da gaur hastea deklarazioak. Sei egunez egingo dira saioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.