Asier Nieblaren hilketan genero astungarria onartzeko eskatu dute

Manifestazioa egin dute EAEko Auzitegi Nagusiak atzera botatako erabakia salatzeko

Manifestazioa, atzo, Urnietan. JON URBE / FOKU.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
<i>Urnieta</i>
2021eko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
«Justizia» eskatu zuten atzo Urnietan (Gipuzkoa) Asier Nieblarentzat, eta «bera bezala biktimatzat hartu ez dituztenentzat». Herritarrak manifestazioan abiatu ziren Nieblaren familiak zeraman pankartaren atzean, eta kultur etxera iritsi bezain pronto Joana eta Juanjo Niebla Asierren anai-arrebek esan zuten aldarrikatu nahi zutena, familiaren izenean. «Genero» hitza izan zuten aldiro ahotan, EAEko Auzitegi Nagusiak genero astungarria kendu baitio Nieblaren hilketagatik zinpeko epaimahaiak erabakitakoari: «Gogoan izan Asier hiltzeko motibazio bakarra, berriz diot, motibazio bakarra, generoa izan zela».

Hilketa sufritu duen familiak «injustizia handia» egin dela sentitzen du, «indarkeria matxistaren ondorioz hil baitzen». Atzoko egunez duela hiru urte ziplo erori zen Niebla Donostian, emakume batekin hizketan ari zela Jonathan Lorenzok kolpe bat eman ondoren. Konortea galdu zuen, eta, bi hilabete koman egon ostean, hil egin zen. Erasotzailearen bikotekide ohia zen emakumea, eta akusatuak deklaratu zuen hura Nieblarekin ikusi eta «inpotentziagatik» eraso ziola.

Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak hamabi urte eta 11 hilabeteko zigorra ezarri zion Lorenzori joan den urtarrilean. Giza hilketa leporatu zioten, eta genero astungarria ezarri. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, ordea, atzera bota zuen zinpeko epaimahaiak erabakitakoa, eta, zigorra 11 urte eta sei hilabetera murrizteaz gainera, genero astungarria kendu zion. Auzitegiak zehaztu zuen ezin dela frogatu Zigor Kodeko 22. artikuluak genero astungarria aplikatzeko aurreikusten duena. Epaiaren arabera, frogatu egin behar da akusatuak egindakoa «emakume biktima» baten kontra izan zela, «emakume izate hutsagatik» eta «bere nagusitasuna argi utzi nahi izateagatik». Ez du halakorik ikusi auzitegiak.

Familiaren abokatuak eta Urnietako Udaleko alderdi guztiek—udala epaiketan akusazio partikular gisa aurkeztu zen— hasieratik nabarmendu zuten Nieblaren hilketaren atzean «oinarri matxista» zegoela. Epaiketan biek ala biek nabarmendu zuten emakume batekin hizketan ari zelako jo zuela akusatuak Niebla, eta, beraz, genero indarkeria zegoela auziaren muinean.

«Asier biktima bat da», nieblatarrek ozen salatu dutenez. «Genero indarkeriaren legea beharrezkoa da, eta emakumea emakume izateagatik soilik dagoela babesik gabe, halaxe da; baina uste dugu zoritxarrez legeak hutsuneak dituela Asierrena bezalako kasuak aztertzeko: zaharkituta dago; biktima kontzeptua zabaldu beharko litzateke».

Helegitea Gorenean

Joan den ekainean EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakiaren berri izan zutenean, «ezin sinetsita» geratu zen familia, lur jota, baita urnietarrak ere. Atzoko elkarretaratzera joandakoen artean tristura eta haserrea nabari ziren, biak batera, baina «borrokan» jarraituko dutela adierazi zuten. Juanjo Nieblak ez du zalantzarik: «Oso zaila izango da epaitegietan irabaztea, baina horren bila joan behar dugu, eta, bien bitartean, kalean izango gara».

Espainiako Auzitegi Gorenera joko dute, Joana Nieblak azaldu duenez, «irailean, seguruenik». Horretan dauzkate jarrita esperantzak, jakin badakiten arren oso zaila izango dela, Juanjo Nieblak aitortu duenez: «Jurisprudentzia ezarriko luke, eta badakigu horrek zer esan nahi duen, baina genero indarkeriaren legea zaharkituta dago, bistan denez, eta egunen batean aldatu beharko da».

Atzoko ekitaldiaren amaieran, familiak eskerrak eman zizkien Urnietako Udaleko ordezkariei eta herritarrei, eta loreak banatu zituzten herritarren artean, kultur etxean Asier Nieblaren omenez ezarrita dagoen plakaren aurrean uzteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.