Aspaldikoa zen eskaera, eta Joseba Asironek Iruñeko alkatetza hartu zuenean iragarri zuen memoria historikoaren legea betetzeko prozedura hasiko zuela. Hala, alde guztiekin hitz egin ostean, atzo iragarri zuen udalak Emilio Mola eta Jose Sanjurjo jeneralen gorpuzkiak Erorien Monumentutik ateratzeko asmoa. Erabakia, ordea, ez da guztien gustukoa izan, eta gaur goizean Asironen aurkako pintaketak agertu dira Iruñean eta Uharten: Donibaneko igerilekuetan eta Aretako industrialdean, hurrenez hurren. "Asiron, ausartu hadi bizirik daudenekin" irakur daiteke horietan. Iruñeko Udalak eguerdian ezabatu du Donibane auzoko pintaketa.
Sanjurjoren familiak oharra kaleratu du erabakiaren kontra. "Oinarrizko eskubideak" urratu dizkietela uste dute; haien "familia eta memoria laidoztatu" dituztela azpimarratu dute, eta salatu dute "ofizialki" inork ez diela eman gorpuzkiak ateratzeko asmoaren berri. "Adiskidetzea" lortu nahian ibili beharrean "gatazka" sustatzea aurpegiratu diote Iruñeko alkateari. Ohartarazi dute beren esku dauden prozedura guztiak abiatuko dituztela: "Gure aitaren eta aitonaren izen onaren eta ohorearen alde".
Asironek, ordea, ziurtatu du familia guztiei eman zietela asmoaren berri, eta horietako gehienekin ados jarrita hartu dutela gorpuzkinak hobitik ateratzeko erabakia. Asironek azaldu du udaleko "ordezkari kualifikatuak" jarri zirela harremanetan senideekin, gaiaz hitz egiteko; zazpi lagunen arrastoak atera nahi dituzte, eta horietako seiren senideekin jarri dira harremanetan, zazpigarrenari ez baitzaio oinordekorik ezagutzen. Familia gehienak agertu ziren ados gorpuzkiak hobitik ateratzearekin, Asironen esanetan.
Oroimen historikoa izan du hizpide Asironek: "Guk ez dugu egiten memoria historikoaren aginduak bete baizik". Eta erantsi du: "Galdera ez litzateke izan behar zergatik egiten dugun hau, lehenago zergatik ez den egin baizik".
UPN ez da fio
UPNk ez du hitz onik izan EH Bildurentzat. Asironekin ez dela fiatzen argudiatuta, gorpuzkiak hobitik ateratzeari buruzko espedientea eskatu du. Enrique Maia zinegotziak prentsaurrekoan azaldu duenez, Asironek atzo egin zuten bozeramileen batzordean esan zuen hobitik aterako dituztenen familiak jakinaren gainean eta ados daudela; eta artzapezpikutza ere halaxe dagoela "familiak ados badaude". Hori hala dela azaltzeko txosten juridikoak zituela esan zuen Asironek bilera horretan, Maiaren arabera. Horregatik, eta Sanjurjoren familiaren oharra ikusita, txosten horiek eskatu ditu Maiak.
Dena dela, ez dira denak iritzi berekoak. Ahaztuak elkarteko bozeramaile Carlos Otxoaren iritziz, "pozgarria" da udalak hartutako erabakia, nahiz eta 80 urteren ondoren zenbait kontu oraindik ezkutuan dauden. "Justiziari dagokionez, aurrerapausoak egiten ari gara, baina ez dakigu noraino iritsiko diren", azaldu dio Otxoak BERRIAri.
1936ko estatu kolpearen buruzagi nagusietako bi izan ziren Mola eta Sanjurjo: kolpearen beraren diseinatzaile nagusia lehena, eta matxinadaren buruzagi nagusi bilakatu behar zuena bigarrena. Ordea, biak hegazkin istripuz hil ziren.