«Askapen borrokaren» 50. urtea

Orain 50 urte argitaratu zuen ETAk, 1964ko urtarrilaren 1eko datarekin, herritarren artean pilaka zabaldu zuen lehen agiria: «Aurten izango da Euzkadi'ren askatasun osoaren aldeko burrukan lehendabiziko urtea».

Hodei Iruretagoiena.
2013ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Euskal Herri osoari lehenengo Aberri-Dei hau bidaltzen dio ETAren Buruzagitza'k. Gure agurra itxaropen-agurra da, aurten izango baita Euzkadi'ren Askatasun osoaren aldeko burrukan lehendabiziko urtea». Euskadi Ta Askatasunak herritarrei zabaldutako lehen agiriaren hasiera da, orain 50 urtekoa: Euskal Herria'ri ETA'k Dei. 1964ko urtarrilaren lehena zen, eta ordurako erakundeko militanteengan errotua zegoen ETAren izatearen arrazoien kontzientzia. «ETAk Erresistentzia berria sortu du». Horretan, berebiziko garrantzia izan zuten hilabete haietako gertaerek, gaur arteko bideak beste mugarri batzuk ere izan dituen arren.

Frankismo betean, 50eko hamarkadan Ekin taldean aritu ziren gazteek sortu zuten ETA. 1958ko abenduan Deban (Gipuzkoa) egindako bilera aipatzen da sorrera une gisa, ordura arteko abertzaletasun klasikoarekin izandako desadostasunek bide emanda —EGIren barruan gertatutakoak lekuko—. Gerora, espazio ideologiko eta politiko berri baten sorburu bihurtu zen gertakari hura, Francoren altxamendu militarrak eta gerraosteak ilunpera eraman ondoren 1930ean ANVk irekitako bidea. Hala kontatu zuen ETAk berak, 50. urteurrenean argitaratutako agirian: «ETAren sorrerak abertzaletasun modernoa sortu zuen, herri honi duintasuna itzuli zion. ETA izan zen nazio arazoa eta klase kontzientzia enbor bereko ezpalak zirela ondorioztatu zuena».

Ordea, txanponaren bere aldea argiago ikusi ohi du bakoitzak, eta, lehen agirian «presunari dagozkion politika eta sozial-eskubideak» aipatu arren, hasiera hartan pisu handiagoa zuen arazo nazionalak sozialak baino. Sorrera hartan aritu zen Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-k kontatu zuen, Euskal Herria helburu liburuan, bi talde topatu zituela ETAren I. Biltzarrean (Hendaia, 1962ko maiatza). Batzuen ustez, besteak «eskuindarrak» ziren; «elizkoiak», «atzerakoiak». Edo alderantziz: besteak «felipeak» ziren, «españolistak».

Erreferentzia eta sendotzea

Eztabaida haiek nabariak izan ziren ETAk egindako idazkietan; bai Ekinekoen testuetan oinarrituta egindako trebakuntzan eta eztabaidarako Kuadernoetan, bai Zutik aldizkarietan. Dena den, eta eztabaida horiek ondorengo biltzarretan erabakiko baziren ere, gaur arte aldarri nagusitzat izan dituenen zantzuak ikus litezke lehen agirian. «Aberri-askatzearen eta sozial-askatzearen burruka, euskaldun guziek egiña, dauka [ETAk] Euzkadi'ren soluzio bakartzat. Auto-determinazioa eta askatasuna behar ditu Euzkadi'k». Zenbaitetan «Euzkadi» edo, gerora, «Euskal Herria» erabiliz, baina helburu horiek agertu dira behin eta berriz ezker abertzalearen estrategian. Franco hil baino lehen eta Franco hil ondoren. Sinpleki azaldu zuen ETAk 50. urteurrenean: «Frankismo garaian sortu arren, ETAren helburua ez zen frankismoa garaitzea».

1964 aurreko urteak, lehen agiri hartan aldarrikatutakoaren ildotik, esan liteke «erresistentzia berri» hori ernaldu eta egonkortzeko urteak izan zirela, ideologikoki nahiz antolakuntza aldetik. Ikurrinak jarri, propaganda zabaldu eta lehergailuekin lehen ekintza txikiak egin ondoren hasi zen Espainiako Polizia frankista lehenengo militanteak atxilotzen. 1960ko uda arte, ordea, ez ziren hasi ETAren erreferentzia zabaltzen. Hasiera hartan Poliziak ez baitzekien oraindik erakunde berri bat sortua zenik —EGIri egozten zizkioten ekintzak—. Txillardegiri galdetu zioten lehenengoz ETAri buruz, hark kontatu izan zuenez. Hala, 1961eko urtarrilaren 1ean pasatu zuen Euskal Herria bi estatutan zatitzen duen muga, Dantxarinetik, eta erakundeko lehen iheslari bihurtu zen.

Handik bi hilabetera izan zen ETArekin loturiko lehen hilketa: martxoaren 27an hil zuen Poliziak Javier Batarrita, Boluetan (Bilbo), erakundearekin zerikusirik izan ez arren; tirokatu egin zuten, auto hartan Julen Madariaga, Benito del Valle eta Manu Agirre zihoazela uste zuten poliziek.

1961eko uztailaren 18koa izan zen lehen ekintza sonatua, frankistaz beterik Donostiara zetorren trenaren aurka egindakoa. Altxamendu militarraren 25. urteurrena ospatzera zetozen: 25 años de Paz (25 bake urte). Trena errailetatik atera ez arren, kolpe gogorra izan zen hura frankistentzat, eta halakoa izan zen erantzuna ere: berrehun lagun inguru atxilotu zituzten, egitura osoa joz.

Egitura ia deseginda geratu arren, pixkanaka herritarrengan erreferentzia politikoa bereganatzen ari zen ETA. «Euskal Herrian nabarmen agertu da Euskal Erresistentziaren piztea, ETAk gazteturik eta berriturik», zioen agiriaren hasieran. Sendotze urteak izan ziren, beraz, lehen agiriaren aurreko lauzpabost urte haiek. Ordurako, lehen bi biltzarrak eginak zituzten: Hendaia (Lapurdi), 1962ko maiatza; Capbreton (Frantzia), 1963ko martxoa. Ipar Euskal Herriko Enbata mugimendu sortu berriarekin ere izan zituzten harremanak, eta II. Biltzar hartan haien ordezkari bat ere izan zen.

«Bidegurutzean», berriz ere

Hasierako aro horren ondoren, «itxaropenez» ikusten zuten etorkizuna ETAko militanteek, eta jarria zuten begirada urte batzuen buruan etor zitekeenean: «Abertzale izena erabiltzen duten euskaldun indar batzuk (...) Madrilen —ots, hauzo-herriko hiriburuan— errepublika bat edo erregetza bat onhart-arazi ondoren gure probintzia batzutan beharbada barne-askatasun piska bat emango zaigun ustean, Euskal Herria berriz ere español-istillu batera eraman nai dute». Horrela ez bukatzeko, bi aukera argi zeudela esan zuten: «Euzkadi ala Españia (edo Frantzia). Alde ala aurka (...) Euskal Erresistentzian ari diranak dira abertzale (...) Zanpatzaillearen ezin-garaitzea ipui bat besterik ez da. Egiñez barreatuko dugu ipui hori».

Egite horretan pasatu da mende erdia, bere fase, negoziazio eta proposamenekin. «Gaur independentziaren aldekotasuna duela 50 edo 30 urte baino errotuago agertzen zaigu», zioen 50. urteurrenean, «eguneroko xinaurri lana» goraipatuz. Berriz ere, ordea, hasiera hartako «bidegurutze politikoan» ikusten zuen Euskal Herria. «Ez dago tarterik, herri honetako indarrak aukeratu beharrean daude: independentziaren bideari ekin ala beste 30 urtez porrot eginiko partizioaren eta ez ezagutzaren formulak errepikatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.