Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, Jose Mari Dorronsoro euskal presoa aske geratu zen abuztuan, Frantzian betetako zigor urteak kontuan hartu ostean. Urte horiek kontuan hartuta, Auzitegi Nazionalak ebatzi du haren zigorrak 2023ko uztailean bukatu behar zuela; hau da, duela bi urte baino gehiago. Dorronsorok, denera, 32 urte egin ditu preso.
Dorronsoro 1993ko abuztuan atxilotu zuten, Parisen. Hamar urteko espetxe zigorra ezarri zioten ETAko kide izateagatik, eta Frantzian egon zen espetxeratuta 2001era arte. Orduan Espainiaratu zuten, estradizio eskaerei men eginda. Besteak beste, Puerto III espetxean egon zen preso geroztik, Euskal Herritik 1.020 kilometrora. Handik Iruñera lekualdatu zuten 2021eko martxoan, eta Martutenera (Gipuzkoa) 2022ko otsailean. Urte eta erdi geroago, hirugarren gradua onartu zioten, eta iazko ekainetik etxean ari zen zigorra betetzen. Orain, 70 urterekin, aske da.
Espainiako Gorteek iazko irailean onartu zuten 7/2014 lege organikoaren aldaketa, espetxealdiak ezartzerakoan Europako Batasuneko beste herrialde batzuetan betetako urteak kontuan hartzeko. Orduan, Sare Herritarrak adierazi zuen 50 presori baino gehiagori eragingo ziela neurri hark, eta horietako zazpik berehala aske beharko luketela. Oraingoz, baina, motel doaz ebazpenak. Aurrez, lege aldaketa aplikatuta geratu ziren aske Balbino Saenz Olarra eta Jon Mirena San Pedro.