Kontxi Ibarreta. Sara Majarenasen ama

«Aske uztea ez litzateke izan behar erabaki politiko bat»

Presoa aske uztea; baldintzapean, baina aske, eta etxean. Hori litzateke justizia egitea, Majarenasen senideen arabera.

GORKA RUBIO / ARP.
jokin sagarzazu
2017ko martxoaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Sara Majarenas presoaren ama da Kontxi Ibarreta (Donostia, 1956). Picassenten izan zen atzo, eta han jarraituko du, egoera argitu arte. Auzitegietako azken orduko erabakien aurretik hitz egin du BERRIArekin. Une «gogorrak» bizi dituztela dio.

Epe motzean, zer espero duzue?

Ama eta alaba, biak batera atera nahi ditugu kartzelatik. Abokatuek eskatu dute baldintzapeko askatasuna Sararentzat [Majarenas]. Azkenengo egunetan nabaritu dugu, oraingoz, ez dela posible izango. Hori jakinik, oso tristea izan da hara joatea.

Haurrak badu gerta daitekeenaren berri? Prestatua dago?

Ama aspalditik ari zen umea prestatzen. Haurrak bazekien hiru urte betetakoan, Donostiara etorriko zela, amonaren eta aitonaren etxera, eta izebarekin, eta ikastolara joango zela... Lan hori egina zuen Sarak. Baina gertatu dena gertatu da, eta orain ez du inolaz ere amarengandik banandu nahi; ez du gurekin etorri nahi. Kezkatuta gaude horrekin.

Azken egunetan, beraz, jarreraaldatu du haurrak.

Bai, izugarri. Erasoa jasan zuenetik, une bakar bat ere ez du eman nahi ama gabe. Aurretik, ikusten zuen Donostiara etortzearena, idealizatua zuen, eta pozik zegoen. Baina, orain, ez du entzun ere egin nahi gurekin etorri behar duela. Datozen egunetan gerta daitekeenarekin beldur naiz.

Haurra zuekin izatea zenuten aukera bakarra?

Dena argitu arte, hori da aukera bakarra. Gurekin etorriko zela aspaldi zegoen hitz eginda. Sarak espetxean haurra izan zuenetik, bagenekien hala izango zela, eta prest gaude. Haurrak badu beste aitona bat, baina, tamalez, oso gaixo dago.

Pentsatu duzue erakunderen baten zaintzapean uztea?

Oraingoz, ez digute aukera hori edo bestelakorik eskaini [bigarren gradua eman aurretik eginda dago elkarrizketa]. Hala bada, baloratuko dugu, baina guk nahi duguna da aske uztea, eta Euskal Herrian.

Azken egunetan, nolakoa izan da amaren eta alabaren arteko harremana?

Maitasunaren eta gorrotoaren artekoa. Amorrua nabari zaio haurrari. Gertatu den guztiaren ondorioak kanporatzen ari da amaren kontra. Bost astez egon da ospitalean, zauri oso larriekin, lautan egin diote ebakuntza, lautan zaintza intentsiboetara itzuli: birrinduta dago fisikoki. Eta, psikologikoki, min hori guztia ari da ateratzen: edozerengatik haserretzen da, gauez ez du lorik egin nahi, amesgaiztoak ditu...

Egoera horri aurre egiteko, zer gomendatu dizuete medikuek?

Denek esaten dute amak eta alabak elkarrekin egon behar dutela. Bi txosten daude: bata espetxean lan egiten duen psikologoarena, eta bestea La Fe ospitaleko [Valentzia, Herrialde Katalanak] taldearena. Biek diote haurra une oro ari dela eskatzen amaren babesa, eta behar-beharrezkoa dutela biek elkarrekin egotea, biek batera zauriak sendatzea.

Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzarako epaile Jose Luis Castrok badu txostenen berri?

Bai. Oker ez banago, aste honetan edo aurrekoan harekin izan ziren abokatuak, eta esku artean izango ditu.

Nola baloratzen duzu epailearen orain arteko jarrera?

Nire sentsazioa da berak borondate ona duela, baina ez duela konpromiso argirik erakutsi nahi izan; ez dakit zergatik. Orain arte, oso zehaztugabea izan da bere erabakietan, eta berandu jokatu du, beldurtuta ariko balitz bezala; ez dakit. Lehenengo, lortu genuen Sarak eta haurrak elkarrekin egoteko ordutegia luzatzea; gero, 24 orduz egon ahal izatea, baina 26 egun pasatu ziren hori erabaki zuenerako.

Zer eskatu duzue auzitegian?

Dakidana da abokatuek baldintzapean aske uzteko eskatu dutela, baina ez dakit zein baldintzatan: ez dakit zaintzapeko askatasuna den, eskumuturrekoarekin [telematikoa], etxean preso, nola. Ez nago ziur. Nik eskatzen dudana da Sararen askatasuna. Bere zigorraren hiru laurdenak beteakditu aspaldi [duela bi urte eta erdi], eta kalean beharko luke. Baldintzapekoa dela? Ba, ondo hori ere. Baina, faborez, ume hau ez dezatela berriz ere bere amarengandik banandu. Hori gertatzen bada, ez da inorekin fidatuko. Behin eta berriz amarengandik banatzen ari gara besteok, eta jada ez du konfiantza inorekin: pentsatzen du denok gezurretan ari gatzaizkiola.

Jarri al duzue epailearen edo Espetxe Zuzendaritzaren mahaian Euskal Herriko edo gertuko kartzela batera hurbiltzeko aukera?

Niri horrek ez dit balio, hori banaketaren dramarekin jarraitzea delako. Hilean behin, aurrez aurreko bisita bat: eta gero zer? Berriz banatzea? Umeak uste du amak kale egin diola, eta, ikusten badu behin eta berriz banatzen dutela, ez du hobera egingo.

Larunbateko agerraldian esan zenuen justizia eta politika banandu behar direla. Zer esan nahi zenuen zehazki?

Sara aske geratzea izango litzateke justizia egitea; preso uztea, politika. Hala ere, horri ez nioke politika deituko, indarkeria deitzen diot nik horri. Kasu honetan, biktima bat dago: haurra. Bera ari dira zigortzen. Lehenengo, indarkeria sexistaren biktima izan zen, ama bezala: bikotekideak ama zigortu zuen, haurrari min eginda. Orain, sistema honek berriz zigor dezake umea, bere ama erabilita, hura preso mantentzen badute.

Terrorismo delituengatik zigortutakoei legeak ez die baimentzen zigorraren hiru laurdenak betetzean baldintzapean aske uztea, ez badituzte eskaera berezi eta zehatz batzuk betetzen: ETAtik aldentzea, justiziarekin kolaboratzea... Majarenasek egin al du urratsik bide horretan?

Kasu honetan ere horri eustea oso krudela iruditzen zait. Baina egin nahi badute, eman diezaiotela haurrarentzat irtenbide bat. Utz dezatela amarekin beste urtebetez [datorren urteko apirilaren 9rako du irteera data Majarenasek]. Mina biktimek jasaten dute, kasu honetan haur batek. Horri irtenbide bat ematea izango litzateke justizia, ezta?

Lege aldetik salbuespen bat egin beharko litzateke baldintzapean aske uzteko, eta horrek eragingo lituzke kritikak hainbat sektoreren aldetik.

Horrek gure kontra jokatzen du, zalantzarik gabe. Baina berriz diot: ez litzateke erabaki politiko bat izan behar, justiziazkoa, gizalegezkoa baizik. Hiru urteko biktima bat dago, bere amaren beharra duena. Terrorismoaren biktimek eta haien eskaerak ez dute zerikusirik kasu honetan.

Auzitegiez gain, zein beste ate jo duzu?

Denetatik. Eta asko lagundu didate horretan. Oso eskertuta nago jaso dugun babesarekin. Baina zeinek du giltza? Ez dakit epaile hau den, edo Espetxeetako Zuzendaritza den, edo gauza bera diren. Niri gustatuko litzaidake pertsona horrekin zuzenean edo telefonoz hitz egitea eta esatea: «Faborez, utz ezazue aske behingoz». Baina hori ez dago nire esku. Bitartean, abokatuek sekulako lana ari dira egiten.

Zer iritzi duzu kalean eta bereziki Interneten auziak izan duen oihartzunari buruz?

Oso positiboa iruditzen zait. Gure kasu konkretuan, espero dut [atzoko] manifestazioak balio izatea mezua behar den lekura iristeko, bozgorailua izatea. Badirudi injustizia honek esnarazi dituela hainbat kontzientzia. Herri gisa bizirik gauden sintoma bat da, azkenaldian lo geundela baitzirudien.

Donostiako Udalean adierazpen baten bidez Majarenasen askatasuna galdegin dute alderdi guztiek; PPk ez zuen sinatu, baina bilkuran parte hartu zuen. Zein balorazio egiten duzu?

Oso garrantzitsua iruditzen zait; ez zuten zalantza izpirik izan. Nahiz eta udal mailako eragile politikoak izan, nire ustez, horrek balio behar die goragoko agintariei ere, erabakiak hartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.