Miren Josu Omaetxebarria. Ikergazteren zuzendaria

«Asko dira eguneroko martxan euskara darabilten ikertzaileak»

Durangon egin zuten, orain urte bi, Ikergazteren lehen aldia. Hark lagatako lorratza igarri da bigarrena antolatzean; Iruñean izango da, maiatzaren 10etik 12ra. Euskaraz jarduteko, eta zubiak eraikitzeko.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
arantxa iraola
2017ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Prest dago Ikergazte 2017 Nazioarteko Ikerketa Euskaraz kongresuaren egitaraua. Maiatzaren 10ean hasi eta 12ra bitartean egingo da, Iruñean, UEU Udako Euskal Unibertsitateak antolatuta. Bigarren aldia da; 2015ean egin zen lehena, Durangon (Bizkaia). Aurtengoa antolatzeko orduan aurrekoak lagatako arrastoa agerikoa izan dela azaldu du topaketako zuzendari Miren Josu Omatxebarriak (Gernika-Lumo, Bizkaia 1970) —EHUko Biokimika eta Biologia Molekularra saileko irakaslea ere bada—: «Jakinarazi dugu, aurten ere, zer den Ikergazte, baina erraza izan da lanak jasotzea. Interesa egon da: Ikergazte ikusi, eta lanak prestatzen hasi dira asko». 140 ikerlan jaso dituzte, eta 125 inguru onartuak izan dira kongresurako. Erronka bat bazuten aurrekotik: «Gizarte zientziek pisu handiagoa izatea nahi genuen». Eta pozik daude lortutako emaitzarekin: hitzaldi nagusietan —Laurence Tresse astrofisikariak, Jose Ramon Etxebarria fisikariak, Arkaitz Carracedo biologia molekularreko ikertzaileak eta Elin Haf Gruffydd Jones hizkuntza gutxietako adituak emango dituzte— eta ikertzaile gazteek aurkeztuko dituzten azterlanetan jakintzaren alorren arteko oreka «fintzea» lortu dute. Asteon amaituko da izena emateko epea.

Ikertzaile gazteek 125 lan aurkeztuko dituzte kongresuan. Zer erakutsiko dute lan horiek?

Euskal Herrian ikerketan eta euskaraz diharduten guztiak ez dira egongo, baina nik uste dut lagin nahiko adierazgarria izango dela.

Orain bi urte, lehen kongresua amaituta, esan zenuten «patxada eta naturaltasun osoz» egin zenutela euskaraz. Oraino gogorarazi behar da egin daitekeela ikerkuntza euskaraz?

Nik uste dut ezaugarri inportante bat dela euskaraz jardungo dugula; egia da naturaltasunez jarduten dugula, baina erakutsi egin behar da: ikusi egin behar da ikerketa euskaraz egiten dela. Ikergazteren helburuetariko bat horixe da: ikusgarritasun hori lantzea. Egia da ikerketaren helburuetako bat mundu mailako zabalkuntza dela, nagusia ez bada, nagusietarikoa; orduan, mundu mailako zabalkunde horretan ingelesa da nagusi. Ikerketaren parte bat da hori: munduan azalaraztea zure jakintza. Baina, gero, asko dira eguneroko martxan euskara darabilten ikertzaileak: gero eta gehiago. Eta hori pixka bat isilean geratzen da. Lotuta dago, era berean, honakoarekin: euskarazko argitalpenei ez zaie hainbesteko balioa ematen, ez curriculumetan, ez beste maila batean. Eta, hain justu, Ikergazteren beste helburu bat horixe da: euskarazko ekoizpenari bultzada bat ematea. Baina bai, oraindik azalerazi behar da ikerketa dela mundu bat, baina ez dagoela mundu honetatik aparte, eta bakoitzak egiten duela bere hizkuntzan: guk egiten dugu euskaraz. Gizarte kritiko bat izan nahi badugu, ikerketak eta zientziak gizarte horren parte izan behar dute, eta Euskal Herrian ikerketa hori euskaraz zabaldu beharko da, ezta?

Curriculumetan euskarazko ikerketek garrantzi apalagoa izaten dutela adierazi duzu. Non dago arazo horren jatorria?

Nik nire alorretik hitz egingo dizut. Zientzietan, mundu mailan, zure curriculuma neurtzen da argitaratu dituzun nazioarteko artikuluetan: zenbat artikulu, hori da zure balioa ikerketan. Egia da, azken urteotan, nik ezagutzen dudan arloan, EHUn, eskolak emateko poltsak-eta antolatzen direnean, badagoela alor bat aintzat hartzen dituena euskarazko ikerketak eta dibulgazioa... Pixkatxo bat bultzarazten hasi da orain. Baina, hala ere, arazoa da euskara orain arte erabili izan dela, gehien jota, dibulgazioa egiteko. Uste dut euskaraz egindako argitalpenei nolabaiteko balioa eman behar zaiela, edo, agian, diskriminazio positibo bat. Oraingoz. Helduko da garaia igual horrelakoen beharrik izango ez dena, baina gazte jendeak ikusi behar du euskaraz argitaratzeak baduela balio bat; eta hori ez dute ikusten.

Euskaraz zientzia argitalpenak egiteko aldizkari gehiago behar dira? Edo erreferentzialtasun handiagoa behar dute?

Erreferentzialtasun handiagoa behar dute, zalantzarik gabe: hori seguru. Oraingoz, nik uste dut aski badirela, baina aitortza handiagoa behar dute; aitortza zenbat eta handiagoa izan, orduan eta ikertzaile gehiagok ahalegina egingo dute beren lanak euskaraz argitaratzeko. Eta Ikergazteren helburuetako bat, hain zuzen ere, horixe da.

Beste xede bat ikertzaileen arteko sareak ehuntzea da. Orain bi urtekoak, alde horretatik, laga zuen arrastoa igartzen al da? Haren fruituak bistakoak dira?

Bai, zalantzarik gabe. Gainera, ezagutu ditugu kasuak: esaterako, entzule bat hitzaldi bat eman zuen pertsonetako batekin harremanetan jarri, eta proiektuak garatu dituzte elkarrekin. Inportantea da diziplina ezberdinen arteko ezagutza izatea, eta Euskal Herrian zer egiten den ikustea. Euskal Herrian zer ikertzen da? Zer gai ikertzen dira? Hori ikustea.

Nolako kalitatea dute, oro har, aurten jaso dituzuen ikerlanek?

Ona. Egia da igartzen dela ikertzaile guztiek ez dutela euskaraz idazteko ohitura bera; eguneratuta egoteko falta ikusten da zenbait lanetan. Bere garaian akaso euskaraz ikasi zuten, baina gero idazteko orduan oso gutxi erabili izan duten ikertzaileak dira. Ander Altuna UEUko euskara arduradunak egin dizkie horrelako orrazketa eta gomendio batzuk; bidali, eta hainbat aldaketa egiteko eskatu zaie. Baina premia larregirik ez da ikusten, portzentaje txiki batean agertzen da hori.

Ikergazte. Izenean darama ezaugarria kongresuak. Zein izango da batez besteko adina?

Adina bainoago, kontuan hartzen da ikerketa ibilbidean non dagoen bakoitza. Onartzen ditugu tesia egiten ari direnak, berriki bukatu dutenak... Ikertzaile pila bat daude Euskal Herrian. Nik uste dut 35 urteren buelta horretan ibiliko direla zaharrenak, baina ez da adin kontua: ibilbidea hartzen da kontuan. Oro har, tesia egiten, amaitu berri, edo haien ikerketa taldea osatzen ari diren ikertzaileak hartzen ditugu: bidean egonkortzen ari diren zientzialariak.

Horietako askok, Ikergazte ez balego, ez lukete izango haien ikerketak aurkezteko foro bat?

Seguruenera. Egia da, alorrez alor, bakoitzak bere kongresua beti daukala: aukera hori hor izaten duzu. Baina hemen, bere txikitasunean, sekula ahozko aurkezpen bat egin ez duen ikertzaile batek era izango du horretarako. Eta gero oso inportantea da diziplina ezberdinetako ikertzaileek elkarren berri izatea. Askotan bakoitza bere alorrari begira-begira egoten da, uztarria jarrita bezala; baina gero eta garrantzi gehiago ematen zaio Europan, eta beste hainbat erakundetan, diziplinartekotasunari: nola lotu zientzia eta gizartea, zientzia eta osasuna... Edo, esaterako, lan kliniko bat egiten baduzu, gero eta gehiagotan behar duzu, adibidez, estatistikan aditua den norbait. Jende ezberdina ezagutzeak burmuinean klik bat egiten laguntzen dizu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.