Guardia Zibilak Gorka Murillo atxilotu zuen atzo Aizarotzen (Nafarroa), Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonek aginduta. Berri agentziek ikerketako iturriak aipatuz zabaldu zutenez 35/02 sumarioarekin lotuta atxilotu zuten Murillo. Sumario hori Batasunaren kontrakoa da.
Askatasunak jakinarazi duenez, 17:00etan atxilotu zuten Murillo, etxetik ateratzen ari zela, eta Guardia Zibilak etxea miatu zuen gero. Murillo berehala askatzeko eskatu du Askatasunak.
Nafarroako Abertzale Sozialistak hautesle elkartearen Nafarroako Legebiltzarrerako zerrendan dago Murillo, 34. postuan.
Askatasunaren ustez, ezker abertzalea maiatzeko udal eta foru hauteskundeetatik kanpo uzteko «sasi frogak fabrikatzen» ari da Espainiako Gobernua Auzitegi Nazionalaren bitartez, eta bide horretan egindako «beste urrats bat» izan da atzoko atxiloketa. Horretarako «tortura, espioitza, jazarpenak eta atxiloketak» erabiltzea leporatu dio Espainiako Gobernuari, eta ekintza horiek «batere erreparorik gabe babestea» EAJri.
Testuinguru horretan kokatu du Askatasunak Guardia Zibilak ETArekin lotura izatea egotzita apirilaren hasieran egindako operazioaren baitan atxilotutako Sergio Lezkanoren atxiloketa ere. «Gezurrezko frogak, epailearen aurrean tortura basatiak pairatu zituela salatu baitzuen».
«TORTURA ARRISKUAN». Askatasuna eta Torturaren Aurkako Taldea (TAT) kezkatuta agertu dira Murillo inkomunikatuta daukatelako. Egoera horretan, «torturatua izateko arriskua» dagoela ohartarazi dute, eta hainbat eskubide urratuta eduki ditzakeela. Inkomunikazioa eta Auzitegi Nazionala desagertzea exijitu du TATek.
ASko hautagai bat atxilotu du Guardia Zibilak Aizarotzen
Askatasunak Espainiako Gobernuari egotzi dio ezker abertzalearen kontra sasi frogak «eraikitzen» aritzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu