Sortu. 'Bakerantz, legalizazioa' manifestazioa

Askotariko jende uholde batek eskatu du Sortu legeztatzeko

'Bakerantz, legalizazioa' leloarekin eginiko martxak adin eta pentsamolde ezberdineko milaka lagun bildu ditu BilbonAlderdi politikoetako eta gizarte eragileetako ordezkaritza zabala izan da

Jende andana, zahar eta gazte, Bilboko kaleetan barrena. GORKA RUBIO / ARP.
jokin sagarzazu
Bilbo
2011ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Sortu ezker abertzalearen antolakunde politiko berria legeztatzearen aldeko manifestazioak milaka pertsona bildu zituen atzo Bilboko kaleetan. Euskal Herri osotik etorritako adin eta pentsamendu askotariko herritarrek lotu zituzten Nerbioi ibaiaren bi aldeak, ezker abertzalearen legeztatzea «bakeranzko zubia» dela sinetsita.

Martxa isila izan zen, baina Bakerantz, legalizazioa zioen pankartak kaleetan aurrera egiten zuen heinean isiltasun hori hausten joan zen, herritarren txalo zaparrada eta irrintzien artean.

Martxa hasi baino ordu erdi lehenago Casilla plazan bildu ziren alderdi politikoetako ordezkariak, oso giro onean. Alderdi batzuetako eta besteetako kideak nahasirik ikus zitezkeen, batzuk besteekin hizketan eta agur beroak elkar trukatzen.

Besteak beste, bertan ziren ezker abertzaleko Rufi Etxeberria, Jone Goirizelaia, Xanti Kiroga, Tasio Erkizia, Iñigo Iruin, Joseba Permach, Aitor Bezares eta Niko Moreno, EAko Pello Urizar, Maiorga Ramirez, Rafa Larreina eta Ikerne Badiola, Aralarreko Jon Abril, Rebeka Ubera eta Mikel Basabe, ABko Mertxe Colina, Alternatibako Oskar Matute eta Ander Rodriguez eta EBko Mikel Arana. Alderdi politikoetako kideez gain, bertan ziren Txiki Muñoz ELAko idazkaria nagusia, Ainhoa Etxaide LABekoa eta Paul Rios Lokarriko koordinatzailea.

Manifestazioa 17:40ean abiatu zen. Bakerantz, legalizazioa zioen pankartari eutsiz manifestazioaren deitzaileetako batzuk: Pello Zabala, Jesus Uzkudun, Patxi Zubizarreta, Iñaki Zarraoa, Xabier Oleaga, Anjeles Iztueta, Antxon Lafont, Periko Ibarra eta Kontxita Beitia, besteak beste. Martxa abiatu zenerako, Autonomia kalea jendez gainezka zegoen, Zabalburu plazaraino ia. Manifestazioaren burua Zabalburura iritsi zenean, ehunka herritar zeuden artean Casilla plazan martxara sartzeko asmoz.

Zeru grisak beste garai batzuetako Bilbo gogorarazten zuen. Bertan zebilen Ertzaintzaren helikopteroa ere. Zeruak, baina, eutsi egin zion euriari. Eta minutu gutxi batzuen bueltan ez zen helikoptero soinurik entzuten. Kalean, berriz, ez zen uniformedun poliziarik ikusten.

Martxak inolako arazorik gabe egin zuen aurrera. Zabalburu plazan geldiune bat egin zuen, ohiko argazkiak ateratzeko. Ehundik gora argazkilari zeuden bertan, hedabideetakoak zein martxan parte hartu zuten herritarrak. Etenaldiaren ostean, txalo zaparrada batekin ekin zion berriz ere aurrera. Zabalburu plazatik udaletxerako bidea arinagoa izan zen, Hurtado Ametzaga kaleko malda eta herritarren animoak hauspotuta. 18:40 pasata iritsi zen manifestazioaren burua udaletxeko plazara. Nerbioi ibaiaren bi aldeak jendez bete ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.