HEZKUNTZA

Aste eta erdiko greba Kristau Eskolan

Sindikatuek gogortu egin dituzte mobilizazioak, lan hitzarmenean aurrerapausorik ez baitute nabari. Urtarrilaren 16tik 25era egingo dute greba. Jadanik bederatzi greba egun egin dituzte.

Mobilizazio bat. MONIKA DEL VALLE, FOKU
Garikoitz Goikoetxea.
2018ko abenduaren 21a
10:07
Entzun

Aurrerabiderik gabe, kale itsuan sartua da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola erlijiosoetako lan gatazka. Sindikatuek eta Kristau Eskolak izan dituzte bilerak azken asteetan, baina ez da aurrerabiderik izan. Sindikatuek diote egindako proposamenetan ez dagoela aurrerapauso "nabarmenik"; Kristau Eskolak ohartarazi du ezin duela urrats askoz gehiago egin, eta Eusko Jaurlaritzari begira jarri da, finantzaketa handitu dezan.

Azaroko azken astean mobilizazioak gogortu zituzten sindikatuek, eta lau egunez egin zuten greba. Haien arabera, hiru langiletik bik egin zuten greba; Kristau Eskolaren arabera, hirutik batek. Ikastetxe horietan 9.000 langile inguru ari dira —Kristau Eskola da sare nagusia, baina IZEA elkarteko ikastetxeak ere tartean dira—, eta ia 120.000 ikasle dituzte. Grebak eragin handia dauka, hortaz.

Mobilizazioak gogortu egingo dituzte urtarrilean: aste eta erdiko greba, hilaren 16tik 25era. Elkar hartuta daude mahaiko bost sindikatuak: ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT. Asteazkenean izan zuten azken hartu-emana Kristau Eskolarekin, eta salatu dute ez daukala akordioa egiteko “borondaterik”.

Hauek dira sindikatuen eskari nagusiak: soldatak handitzea —diote %10 galdu dutela erosahalmena—; irakasleen lan zama txikitzea, ordu osagarriak erreserbatuta; haur hezitzaileen eta hezkuntza laguntzako espezialisten baldintzak hobetzea; eta langileen egonkortasuna bermatzea gelak ixten direnean. Azken puntu horri dagokionez, gogoan izatekoa da jaiotza tasaren beherakada nabaritzen hasi dela: ume gutxiago dago, eta ikastetxeetan sumatzen hasi dira jaitsiera.

Kristau Eskolak, berriz, ohartarazi du ez daukala proposamen hobeak egiteko tarterik. Mikel Ormazabal zuzendariak aitortua du "ulertzekoak" izan litezkeela langileen eskariak, baina ez dutela baliabiderik horiei erantzuteko. Areago, haren arabera, itunpeko sarea arriskuan dago gaur egungo egoerarekin. Jaurlaritzari begira jarri da, finantzaketa handiagoa eskatzeko: "Kontziente izan behar du zein den egoera". Ormazabalek gogorarazi du zerbitzu publikoa dela hezkuntza, eta haren bermatzailea dela Jaurlaritza. "Auzi honek ez die soilik patronalari eta sindikatuei eragiten".

Gobernuak erantzuna du sindikatuen eta Kristau Eskolaren arteko lan gatazka dela, eta Jaurlaritza ez dagoela inplikatua. Eskola erlijiosoetan gatazkan diren bitartean, ikastoletan akordioa egin dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.